gizartea
«Erditzear nengoen, eta ez nekien zer ospitaletara joan behar nuen»
Maite Asensio Lozano
2018ko martxoan erditu zen Ballesteros bigarren haurraz. Garai hartan, Busturian (Bizkaia) bizi zen, eta Gurutzetako ospitalera joatea zegokion, baina han izan zuen lehen umea, eta ez zuen itzuli nahi. «Plazenta askatze batekin iritsi nintzen, oso larri, eta zesarea egin behar izan zidaten. Oso eskertuta nago bizia salbatu zigutelako, baina enpatiarik gabe tratatu ninduten. Ez zidaten ezer azaldu, ezta zesarea egingo zidatenik ere; esnatu nintzenean, ez zidaten esan non eta nola zegoen nire alaba. Hara itzultzeak izutu egiten ninduen». Bigarren haurdunaldian «berdin ez gertatzeko» helburuarekin, erditze plan bat osatu zuen, eta erditzeetarako protokoloei buruz galdetu zuen hainbat erietxetan. «Arrasateko ospitaletik soilik erantzun zidaten. Instalazio onak zituzten, eta hara joatea erabaki nuen».
Gerora, ordea, arazoak izan zituen erditze planarekin: osasun langileak uzkur agertu ziren Ballesterosek planteatutako puntu batzuekin. «Eskatu nuen zesarea eginez gero nire bikotekidea alboan egotea, legez ezarria dagoelako aukera hori; haiek zioten euren protokoloek ez zutela jasotzen, baina horrek esan nahi du protokoloak eguneratu egin behar dituztela, ez datozelako bat arauekin». Halere, onartu zuen hasieratik zainetarako hodi bat jartzea: «Ez nuen uste beharrezkoa zenik, baina ikusita arazo bihur zitekeela, amore eman nuen».
Haurdunaldiko 26. astean aurkeztu zuen erditze plana, eta 36. astean ere jardun zuen emaginekin hari buruz, baina 40. astean ginekologoarekin izandako kontsultan okertu zen auzia. «Esan zidan ez zegoela ados planarekin, batez ere hodiaren auziagatik. Haurdunaldia ondo zihoan, ez zegoen arazorik, baina fetuen eta amen heriotzaz mintzatu zen etengabe. Kontsultatik ateratzean, telefonoz deitu, eta esan zidan bilera kliniko batera deituko zuela nire kasuaz hitz egiteko».
Beste erietxe batera
Bilera hartan, osagileek ebatzi zuten Ballesterosen erditzea «arrisku handikoa» zela, eta, ondorioz, beste ospitale batean erditu behar zela, Arrasatekoak ez baitauka helduentzako zein haurrentzako ZIU zainketa intentsiboetako unitaterik. Medikuen arabera, andrearen aurreko haurdunaldiko arazoek eragin zuten arriskua, baina Ballesteros ez dago ados: «Plazenta askatzeak ez du kausa zehatzik, eta ez du zertan berriro gertatu hurrengo haurdunaldian. Halere, medikuek bazuten aurrekari horren berri; erditzea arriskutsutzat jo zezaketen 26. astean, eta ez 40.enean».
Haren ustez, erditze planarekiko desadostasunek eragin zuten erabakia: «Plana aurkezteak kontra jartzen dizkizu, ez alboan; nolabait ere, sentitzen dute auzitan jartzen duzula euren autoritatea. Emakume otzanak nahi dituzte, haiek esandakoa egingo dutenak; deserosoa nintzen eurentzat, eta beste zentro batera bidali ninduten. Nik erditze naturala izaten saiatu nahi nuen, hori besterik ez, eta tratu txarra eman zidaten. Hura indarkeria obstetrikoa izan zen. Esan zidaten: 'Nik daramat bata zuria, eta nik diodana egin beharko duzu; ez baduzu nahi, auzitara eramango zaitut'».
Izan ere, Ballesteros ez zenez bat etorri ospitalea aldatzearekin, erietxeak Bergarako epaitegira bidali zuen kasua. «Biharamunean joan behar nuen epaile aurrera, abokatuari deitzeko astirik gabe, eta erditzear nengoela. Haurdunaldi osoan ez nuen ibuprofeno bat ere hartu, eta egun haietan antsiolitikoak eman behar izan zizkidaten, antsietateagatik. Epaileari esan zioten nire umearen bizia arriskuan jarri nahi nuela; nola pentsa zezaketen hori?». Azkenean, ospitalea aldatzea erabaki zuen: «Epaileak esan zidan nahi nuen lekuan erditu nintekeela, baina nola joango nintzen Arrasatera? Mendarora joan nintzen». Tratu ona jaso zuen han, baina ez zuen erditze erraza izan: «Bost egun behar izan nituen. Guztiz blokeatuta nengoen. Erditzeko oso ondo prestatu nintzen, baina erditzea izorratu zidaten».
Berriro ez gertatzeko
Arartekoak arrazoi eman dio Ballesterosi: erditzea arrisku handikotzat izendatzeko unea ez zen «egokia» izan, «berandu» jakinarazi zioten andreari, eta horrek «oztopatu egin zuen salatzaileak eskubide batzuk gauzatzea». Erditze planen zilegitasuna ere babestu du Arartekoak: «Erditzeei lotutako osasun politikan azken urteetan eginiko aldaketetako bat da, arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko eta beharrezkoa ez den medikalizazioa saihesteko».
2015ean Osakidetzako erabiltzaileen eskubide eta betebeharrez onartutako dekretua ere gogora ekarri du Arartekoak: haurdunek eskubidea dute erditzean «parte hartze aktiboa izateko», «osasun zentroan erditzeari buruzko lehentasunen berri emateko» eta «errespetuz eta zuzentasunez tratatuak izateko giro seguru batean». Hala, Osakidetzari galdegin dio neurriak hartzea halakorik berriz ez gertatzeko. BERRIAk galdetu arren, Osasun Sailak ez du kasuaz ezer erantzun.
Ballesteros pozik dago Arartelpak emandako ebazpenarekin: «Pauso bat da erreparazioan». Baina beste zerbait falta zaio: «Ez dut kalte-ordainik nahi, baina bai ospitaleko norbaitek esan diezadala: 'Pasatu egin ginen'. Baina hori ez da inoiz gertatuko».