astekaria 2020/01/10
arrowItzuli

politika

Datuak mintzo direnean

Enekoitz Esnaola

Datuak mintzo direnean

Bederatzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera jakinarazi zuela, eta oraindik 248 euskal preso daude kartzelan -beste hiru, etxean-; bederatzi euskal deportatu eta 33 iheslari ere badira. Espetxean dituztenen artean, egoera gogorrak daude. Mintzo dira datuak: 55 lagunek 20 urte baino gehiago daramatzate preso, bi lagunek 70 urtetik gorako adina daukate, hemeretzik gaixotasun larriak dituzte, 3 urtetik beherako haurrak kartzelan dituzten ama presoak bost dira...

Espainiako Estatuko kasuan, urrunketa eta gradu progresio eragozpena pairatzen dituzte ia guztiek. Bost preso baino ez daude euskal kartzeletan. Erietatik hiru baino ez daude euskal zentroetan, eta hemeretzietatik bakarra dago hirugarren graduan. Hamabost preso eriren izen-abizenak jakinak dira -Espainiako Estatuan Txus Martin, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Mikel Otegi, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Garikoitz Arruarte, Josetxo Arizkuren, Joseba Borde, Mikel Arrieta, Kepa Arronategi, Joseba Erostegi eta Lierni Armendariz, eta Frantziakoan Ibon Fernandez Iradi eta Gurutz Maiza-, eta beste laurek ez dute izena eman nahi. Josu Urrutikoetxeari, berriz, irailean prostata ebakuntza bat egin zioten.

70 urtetik gorako bi presoei dagokienez, Sebas Etxaniz Villabonako kartzelan (Asturias, Espainia) dago, bigarren graduan, eta 16 urte daramatza preso, eta Joseba Arregi Erostarbe Villabonara lekualdatuko dute, baina oraindik Villenan dago (Alacant, Herrialde Katalanak), lehen graduan -100.2 artikuluarekin; ezarpen malguagoa du-, eta duela 27 urtetik dago kartzelan. 3 urtetik beherako haurrak espetxean dituzten ama presoen artean, Idoia Mendizabal, Aitziber Coello, Maria Lizarraga eta Olatz Lasagabaster Picassenten (Valentzia, Herrialde Katalanak) daude, eta Beatriz Etxebarria Aranjuezen (Madril); lehen graduan, hiru daude -bat 100.2 artikuluarekin-, eta bigarren graduan, bi.

Kartzelan 20 urte baino gehiago daramatzaten 55 kideen artetik Espainiako Estatuan preso diren 52etatik zazpi baizik ez daude bigarren graduan, eta bat, hirugarrengoan. Bakarra dago euskal kartzela batean, eta urrunketaren datu argigarri bat da hamazazpi kide Andaluzian daudela, Euskal Herritik 720-1.050 kilometrora.

Espainiako Estatuan 211 euskal presoetatik %78 lehen graduan dauzkate. Frantziakoan, berriz, euskal ordezkaritzaren eta Justizia Ministerioaren arteko elkarrizketa mahaiari esker, 37 presoetatik %11 baino ez daude egun DPS estatus hertsian -lau kide-.

Presoen auziari aterabidea emateko aldarrikatzeko, bihar manifestazioak izango dira Bilbon -17:00, Casilla- eta Baionan -15:00, Lauga-, Sarek eta Bakegileek deituta, hurrenez hurren.

Sareren «itxaropena»

Sare herritar plataformak «itxaropena» agertu du Espainiako gobernu berriaren osaerarekin (PSOE-UP, inbestidura EAJk sostengatuta eta EH Bilduren abstentzioarekin), eta galdera bat egin die talde abertzaleei eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari: «Orain ez bada, noiz?». Gogoratu du PSE/PSN eta UP baitako indarrak bestelako espetxe politika baten alde azaldu direla, eta gehiengo instituzional, politiko eta sindikala dagoela eskakizun horren alde. «Elkarbizitzaren eta bakearen alde zein espetxe politika aldatzearen aldeko indarren batuketaren aurrean gaude», esan zuten Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko eledunek atzo, Bilbon. «Urteetako minari amaiera emateko ordua da. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe, aurrera egiteko ordua da».

Bilboko martxaren aurretik Emakumea, espetxea, gatazkak, elkarbizitza eta bakea ekitaldia antolatu du Sarek Bilbon, Silken hotelean, 15:30ean. Goizean mahai inguru bat egingo dute, Eskubideak eta askatasunak izenburupean (La Bolsa aretoa, 11:15): Antoni Bassas eta Pili Kaltzada kazetariak eta Javier Sadaba filosofoa mintzatuko dira.

Ipar Euskal Herrian, 60 hautetsik baino gehiagok sostengua agertu diote Baionako mobilizazioari: Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak, Bruno Carrere Uztaritzeko (Lapurdi) auzapezak... Frantziako Justizia baldintzapeko askatasuna eragozten ari dela salatu dute. «Bake prozesuaren oztopo izatea erabaki du. Blokeo jarrera horrek bake prozesuaren konponbiderako perspektibak hesten ditu. Baionako karriketan izanen gara, elkartua eta deliberatua den lurralde baten ahotsa berriro entzunarazteko».

Hainbat legelarik, Le Monde egunkariko iritzi artikulu batean, Jakes Esnal, Frederic Haranburu Xistor eta Jon Kepa Paroten kasuan «gizatasunez» jokatzeko eskatu diote Frantziako Justiziari.

BERRIAn argitaratua (2020/01/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA