astekaria 2020/01/17
arrowItzuli

bizigiro

BEGOñA KNORR

«Ametsa izango da agian, baina komertzio txikiarekin hiri argitsuagoa izango genuke»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

«Ametsa izango da agian, baina komertzio txikiarekin hiri argitsuagoa izango genuke»

Orain urtebete jaso zuen BegoƱa Knorr (Gasteiz, 1954) Gasteizko Jakintza liburu dendako jabeak kontratua amaitu egingo zitzaiola zehazten zuen burofax bat. Lokalaren kontratua urtebete atzeratzea lortu zuen, Kutxabank bankuarekin —lokalaren jabearekin— tratua egin ostean. Martxoan itxiko du liburu denda, 32 urteren ostean. Ohartarazi duenez, itxieraren ondorioz saltoki txiki bat gutxiago egongo da Gasteizen.

Martxoan itxi beharko duzu liburu denda; behartuta.

Jakina, kontratua etetea izan da hemendik irteteko seinalea. Kutxabank da lokalaren jabea, eta ez didate azalpenik eman. Kazetari batek ikertu zuen gaia; bankuak esan zion ohiko bidea dela. Beste ezer ez. Nik hizketakide bat eskatu nuen egoera konpontzeko, baina ez dut halakorik inoiz izan. Azkenean, lortu nuen bankuak beste urtebete ematea liburu denda husteko.

Izan ere, orain urtebete izan zenuen kontratu amaieraren berri.

2019ko urtarrilaren 2an, hain zuzen ere. Kontratua berriztu ez eta urte bereko martxoan lokala utzi beharko nuela jartzen zuen mezuan. Ez nuen ezer ulertzen; gaizki tratatuta sentitzen zara, zapalduta, gutxietsita eta aukerarik gabe. Halere, behin eta berriz esango dut ez naizela momentu batean ere bakarrik sentitu.

Orain erretiratu egingo zara, baina ez zeneukan asmorik.

Banuen ilusioa norbaitek negozioa hartzeko. Orain hartu diot erritmoa egunerokoari, baina egia da lan egin behar dela. Mahaiaren beste aldean egoteak, ordea, aukera ematen du truke intelektualerako. Asko ikas daiteke hemendik pasatzen den jendeari esker. Are, truke hori maitasun bihurtzen da. Gasteizen jaio nintzen, baina 16 urte nituela joan nintzen hemendik, eta 34 urterekin itzuli. Ez nuen inor ezagutzen; momentu honetan ditudan lagunak liburu dendari esker egindakoak dira.

Itzultzean erabaki zenuen liburu denda hartzea, 1988an; orain 32 urte. Ez da gutxi.

Frantzian bizi ginen, eta Gasteizera itzuli nintzen bi seme txikiekin batera. Lan egin behar nuen aurrera egin ahal izateko. Egun batean, liburu denda honetara etorri nintzen; ordu hartan jada Jakintza zuen izena. Rudyard Kiplingek idatzitako Horrelaxe liburua erosi nuen, eta, orduz geroztik, saiatu naiz dendan liburu hori izaten. Orduko jabeek esan zidaten negozioa uztekoak zirela, eta erabaki nuen nik hartzea. Ezer jakin gabe hasi nintzen lanean, eta zerbait ikasita noa.

Nolakoak izan ziren negozioaren lehen urteak?

Editorial nagusiek bidaltzen zituzten liburuak, baina nik ez nituen onartzen gehienak. Saiatzen nintzen liburuak aukeratzen nuen ezagutza urriarekin. Gogoratzen dut lehen egunean gizon bat sartu zela eta esan zidala erakusleiho berezi samarra nuela. Nik ez nekien berezia zen ala ez; soilik, nik aukeratutako liburuak zirela. Pixkanaka eta segurtasun falta handiarekin, baina lortu nuen aurrera egitea. Bezeroekin izandako harremanak ere lagundu zidan; haiengandik jasotako jakintzari esker ikasten nuen. Liburu denda mirari bat izan da.

Zer eskaintzen dio Jakintzak hiriari?

Ez daukat ideiarik ere, baina egun batetik bestera badirudi asko eskaini duela. Maitasun keinu ugari jaso ditut, eta gainezka egin dut zentzu askotan. Hunkigarria izan da. Halere, sentitzen dut nik lan bat bakarrik egin dudala. Ez besterik. Ez naiz ausartzen lan ona egin dudala esaten ere, azken batean liburu denda negozio konplexua baita. Baina ez dakit zer eskaini diedan herritarrei; aldiz, badakit zer eskaini didaten haiek.

Zeintzuk dira liburu dendan eduki ohi dituzun liburuak?

Gustatzen zaizkidanak eta jendeari gustatuko zaizkiola uste dudanak. Bezeroei galdetzen diet ea zergatik eskatzen didaten liburu bat edo beste, eta horrek kuriositatea pizten dit. Urte hauetan pila bat irakurri dut, eta liburuetako bakoitzak beste batera zaramatza. Gertatzen dena da liburuen aukera amaigabea dela, eta gutako bakoitza haren zati txiki batean gelditzen dela.

Zeintzuk dira zure liburu gustukoenak?

Idazle zentzudunak gustatzen zaizkit, zerbait sentiarazten eta erakusten dizutenak, edozer dela ere; horrek bide batean jartzen zaitu. Gustatuko litzaidake umorezko liburu zenbait edukitzea, baina zaila da. Uste dut nekeza dela algaraka gozatzeko liburuekin asmatzea. Entretenimenduko liburuak ere gustuko ditut, baina ez ditut aguantatzen tontakeriak kontatzen dituztenak. Uste dut asko entretenitu daitekeela liburu onekin.

Liburu horiek gomendatzen al dituzu?

Bizitza duten liburuak gomendatu ohi ditut; ezagutzen dugun bizitza egoki eta sakon kontatzen duten istorioak, benetako bizia oinarri dutenak. Gainera, oso normala naiz, ez naiz soilik Jainkotiar komedia irakurtzen dutenetako bat. Uste dut horrek aukera ematen duela jende gehiagorengana iristeko, eta hori da Jakintzako gomendio interesgarriak ulertzeko giltzarrietako bat.

Nolakoa da euskarak Jakintzan duen presentzia?

Hori izan da akats handienetako bat. Euskalduna da ama, baina txikitan ez genuen euskara ikasi. Ez dakit euskaraz. Urte hauetan zeren falta sumatu dudan galdetu izan didatenean, beti erantzun izan dut euskara izan dela. Sarritan diot liburu denda batean euskaraz ez jakitea liburu denda bat eduki eta analfabetoa izatearen parekoa dela. Informatzea izan da horren aukera; euskaraz irakurtzen zutenei galdetzen nien zer liburu gomendatzen zituzten. Eta euskarazko liburu bat gomendatzean, aurrez beti esan izan dut ez dakidala euskaraz eta irakurleek aholkatutakoak direla.

Euskarazko liburu asko eduki al dituzu?

Hizkuntzan nuen gabezia kontuan hartuta, uste dut euskarazko liburuen presentzia ona eta handia izan dela. Egia da gaztelerazko liburuak baino gutxiago saldu direla, baina hori agerikoa da.

Zein da bezeroen profila?

Nahasia da. Azkenaldian, gazteak etortzen hasi dira, 30 urte ingurukoak. Esango nuke belaunaldi aldaketarekin duela lotura. Gazte horiek ja ez dira gurasoekin etortzen, eta liburuen kontsumitzaile bilakatu dira beren kabuz. Etortzen da jende helduagoa ere.

Zeintzuk dira gehien saltzen diren liburuak?

Salmentak eta interesak asko aldatu dira. Literatura ona beti salduko da, eta, gero, modak daude. Gaur egun, naturarekin lotutako liburu pila bat saltzen dira. Motozerrenak esaten diet nik; landagunera joaten diren guztienak. Feminismoak ere indar handia du. Orain hogei urte, feminismoaren gaineko lauzpabost liburu nituen, ez baitzegoen besterik. Egun, liburutegi oso bat osatzeko adina dago. Berdin bidaia liburuekin ere: gorakada izugarria izan dute. Sakelako liburuak ere geroz eta hobeak dira.

Hitzaldiak ere antolatu dituzu idazleekin.

Azken hamar urteetan, pila bat. Estres puntu bat ere sortzen dute, sarritan hizlariak gustura egongo diren ala ez pentsatzen zabiltzalako, baina azkenaldian oso ondo pasatzen dut. Idazleetako askorekin dut harremana; esate baterako, Karlos Zurutuza kazetariarekin eta Bernardo Atxaga idazlearekin. Beste hainbat ere badira, eta haietako bakoitza dut gogoan.

Teknologiak ere aurrerapenak izan ditu. Igarri al duzu eraginik liburuen salmentan?

Badakit lehen baino liburu gutxiago saltzen dela, baina ez dakit teknologiengatik den. Niri neuri, adibidez, liburu elektronikoak ez zaizkit gustatzen. Bostehun liburu gailu batean izanda, ez nuke jakingo zer liburu izango nituzkeen; apaletan edukita, aldiz, ikus ditzaket. Halere, Interneteko salmentak badu eragina beherakadan.

Nola eragiten du denda txikietan salmenta mota horrek?

Interneteko salmentak badu eragina saltokiak ixtearekin, eta hori da nik dudan minik handienetako bat. Gainera, Internetek ez du eskaintzen dendek eman dezaketen tratu pertsonala. Interneten eraginaz gain, saltokiei geroz eta alokairu garestiagoak jartzen dizkiete, eramangarriak ez direnak. Baina negozio horiek behar-beharrezkoak dira. Imajinatu zein ederra litzatekeen multinazionalik gabeko eta ehun denda ezberdinez osatutako hiri bat, haietako bakoitza pertsona ezberdin batena izanik, bere ideia eta lan eredu ezberdin eta guzti.

Halere, Jakintza itxi ondoren denda txiki bat gutxiago egongo da Gasteizen.

Hala da. Denda txikiek aniztasuna dakarte, baita aukera ere. Haietako bakoitza eskualdatuz gero, herritarrek edukiko lukete aurrera egiteko aukera, halako leku eskuragarri eta neurriko batekin. Gazteek, batik bat, edukiko lukete lan bat izateko parada. Ametsa izango da agian, baina komertzio txikiarekin hiri argitsuagoa izango genuke.

Zergatik uste duzu ixten direla?

Arrazoi pila bat egon daitezke: batetik, negozioari eskaini beharreko denbora; bestetik, ez direlako iristen leku eta behar guztietara, eta batzuetan ez delako betetzen jendeak espero duena. Alokairuak ere ordaindu ezinezkoak dira.

Herritar guztien ardura al da egoera aldatzea?

Bai, noski. Niri egoera aldatzeko zer egin dezaketen galdetzen didatenean, beti erantzuten diet joateko etxe alboko arrandegira, harategira eta drogeriara. Garrantzitsua da jakitea nori erosten ari zaren, gogoan edukitzea dirua non eta zergatik uzten den. Orain, jendeak Amazonen erosten du prezioak merkeagoak izan ohi direlako, baina egoera aldatu egingo da Amazonek bere egiten duenean guztia eta prezioak igotzen dituenean. Momentu hori ederra izango da.

Zer egingo duzu hemendik aurrera?

Orain, dendan dudana merkealdian salduko dut, baina aurrez beste bi ekitaldi ere egingo ditut. Azken egunean, berriz, etorri nahi duen ororentzako festa bat egongo da. Liburu denda uztean, ea gai naizen liburuak ongi irakurtzeko; liburu saltzaileok geroz eta okerrago irakurtzen dugu, azkar eta presaka. Hasieran ez dut beste ezer egingo, baina gero gerokoak.

BERRIAn argitaratua (2020/01/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA