astekaria 2020/01/10
arrowItzuli

gizartea

Arnotegiko erraietan barrena

Gotzon Hermosilla

Arnotegiko erraietan barrena

Aurrera doaz Bilboko metropoliaren hegoaldeko saihesbidea osatzeko lanak. Hiru zatitan banatu dituzte, eta, orain, lehenengoan dihardute, buru-belarri, saihesbidea eta AP-68 autobidea lotzeko. Urte amaieran obretara egindako bisita batean Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Bizkaiko diputatu Imanol Pradalesek esan zuenez, Arnotegiko tuneletako obren herenak eginda daude, gutxi gorabehera, eta hilabete batzuk barru bukatuta egon daitezke. Espero dute konexioa 2023ko hasierarako abian egotea.

Hegoaldeko saihesbidearen lehen zatia egin zutenean egon zen haren kontrako mugimendurik, eta, orain, saihesbidea luzatu eta osatzeko lanei ekin dieten honetan, areagotu egin dira horren kontrako protestak. Batez ere, autobide berriak Bolintxu harana zeharkatzeak eragin du herritarren eta talde ekologisten kezka: Bilbo inguruko eremu natural garrantzitsua da Bolintxu, eta kontra azaldu direnek uste dute lanek kalte handiak sortuko dituztela inguru hartan.

2018ko azaroan, helegitea aurkeztu zuen Supersur Handitzeari Ez izeneko plataformak -Supersur izena erabili ohi da hegoaldeko saihesbidea izendatzeko-. Helegitean salatu zutenez, administrazioak egina du obrek ingurumenean izango duten eraginari buruzko azterketa, legeak agindu bezala, baina azterketa hori 2017ko irailaren 19an iraungi zen, eta administrazioak ez zuen hura luzatzeko eskaerarik egin. Hortaz, ekologistek argudiatu dute azterketa hura ez dagoela indarrean, eta beste bat egin beharko luketela eragin hori neurtzeko.

Epaileek goiz ala berandu ebatzi egingo dute auzi horren inguruan, baina ekologistek beste arrisku batez ohartarazi dute: epaia iritsi bitartean lanak gelditzen ez badituzte, litekeena da epaiak eragin praktikorik ez izatea. Izan ere, epaileek helegitea aintzat hartu eta ekologistei arrazoia ematen badie ere, amaituta egon daitezke lanak ordurako. Ez litzateke lehenengo aldia: abenduaren 4an egindako agerraldi batean, hainbat adibide eman zituzten plataformako kideek; guztietan Espainiako justiziak arrazoia eman zien ekologistei, baina lanak bukatu eta gero iritsi ziren epaiak. Horregatik, erabakia hartu bitartean, lanak gelditzeko eskatu du plataformak.

Bizkaiko Foru Aldundiak ez dio zuzenean plataformaren eskaerari erantzun, baina ez du ematen haren asmoetan sartzen denik lanak geldiaraztea. Dena emanda ari dira Arnotegi mendia zulatzen hango tunelak egiteko -astean 26 leherketa egitera iritsi dira tuneletan- eta aldez aurretik ezarritako epeak betetzen ari dira.

«Jasangarritasuna» xede

Lanek sortu dituzten erreakzioen jakitun, «jasangarritasuna» eta ingurumen arloan ezarritako arauak aintzat hartuta ari direla nabarmentzen du foru aldundiak. Azaroaren 22an egindako bisitaldi hartan, esaterako, obretan erabiltzen ari diren bi baliabideren berri eman zuten: hango teknikariek ekozubia deitzen dutena eta uren araztegia.

Munta horretako lanik gehienetan ohikoa izaten da zubiren bat eraiki behar izatea materialak garraiatzeko, obrak bukatutakoan eraitsi egiten dena normalean. Arnotegiko tunelen kanpoko aldean ere eraiki dute horrelako zubi bat, baina badu berezitasunik: mekano baten moduan, zenbait pieza elkarri egokituz sortutako egitura da, hormigoirik erabili gabe eraikitakoa. Beraz, lanak amaitzen direnean, 34 metroko zubia desmuntatu, eta beste obra batean erabil daiteke.

Beste abantaila bat ere nabarmendu zuten foru aldundiko arduradunek: ekozubia lanaz arduratzen den enpresak eraiki du -400.000 euro erabili dituzte horretarako; zubiari esker garraioan aurreztuko dutenarekin gastua berdintzea espero dute-, baina, lanak amaitu eta gero, aldundiaren eskuetara igaroko da.

Lurra zulatzean ur isuriak suertatzen dira, baina ur horiek lokazturik eta uhertuta egoten dira, eta ezin dira besterik gabe Bolintxu errekara bideratu. Ura garbitzeko, araztegia eraiki dute tuneletako sarreratik gertu, eta hortik pasatu ondoren Uraren agentziak ezarritako parametroak betetzen dituenean, obran bertan erabiltzen dute ur hori, igurztearen ondorioz berotutako zulagailuak freskatzeko.

Pradalesek azaldu du «berrikuntza, baliabideak berrerabiltzea eta ekonomia zirkularra» lehentasun direla Hegoaldeko saihesbidearen lanetan, eta ingurumenari kalterik ez egiteko legeak ezartzen dituen neurri guztiak hartzen ari direla. Azalpenok, baina, ez dituzte lanen kontrakoak asebete. Adibidez, ur araztegiari dagokionez, plataformako kideek uste dute «ezinezkoa» dela isuritako ur guztia araztegira bideratzea, leherketek detektatu gabeko akuiferoei eragin diezaieketelako eta euri jasa handiak suertatzen direnean ur lohia errekara iristeko arriskua handitzen delako.

2007an hasitako proiektua

2011ko irailean ireki zuten hegoaldeko saihesbidearen lehen zatia, lau urteko lanen ostean -2007ko maiatzean ekin zieten lanei-. Santurtzi eta Larraskitu lotu zituen lehen zati hark, eta eztabaida handia piztu zuen bere garaian: 17,8 kilometro luze da, eta 900 milioi euroko aurrekontua izan zuen, hots, ordura arte Euskal Herrian inoiz egindako errepiderik garestiena izan zen. Autobidea Barakaldoko Errekatxo auzotik igarotzeak -Barakaldoko berdegune nagusia da- protestak eragin zituen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, guztiz justifikatuta zegoen obra hori, Bilboko sarreretan eta bereziki A-8 autobidean egoten ziren trafiko arazoak saiheste aldera. Baina autobide berriaren irekitzea bat etorri zen krisi ekonomikoarekin, eta, horren ondorioz, trafikoa, bereziki garraio astunarena, nabarmen jaitsi zen urte haietan. Bestalde, bidesaria ordaindu behar da saihesbidea erabiltzeko, eta horrek ekarri zuen gidari askok erabakitzea A-8 autobidea erabiltzen jarraitzea, minutu gutxi batzuk aurrezteko ordaintzea merezi ez zuelakoan.

Bi faktore horien ondorioz, foru aldundiak egindako aurreikuspenak ez dira bete. Lehenengo urtean, 23.000 ibilgailuk errepidea erabiltzea espero zuen foru aldundiak, baina, 14.000 izan ziren; espero zenaren %61. Hurrengo urteetan, egoera ez zen asko hobetu, gainera.

Lehenengo fase hura amaituta, bigarrenari ekin diote orain. Bigarren fasea hiru zatitan banatuta dago: lehenengoa da orain egiten ari dena, eta PeƱaskal eta Bolintxu lotzea du helburu. Hori amaituta iritsiko dira beste biak: Bolintxuren eta Beteluriren arteko lotunea egitea, eta, azkenik, Seberetxe auzoan (Bilbo) 528 metroko beste tunel bat zulatzea.

BERRIAn argitaratua (2020/01/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA