bizigiro
Begi berriak fosil zaharrentzat
Jakes Goikoetxea
Horretarako, beharrezkoak dira begi zoli batzuk, urteetan pilatutako ezagutza eta eskarmentua, eta zorte pixka bat. Asier Gomez Olivenciari gertatu zitzaion moduan. Ramon y Cajal ikertzailea da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean.
Txakur gorriaren (Cuon alpinus) fosilen bila ari zen, ikerketa proiektu batek eskatuta. Asian oraindik badaude, baina Europan aspaldi desagertu ziren.
Dimako Axlor aztarnategitik ateratako fosilen artean ari zen bilaka. Ez dira edozein fosil, Jose Migel Barandiaranek eta haren taldeak 1967 eta 1974 artean argitara ateratakoak baizik. Bilboko Arkeologia Museoan daude gaur egun.
Halako batean, hortz bat. Neanderthal ume baten esne hagin bat identifikatu zuen Gomezek, espeziea zehaztu gabe zuten Axlorreko fosilen poltsa batean. Duela 200.000 urtetik 40.000 urtera bizi izan ziren neanderthalak. «Izan ere, batzuetan espeziea jakin daiteke, baina beste batzuetan ez», azaldu du Gomezek. «Museoetan, espezieen arabera sailkatutako poltsak eta zehaztu gabekoak egoten dira». Barandiaranen taldeak hagina aurkitu eta aztertu zuen, baina ez zekien zer zen.
Aurkikuntza garrantzitsua zen, halako piezak ez baitira hain ohikoak, eta pieza berri gehiago aurkitzeko atea zabaldu baitzuen. Are gehiago jakinda Axlorreko aztarnategian topatutako hortzak ez zirela berriro ikertu 1973an argitara atera zituztenetik, eta bazirela, gainera, garai hartako identifikazioak zalantzak eragindako hortzak ere.
Nazioarteko ikerketa taldea
Nazioarteko ikerketa talde bat osatu zuten, atea zabaldu ahal izateko: Londresko University Collegek, Parisko Historia Naturaleko Museo Nazionalak, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko UCM-ISCIII zentro mistoak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak parte hartu zuten ikerketan. Taldea koordinatzen, Joseba Rios Espainiako Giza Eboluzioaren Zentroko ikerlaria eta Asier Gomez bera.
Taldean hainbat arlotako adituak zeuden: hortzen morfologian, OTA ordenagailu bidezko mikrotomografia axialean, eta hezurren hausturetan eta mozketetan adituak. Pieza guztiak aztertu zituzten mikro OTA bidez, kanpo morfologiaz gain, barrukoa eta sustraiak ere ikusteko. Teknika estatistikoak aplikatu zizkieten, ondo sailkatzeko. OTA bidezko irudiak programa espezializatuekin tratatu zituzten, piezen hiru dimentsioko irudiak osatzeko.
Gomezen senak eta talde lanak emaitzak eman zituen. Neanderthalen bi hortz gehiago aurkitu zituzten: heldu baten beheko ebakortz bat eta beste ume baten esne hortz bat. Baita garezur zati bat ere. «Euskal Herriko neanderthalen fosilen multzorik handiena da», Gomezen esanetan. Garezur zatiaren kasuan, Barandiaranek berak giza garezur baten zatia zela jaso zuen landa koadernoetan, baina gero -Gomezek ez daki zergatik-, ez zuten ez ikertu, ez argitaratu.
Lau pieza horiek neanderthalak kokatzen dituzte Axlorren. Ez dute informazio osagarria eskaintzen, ordea, haien bizimoduari edo portaerari buruz.
Aurkikuntza berriek hainbat galdera utzi dituzte erantzun gabe. Tartean, garezurrak. Marka batzuk ditu, «ziurrenik kobazuloko zoruan mugitzeagatik». Baina badu haustura mota bat, «tafonomian eta auzitegi medikuntzan freskoan ikusten dena».
Garezurraren haustura
Galdera litzateke ea zer gertatu zen garezurra horrela puskatzeko. Gomezek bi hipotesi aipatu ditu, inguruan ikusitako beste kasu batzuetan oinarrituta: «Bata, lurperatu egin zutela eta gero beste talderen batek edo animalia haragijaleek mugitu egin zutela; bestea, kanibalismoa gertatu zela. Neanderthaletan eta gizaki modernoetan topatu dugun portaera bat da, garai ezberdinetan». Oraingoz, hipotesiak dira.
Gomezek eta lankideek emaitza gehiago lortu zituzten Axlorko fosilak aztertuta: ebaketa markak zenbait hegaztiren eta animalia haragijaleren hezurretan. Aurkitutako lehen zantzuak dira pentsatzeko Kantauri aldeko neanderthalek ere hegaztiak eta animalia haragijaleak ehizatzen eta jaten zituztela. 2018an argitaratu zuten ikerketa hori.
Aurkikuntza berriak izan ziren taldearen emaitzetako bat. Barandiaranen taldeak aurkitutako bost hortzen sailkapena zuzentzea bestea. Barandiaranek-eta zehaztu zuten neanderthalenak zirela Axlorko aztarnategian aurkitutako hortzak. Bilboko Arkeologia Museoan urteak egin dituzte ikusgai, eta hala daude oraindik ere. Ikerketa taldeko adituek, baina, zalantzak zituzten. «Aztertu egin genituen, eta ez dago zalantzarik: ez dira neanderthalak», baieztatu du Gomezek. Homo sapiens-enak direla zehaztu dute.
Ikerlariei arraroa iruditzen zitzaien Homo sapiens-en hortzak topatzea neanderthalak bizi izandako maila estratigrafikoetan. Testuinguru horri buruz informazio gehiago jasotzeko, modu soil baina zuzen bat ere erabili zuten: Barandiaranen koadernoak berrikustea. Egin izan dira Ataungo (Gipuzkoa) arkeologoaren materialaren ikerketa berriak, baina haren koadernoak irakurri gabe.
Joseba Rios arkeologoak eta Asier Gomez paleontologoak Barandiaran fundaziora jo zuten. Barandiaranen ohar koadernoak eskatu zituzten, eta neanderthalen hortz horien oharren bila hasi ziren -hala egin zuten gainerako piezekin ere-. «Ea non eta nola aurkitu zituzten jakin nahi genuen», azaldu du Gomezek.
«Bi ezuste» izan zituzten. Alde batetik, «uste baino informazio gehiago dagoela oharretan». Bestetik, oharrean idatzitakoak. Honela zioen Barandiaranek bi hortzak aurkitutako lekuaz: «Lur ariƱean, aitzaren azpian eta bere ondoan».
Karbono-14 eta DNA
Hortzak lur arinean aurkitzeak harritu zituen Rios eta Gomez. «Kobazuloa ezagututa, leku horretan ez genuen halakorik espero; sedimentua trinkoagoa izango zela uste genuen», Gomezen arabera. Hortzen sailkapena auzitan jartzen zuten, beraz, bai adituen iritziak, bai testuinguru estratigrafikoa zalantzagarria izateak. «Ez zen Axlorreko beste zona batzuetako estratigrafia, zehatzagoa, finkatuagoa eta ukitu gabea». «Beraz», jarraitu du Gomezek, «bata eta bestea bat zetozenez, gu lasaiago geratu gara».
Zer garaitakoak diren zehaztu nahi dute orain. «Goi Paleolitokoak izango balira, oso garrantzitsuak izango lirateke, garai hartako gizakien fosil kopurua oso urria baita. Euskal Herrian hortz gutxi batzuk aurkitu izan dira».
Hortzak noizkoak diren jakiteko, probak egin nahi dizkiete: karbono-14 proba eta DNA azido desoxirribonukleikoa aztertzea, gaur egungo populazioekin aldeak dituzten ala ez jakiteko. Jada eskatu diote baimena Eusko Jaurlaritzari. Karbono-14 proba egiteko, aurrena jakin nahi dute -hortzak hondatu gabe-, ea kolagenorik duten. «Kolagenorik ez badute», aurreratu du Gomezek, «bertan behera utziko dugu, gaur egungo teknologiek ez baitute modua ematen datatzeko».
Hortz horiek neanderthalenak ez izateak ez du zalantzan jartzen Barandiaranen taldearen lana. Aldaketak normalak direla nabarmendu du Gomezek, teknologia eta ezagutza berriek zehaztasun gehiagoz aritzeko aukera eskaintzen baitute. Barandiaranen lana goraipatu nahi izan du: «Lehengo ikerkuntzak ikaragarriak ziren, oso talde txikiak baitziren, ia denetarik baitzekiten eta lan egiteko baldintzak kaskarrak baitziren. Gaur egun, taldeak arlo bakoitzeko espezialistekin osatzen dira. Baina haiek egindako lanik gabe, ez ginateke hemen egongo».