astekaria 2020/01/10
arrowItzuli

politika

Irauten jakin duen polizia

Edurne Begiristain

Irauten jakin duen polizia

Bi mende luzeko historia du, baina apenas den ezaguna. Ez bederen Arabatik kanpo. 225 urte bete berri ditu Miñoigoak, Arabako Foru Aldundiaren menpeko polizia taldeak. Euskal Herriko Polizia zaharrena da, eta inguruko herrialdeetako Poliziarik zaharrenetarikoa. Haatik, nahiko ezezaguna da.

Araban bakarrik lan egiten dute. Eta kopuruan gutxi dira. Horren ondorioz, haien egitekoa ez da oso begi bistakoa. Miñoiak polizia ezezagunak dira euskal herritar gehienentzat, baita arabar askorentzat ere. Haren historian murgilduz gero, erraz uler daiteke zergatik ez duen oihartzun handirik herritarren artean. Sorreratik bertatik gorabehera handiak izan ditu Miñoigoak, bai kideen kopuruan, bai baliabide eta eskumenetan. Urteen joan-etorrian etengabeak izan dira aldaketak polizia taldearen barruan, eta unean uneko egoera politikoak eskatuta moldatu behar izan du haren egitekoa. Gorka Martinez historialariak azaldu du: «Lurraldearen egoera politikoak ez ezik, diputazioaren baliabide ekonomikoek ere baldintzatu dute miñoien egoera, foru erakunde batentzat ez baita batere merkea indar armatu propio bat izatea».

Azken aldaketa garrantzitsuena 1992an izan zuen: EAEko Polizia Legearen ondorioz, Ertzaintzaren atal bat bilakatu ziren miñoiak. Gaur egun, 85 miñoi daude lanean; horietatik hamabi baino ez dira emakumeak. Miñoiak dira, baina izatez denak dira ertzainak. 2016an hartu zuen erretiroa benetako azken miñoiak, hau da, diputazioak ateratako oposizioen bidez miñoi egin zen azken poliziak. Harrezkero, miñoi izan nahi duen orok ertzain izan behar du.

Ertzaintzan integratu zirenetik, menpekotasun bikoitza dute miñoiek. Batetik, funtzionala, Arabako Foru Aldundiaren aginduz lan egiten dutelako, eta, bestetik, organikoa, Ertzaintzaren atal bat direlako. Egun, lau dira miñoien eginkizunak, legeak hala jasota: foru erakundeen, agintarien eta ondarearen segurtasuna bermatzea; errepideetako garraioa ikuskatzea; ingurumen arloan laguntza lanak egitea; eta larrialdi zerbitzuak eskaintzea, aldundiko Koordinazio Zentroaren baitan.

Kuadrilleroen lekukoa

«Arabako historiari eta ohiturei hertsiki lotutako Polizia da, eta lurraldearen idiosinkrasiarekin bat egiten du». Historiak erakutsi du Araban «guztiz errotutako» Polizia dela, Martinezen aburuz. Sortu, berez, 1793an sortu zen Polizia gisa, baina jatorria askoz lehenago dauka: 1200. urtean Arabako ermandadeetan eratu ziren kuadrilleroak miñoien aitzindaritzat jotzen dira. Erdi Arotik XVIII. mendera arte iraun zuten kuadrilleroek eta bi egiteko nagusi zituzten: gaizkileak harrapatzea eta Araban «ordena publikoa» zaintzea. «Tentsio handiko garaia zen hura, gizartean desberdintasun handiak zeuden, pobrezia eta marjinazioa nagusi ziren, eta herritarrek delinkuentziara jotzen zuten bizirik irauteko».

Delinkuentzia borrokatzea izan zen kuadrillero haien egiteko nagusia, eta, gerora, haien lekukoa hartu zuten miñoiek funtzio berberak betetzen hasi ziren. Miñoiak ere gerra garaian jaio ziren. Euskal Herrian ez zen giro XVIII. mendearen amaieran: Espainia eta Frantzia elkarren aurkako gerran murgildu ostean sortutako gatazka armatu askok giza hondamendia eta ekonomiaren gainbehera ekarri zituzten Euskal Herrira. Eta gerra hark ataka zailean harrapatu zuen Araba; herrialdeko ekonomia geldialdian zegoen, eta, krisiaren ondorioz, delituak ugaritu egin ziren, batez ere kontrabandoarekin eta bidelapurretarekin lotutakoak.

Horiek horrela, 1793ko azaroaren 23an Arabako Batzar Nagusiek dekretuz agindu zuten«gaizkileei» jazartzea, eta asmo horrekin eratu zen ermandadeko kuadrilleroen konpainia berri bat: Miñoiak deiturikoa. «Funtsean kuadrillero ezberdinen batasun antzeko bat izan zen, polizia talde txiki batzuen arteko elkarlana», azaldu du Martinezek.

Hasierako Miñoigoa 33 kidek osatu zuten, baina herrietako bizilagunen laguntzaz baliatzeko baimena ere bazuten, beharrezko ikusiz gero. Arabako foru Polizia izan zen sortzen lehenetarikoa, baina garai berean eratu zituzten beste lurralde batzuek beren indar armatu propioak ere: XVIII. eta XIX. mendeetan sortutakoak dira Bizkaiko miñoiak, Gipuzkoako eta Valentziako mikeleteak eta Kataluniako Mossos d'Esquadra, besteak beste.

Miñoien historia beti egon da lotuta aldaketetara eta gorabeheretara. Polizia gisa desagertu ere desagertu izan da une jakin batzuetan, baina, desagertu izan den moduan, berriro eratu izan da. Haatik, mikeleteen kasuan ez bezala, miñoiek gaur arte iraun dute. «Arabako Diputazioaren menpe egoteak bermatu egin die irautea», azaldu du Martinezek.

Izan ere, miñoiak sortu ziren unetik bertatik Espainiako Gobernua haien kontrola eskuratzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Aldundiak lan egin zuen Polizia bere menpe izateko, eta, haren etorkizuna bermatu ahal izateko, gero eta eskumen gehiago eman zizkion. Martinezek azaldu duenez, XIX. mendetik aurrera miñoiak gero eta eskumen gehiago lortuz joan ziren, eta ordena publikoa kontrolatzeaz harago, presoak espetxe batetik bestera aldatzeko lanak egiten hasi ziren, eraikinak zaintzen, bidezidorrak kontrolatzen, sekretupeko komunikazioak jakinarazten, iruzur fiskalari jazartzen,...

Polizia armatua izanik, hainbat gatazkatan ere parte hartu zuen, tartean, Kubako gerran eta karlistaldian. Gatazkez harago, bestelako zereginetan ere aritu dira miñoiak: esaterako, Garoñako zentraleko erreaktore nuklearraren eskolta lanak egin zituzten 1968an.

Miñoiak, otsoaren aurkako nekazarien protesta batean, 2011. Juanan Ruiz / Foku

Polizia Legea

Hainbat mugarri dira aipagarriak miñoien ibilbidean. Lehena, 1876an foruak abolitu zituztenekoa, miñoien kopurua izugarri gutxitu zelako eta desagertzeko zorian egon zirelako. Bestea, 1936ko gerran, haien egitekoak izugarri murriztu zirelako: eraikinak zaintzera, protokolo ofizialetan egotera eta Aurrezki Kutxa Probintzialaren sukurtsalak kudeatzera mugatu zen euren lana.

EAEko estatutuaren onarpenarekin etorri zen beste pauso garrantzitsu bat, 1979an. Ertzaintza eratu zen orduan, eta foru polizien berrezarpena ekarri zuen horrek, miñoien zerbitzua eraberrituz. Baina aldaketa nagusia 1992.urtean iritsi zen, EAEko Polizia Legea onartu zenean eta miñoiak Ertzaintzan integratu zirenean. Erabakia polemikoa izan zen oso, Arabako polizien nahiaren aurka hartu zelako. Miñoigoaren gehiengoak Arabako Diputazioko funtzionario izaten segitu nahi zuen, eta erabaki hura erasotzat hartu zuen. Miñoiek uste zuten Ertzaintzan sartzeak haien etorkizuna kolokan jarriko zuela. «Foru polizia gisa desagertzeko arriskua ikusi zuten, eta kezkatuta zeuden etorkizunarekin», Martinezek dioenez.

Kalera ere eraman zituzten protestak, eta hainbat alderdiren eta herritarren babesa jaso zuten. Unidad Alavesa alderdiak, esaterako, sinadura bilketa egin zuen miñoien alde: 24.000 sinadura bildu zituzten lurraldean. PPk harago jo zuen, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen auzia, EAEko Polizia Legearen zenbait artikuluren aurkako errekurtsoa aurkeztuta. Bi argudio nagusi erabili zituen PPk helegitea aurkezteko: alde batetik, Polizia Legearen artikuluek Espainiako Konstituzioaren eta EAEko Estatutuaren zenbait atal urratzen zituztela, eta besteak beste, «Arabako instituzio historiko gisa» miñoiei zegozkien funtzio tradizionalak murrizten zituela. Eta beste alde batetik, Poliziaren Legeak miñoien «jatorrizko edukia husten» zuela. Konstituzionalak, baina, ontzat jo zuen miñoiak Ertzaintzan sartzea eta ebatzi estatutuak ahalmena zuela EAEko foru poliziak bakar batean biltzeko.

Ertzaintzan integratzeak ekarri zuen, neurri handi batean, miñoien funtzioak ongi definitzea. Lege euskarria eman zion Poliziaren egitekoari. Besteak beste, bigarren mailako errepideen trafikoaren eta garraioen kontrolean Ertzaintzak eta Miñoigoak dituzten eskumenak ongi definitu zituen, bi polizien arteko koordinazioa bermatu zuen, eta horrekin batera, miñoiek lan egiteko beharrezkoak dituzten baliabideak eta formakuntza hobetu zituen.

2011ko maiatzean, miñoiek urrats berria egin zuten espezializaziorantz, eta Araban ingurumenaren aurka gertatzen diren delituen zaintza eta prebentzio lana egiten hasi ziren. Arrantza, ehiza, legez kanpoko zabortegiak, isuriak, animalia basati zein abereak, natur parkeak... Gai horien zaintzan espezializatu zen miñoi talde bat, eta ordutik esparru horietan lan egin dute.

Janzkeran ere aldaketak ekarri zituen Ertzaintzan sartzeak. 2017an aldatu zieten uniformea miñoiei, eta ordura arte erabiltzen zuten kaki edo marroixka kolorekoa betiko laga zuten, ertzainek erabiltzen dituzten urdin eta gorri koloreekin janzten hasteko. Foru armarria eta Miñoiak hitza ageri dira haien jantzietan, Ertzaintzatik bereizteko. «Orain zailagoa da ertzainak eta miñoiak bereiztea, baina hor daude, eta lan egiten jarraitzen dute», dio Martinezek.

Jada 225 urte dira, baina inor gutxik daki zenbat gehiago izango diren. Ibilbidea hain gorabeheratsua edukita, miñoien etorkizuna zein izango den aurreikustea ez da erraza. Joan den azaroan, urteurren ekitaldietan, Miñoigoaren etorkizuna bermatuta dagoela azpimarratu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Guri dagokigu datozen belaunaldietarako polizia erakunde hau arabarrak harro egoteko arrazoi izaten jarraitzen laguntzea». Martinezek ez du argi miñoiek geroa ziurtatua dutenik: «Egoera politikoaren eta ekonomikoaren araberakoa izango da. Argi dago irautea dela polizia talde honen ezaugarri nagusia».

BERRIAn argitaratua (2020/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA