bizigiro
Zoru zuriak baldintzatuta
Uxue Gutierrez Lorenzo
Hiru kirolen artean, akaso, oinarrizkoena alpinismoa da, termino hori gaizki erabiltzen den arren. Bada, alpinismoak jatorriz Alpeetako mendilerroan egindako igoerei egiten die erreferentzia, baina, gerora, goi mendiko edozein igoera izendatzeko erabilia izan da. Egun, orokortu egin da berba: mendiak baldintza meteorologiko gogorrenetan igotzen direnean baliatzen da; gailu espezifikoen bidez mendi elurtuan barrena ibiltzean datza teknika hori.
Izotz eskalada, mendiko eskia eta alpinismoa jarduera independenteak diren arren, alpinismoaren oinarriak ezagutzea beharrezkoa izaten da beste bi teknikak ikasi eta kontrolatzeko. Eremua guztiz bertikala bada eta izotz gogorrez osatuta badago — sarri ur jauzi izoztuak dira bideak—, izotz eskalada da aurrera egiteko teknika aproposena. Elurra bigun samarra eta ugaria denean eta bide zabalak daudenean, berriz, oinez aurrera egiteko modua ematen duten eskiak jantzita egiten du gora mendizaleak. Eski alpetarrean ez bezala, eskiak une oro jarrita eta indar mekanikoa baliatuta igotzen du aldapa kirolariak.
David Martinez kirolaria hiru tekniketan aritua da, eta gazte-gaztetan ekin zion elurretako kirolen munduan murgiltzeari. «Lanean hasi nintzenean piztu zitzaidan interesa, eta beste lankide batekin hasi nintzen mendira joaten». Santurtzikoa (Bizkaia) da Martinez, eta hamasei urte atzera hasi zuen bidea, Anboto eta Gorbeia mendiak igotzen. Gerora, bi lagunek gustua hartu zioten, eta erronka berriak probatzea erabaki zuten: Pirinioetako 3.000 metroko mendiak igotzen hasi ziren. Ibilian konturatu ziren, baina, menperatzen ez zituzten zenbait egoerari egin behar zietela aurre; bereziki, neguan. «Ohartu ginen bide malkartsuak zirela gure gogokoenak, eta alpinismoko bi ikastaro egin genituen, hastapenekoa eta hobekuntzakoa». Ikastaro haietan informazio mordoa jaso zutela dio Martinezek, batez ere material egokia hautatu eta hura nola erabili jakiteko. «Muturreko egoeretan nola jokatu ere azaltzen dizute». Praktikan jartzea izan da hurrengo urratsa. «Ikasteko, onena da zuk baino gehiago dakien jendearekin joatea; bidea seguruagoa egiten laguntzen du».
Oinarri sendoen premia
Luis Angel Rojo Gorri goi mendiko gidariak ondo daki zer den mendiko arrisku eta segurtasun neurrien berri ematea; horretan eman ditu azken 27 urteak. Egun, Gasteizko Basque Mountain Guides elkartean dihardu irakasle eta gidari. «Denetariko ikastaroak eskaintzen ditugu, oinarrizkoenetik hasi eta Andeetan edota Himalaian espedizio bat egiteraino». Mailarik apaleneko ikastaroen artean, oinarrizko alpinismoa eta orientazioa aipatu ditu Rojok; ezinbesteko baitira izotz eskaladan edo mendiko eskian sakontzeko. «Oinarrizko alpinismoan kranpoiak jartzen eta haiekin ibiltzen irakasten dugu, eta baita eroriz gero pioleta nola erabili ere».
Kranpoiak mendiko botei lotzen zaizkien egiturak dira, metalezko hortzak dituztenak, elurretan zapaldu ahal izateko. Pioleta, berriz, metalezko pikotx zorrotz bati lotutako makila bat da, eskuan hartuta igoeran laguntzen duena eta erorketak gelditzeko baliatzen dena. Ikastaro hori denaren hasiera dela uste du Rojok. 60 eta 150 euro arteko kostua dute hastapen ikastaroek. Taldeak bat eta sei pertsona artekoak izaten dira maila apalenetan, eta bi edo hiru pertsonakoak goi mailako ikastaroetan.
Sonia Casas bilbotarra ere goi mendiko gidaria da, eta, ziurtagiri ofiziala 2006an jaso zuen arren, 25 urtetik gora daramatza egunero mendian ibiltzen: «Dakidana transmititzen diet bezeroei; nire ezagutza zabaltzen dut: inguruaren eta norberaren ezagutza, apaltasuna eta zentzu komuna behar-beharrezkoak dira».
Jon Basterra donostiarrak, berriz, ikastarorik gabe ekin zion eskaladari, etxean ikusi eta ikasitakoaren ondorio gisa. «Gurasoengandik jaso nuen mendizaletasuna, eta materiala ere beti izan dut eskura etxean bertan». Tarte batez muzin egin zion eskalatzeari, baina gerora gogoz bueltatu zen; etxean materiala edukita, «errazago». Gurasoekin harri eskaladan trebatu zen arren, aitortu du izotz eskaladan aritu zen estreinako aldian zenbait akats egin zituela: «Izotza zulatzeko aitaren torloju zaharrak eta guk erositako berriak nahastu genituen; zaharrak zorroztu gabe zeuden, eta nahiko katastrofikoa izan zen». 18 urte zituen, eta Izasko bailaran (Aragoi, Espainia) izan zen gertakaria. Izan ere, indar fisiko gehiago erabiltzen da harri eskaladan, eta pioleten, soken eta kranpoien erabilera egokia premiazkoa da izotz gainean eskalatzeko. «Prozesu logikoa da harri eskalatzaile izanda izotzean eskalatu nahi izatea, baina gerora batean ona izateak ez dakar bestean ere ona izatea; teknika ezberdinak dira erabat».
Hotzak elurra eta izotza dakartza berarekin, eta horiek paisaia berriak eratzen dituzte mendiko zoru eta hormetan.«Elurra da batik bat goi mendiko kirolen bereizgarria, hotza, egun laburrak, haize zakarra eta tenperatura baxuak ez ezik», azaldu du Casasek. Horrela, ingurua gogortu ahala tresna espezifikoak behar izaten dira aurrera segitzeko. Elurraren eta izotzaren nolakotasunak material aldaketa dakar berekin. Basterrak sokak, mosketoiak eta izotza zulatzeko torlojuak eramaten ditu berekin horma bat eskalatzen duen guztietan: «Material propioa lortuz eta berrituz joan naiz, eta askotan lagunen artean partekatzen dugu». Pirinioetan eta Alpeetan izotz eskalada egiten ibiltzen da batik bat donostiarra, eta mendiko eskian behin bakarrik aritu da. Martinez eta Rojo bat datoz, ordea: mendi eskia da gustagarriena haientzat. «Oinez igotzen zara, baina eskiatzen jaisten zara bide berri batetik», esan du Martinezek. Tekniken arteko uztarketak egin zalea da santurtziarra. Mendiko eskiaren kasuan, eskiak eta bastoiak nahitaezko tramankuluak dira; ez edonolakoak, baina: «Foka azal izeneko larru berezi bat dute azpiko aldean, soilik goranzko norabidean joateko modua ematen duena; gainera, estuagoak eta arinagoak ere badira», azaldu du Martinezek.
Esperientziadunen lezioak
Kirolari guztiak bat datoz: okerrenak ez dira mendian topa daitezkeen arriskuak; mendizaleen arduragabekeria izaten da askotan istripu eta egoera latzenen eragile. «Garrantzitsua da gure lan psikologikoa, jendeak uler dezala apurka ikasi beharreko kirolak direla, konplexuak», zorrotz mintzatu da Rojo. Informazio jario handia egonda, igorleari erreparatu behar zaiola dio Martinezek: «Mendi gidariak dira tekniken inguruko informazio gaurkotua dutenak, bestela erraza da datu desegokiak jasotzea». Casasek arduraz jokatzearen garrantzia azpimarratu du: «Noraino hel zaitezkeen ohartzea atzera egitea bezain garrantzitsua da; elurra etengabeko eraldaketan dago, oso aldakorra da, eta arriskutsua da; erne egon beharra dago». Natura eremu kontrolaezina da, eta, teknikak menperatzeaz gain, nolabaiteko «meteorologo afizionatua» izatea ere lortu du Martinez mendiari esker, eguraldiak baldintzatzen baitu beti haren jarduna.
Elurretako mendi kirolak egiteko bi arrazoi nagusi azpimarratu dituzte kirolariek: paisaiak eta etengabeko trebakuntza. «Bizitza hurrengo erronkaren bila egituratzen da», dio Martinezek. Egunerokotik ihes egiteko era gisa du Basterrak: «Eskalatzen nagoenean gainerako guztia ahazten dut; horretan bakarrik nago». Rojok une jakin bat nabarmendu du: «Gailurrera iristean, mundua zabaltzen da zure begien aurrean; hori da gora ailegatzearen alderik ederrena».