iritzia
Magoen antidotoa
Blanca Urgell
Leihoaren alde honetan Arabako lautada dago, dena laino eta izotz. Iraganeko mamua baletor, Erregeak soilik erakutsi ahalko nizkizuke nire txikitako Gasteiz hartan. Aldiz, gure umeak ume zirenean, Olentzero zetorren lehen eta gero Magoak, zein bere egunean, Gasteizko etxe askotan gehienetan? bezalaxe. 1966an atera omen zuten begigorria pasieran lehenengoz hemen, baina uste dut haurrek eurek etxekotu dutela 80ko hamarkadatik hona, maiz nor zen eta zer zen ez zekiten gurasoen aurrera eskolatik ekarririk. Egoskorrenek ere, nola ezetz esan haiei?
Olentzero ez dugu aise idatziz topatuko, aurrenekoz Barandiaranek (1921) «Naparroako eta Gipuzkoako muga inguruetako errietan» aurkitu arte, baina Erregeek badute halako tradizio bat, kultura kristau ahalguztidunak hauspotua. Tradizio horretan beti mago deituak dira Haranburu lapurtarrak (1635) jaso zituenetik. Mago hitza indoeuroperazko *magh- 'boterea izan' formatik omen dator. Ahala edo indarra daukana da magoa, beraz, baina mago kristau haiek beste zerbaitegatik ziren ezagunak: «...gizon zuur, asko-yakiñak ziran, batez ere izar-gauzetan» (Iraizoz, 1934). Honegatik, Leizarragak (1571) Zuhurrak izena eman zien, eta magoak edo jakintsuak aukeran Ubillosek (1785). Hirugarren salbuespena Olabide (1931) da, azti itzuli baitzuen Bibliako euren pasarte bakarrean (Mt 2,1), mago-ren adiera bat-batean gaurkoturik. Izan ere, iruditu zait gaur egungo corpusetan eurak baino maizago agertzen dela Txan magoa.
Errege Magoak, Olentzero eta Txan magoa. Honatx maridaje ederra, betiere faxismoaren atarian dagoen garbizaletasun larregiaren aurkako antidotoa.