astekaria 2020/01/17
arrowItzuli

iritzia

Askatasuna

Onintza Enbeita

Askatasuna Onintza Enbeita

Grazia egiten dit jendeak libre ote nagoen galdetzen didanean bikoterik dudan edo ez jakin nahi duenean. Grazia handia egiten dit. Izan ere, bikoteka funtzionatzen duen gizarte honen kontraesana horixe da: alde batetik, kosta egiten zaio norberak bere buruarekin zoriontsu izateko bidea duela onartzea, eta, bestetik, lotura handiak ikusten dizkio elkartuta bizitzeari. Orduan, jendeak galdetu egiten dizu ea libre edo ezkonduta zauden. Eta ezkondu egingo den jendeak despedidak egiten ditu mezu harrigarriz betetako kamiseta eta bandekin: «hemen doa gure laguna hiltegira»; «aprobetxa ezazue gaur, bihar ezingo du»... Beti pentsatu dut benetan hori pentsatzen duenak inozoa behar duela ezkontzeko. Orduan, oraindik eta grazia handiagoa egiten dit bikote heterosexual bateko gizonak esaten didanean emaztegaiak hala nahi duelako ezkonduko dela. Grazia terriblea egiten dit. Askatasuna ez baita bikoteak eman edo kendu diezagukeen gauza bat. Askatasuna norberarengan dago: libre zara besteek esaten dutenetik edo ez. Eta libre izateak prezio bat dauka. Batzuetan merezi du bidesaria ordaintzea eta besteetan ez. Eta bikotea izatea ere batzuetan merezi du eta besteetan ez; baina norbera libre bada, bikote eta guzti ere libre izaten jarraituko du bere erabakiak hartzeko.

BERRIAn argitaratua (2020/01/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA