astekaria 2016/02/19
arrowItzuli

mundua

FIRAT ANLI

«Tankez inguratua dago alde zaharra; ke beltza dario, eta bonben hotsak aditzen dira»

Kristina Berasain

«Tankez inguratua dago alde zaharra; ke beltza dario, eta bonben hotsak aditzen dira»

Diyarbakirko alde zaharrak 75 egun daramatza setiatuta. «Sur tankez eta militarrez inguratuta dago; ke beltza dario, eta etengabe aditzen dira bonba eta tiro hotsak». Turkiak abenduaren 2an ezarri zuen gau eta egunez indarrean dagoen etxeratze agindua Surren. «Kurdistanen inoiz izandako etxeratze agindurik luzeena da». BERRIAren galderei mezuz erantzun die Firat Anlik (Diyarbakir, 1971), agerian utziz zenbaterainokoa den jazarpena: «Hau gerra da. Benetako gerra». Anli abokatua da lanbidez, baina gaztetatik ezagutu ditu konpromiso politikoaren ondorioak: «Hirutan kartzelatu naute; aurreneko aldian, 23 urterekin, eta azkenekoan lau urte pasatu nituen giltzapetuta». 2014tik da alkatea. Baita Udal Demokratikoen Batasuneko bozeramailea ere —HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren eskuetan dauden 108 udalerriak batzen ditu erakundeak—.

Gultan Kisanakekin partekatzen du alkatetza. «Emakumeak aske ez badira herriak ezin direla askeak izan uste du mugimendu kurduak, horregatik daude erakunde guztietan gizon bat eta emakume bat». Kisanak eta Anlik botoen %55,3 jaso zituzten kurduek hiriburutzat daukaten hirian; Diyarbakir Ipar Kurdistango hiri handiena da —930.000 biztanle—, eta sinbolismoz beteta dago: «Amed izenarekin ezagutzen dugu hiria kurduok. Mesopotamiako bihotza da, eta ehunka urtez zibilizazio askoren hiriburua izan da».

Zein da egoera Diyarbakirren?

Sur auzoan, egoera izugarria da; alde zaharra da, eta erabat hondatuta dago. Unescok iazko uztailean kultur ondare izendatutako bi leku daude: harresiak eta Hevsel lorategiak. Legeak babestutako 1.500 eraikinetik gora daude parte zaharrean, batzuk 500 urtetakoak, besteak mendeak dituztenak; Mariaren eliza, esaterako. Denak daude kaltetuta.

Eta zein da zibilen egoera?

Alde zaharrean 90eko hamarkadako gerran beste herri batzuetatik alde egin behar izan zuten kurduak bizi dira, eta orain, berriz ere, alde egitera behartuta ikusi dute beren burua; Surren 70.000 lagun bizi dira, eta horietatik 50.000k alde egin dutela kalkulatzen dugu. Erabat setiatuta dago, eta egunero iristen zaizkigu hildako eta zaurituen berri, horietako asko umeak, emakumeak eta zibilak. Bertan dauden denda ugari ere suntsituta daude, eta beste asko, itxita; 10.000 lagun geratu dira lanik gabe.

Borrokak al daude?

Hala da. Estatuaren indarkeria ankerrenaren lekuko izaten ari gara, baita erresistentzia irmo baten lekuko ere; herritarrak egunero ateratzen dira kalera protesta egitera eta manifestatzera, eta talde txikiak elkartzen direnean ere, polizia indarrek negar gasarekin, ur kanoiekin eta balekin erantzuten dute. Ezinezkoa da eguneroko bizimodua egitea, errutina bera ezinezkoa da, eta egoera honetan ezin ditugu udal zerbitzu egokiak eskaini. Estatuko egituren aldetik ez dugu erantzunik jasotzen; esaten diguten gauza bakarra da gobernutik datorrela erabakia, eta obeditu beste ezer ezin dutela egin. Ez dakigu zenbat luzatuko den egoera hau, baina hiri honek inoiz izan duen suntsipen handienaren aurrean gaude.

Ipar Kurdistanen 58 aldiz ezarri dute etxeratze agindua abuztutik zazpi hiritako hemeretzi barrutitan. Milioi bat laguni eragiten die etxeratze aginduak, eta 220 zibiletik gora hil dituztela diote iturri kurduek. Zein da egoera oro har?

Diyarbakirren orotara hamazazpi auzo daude, eta horietako 11tan ezarri dute etxeratze agindua hainbat aldiz azken bost hilabeteotan. Ipar Kurdistango zazpi eskualdetako hirietan ezarri dituzte etxeratze aginduak. Hau gerra da. Benetako gerra. Eskola asko hustu dituzte, irakasleak etxera bidali dituzte, eta armada ari da orain eskolak erabiltzen. Osasun Ministerioak ohar bat bidali du ospitaletara, esanez hilotzetarako poltsa nahikoa prest izateko. Badirudi datorrena ankerragoa izango dela, orain artekoa nahiko anker izan ez balitz bezala.

Askok 90eko hamarkadan bizi izandako urte beltzekin parekatzen dute egoera...

Gerra latz hartan hiru milioi lagunek utzi behar izan zituzten beren etxeak, herriak eta lurrak. Migrazio horrek eragin handia izan du alor sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean. Desplazatu behar izan zuten pertsona horiek oso baldintza gogorretan bizi izan dira, eta orain antzeko egoera batean gaude. Azken hilabete hauetan 300.000 kurduk utzi behar izan dituzte euren etxeak; setioak eta etxeratze aginduek 1.500.000 laguni eragiten die. Gutako asko daude gaur egun etxerik gabe edo senideren baten etxean bizitzen. Udala ahalegin handia egiten ari da laguntzeko, baina egoera oso serioa da, eta estatuko indarrek bere gain hartu dituzte udal eraikin asko. Konfiskatu egin dituzte.

Kultur ondareak ere kalte handiak jasan dituela salatu duzue...

Gerrak suntsipena dakar. Zentzu guztietan. Gure jendea hiltzen ari dira, etxeak erretzen ari dira, dena ari dira txikitzen. Eta, bai. Eskualdeko leku historiko guztiak daude kaltetuta. Kurshunlu meskita, esaterako, hondatuta dago, tiroen jomuga izan baita. Pasha Hamami bainuetxe historikoak ere kalte handiak jasan ditu. Baita Lau Hankako Minareteak ere. Hortxe parean hil zuten Tahir Elci.

Haren irudia daukazu jarrita zure Twiterrean. Iragan azaroaren 28an hil zuten giza eskubideetako ekintzailea, hain zuzen, kultur ondarearen defentsa egiten ari zela...

Prentsa agiri bat irakurtzen ari zela hil zuten. Lege gizona zen Tahir Elci. Bizi osoa eman du kurduen giza eskubideen aldeko borrokan. Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen kurduen kontrako urraketak salatzera, hilketa masiboak salatzera. Kurduen independentzia borrokan ere erreferentziazko izena zen. Telebista kate nazional batean PKK ez zela erakunde terrorista bat esan zuenean hasi zen haren kontrako lintxamendua. Atxilotu egin zuten, eta erakunde terrorista baten propaganda egiteaz akusatu; atzerrira bidaiatzeko debekua ere ezarri zioten. Surko leku historikoak jasaten ari diren kalteak salatzeko prentsaurrekoa egiten ari zela hil zuten, liskar bat tartean zela, nahiz eta filmatutako irudiek erakusten duten soilik poliziak ari zirela armak erabiltzen. Kurdistango historian, luzea da auzi kurduaren alde lan itzela egin eta estatuak hildako pertsona aparten zerrenda. Tahir Elciren hilketa seinale bat izan zen, borrokak luze joko zuela esateko. Eta hala da. Haren heriotza mugarri bat izan zen. Hala iruditzen zait niri.

Ipar Kurdistanen kontrako azken erasoaldia udaran hasi zen. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, hain zuzen, ekaineko bozetan gehiengo absolutua galdu ostean.

Momentuko abaguneen arabera jokatzen du Erdoganek. Behin baino gehiagotan adierazi du auzi kurdua aitortzen duela eta prest dagoela arazoa konpontzeko. Baina Erdoganen buruan dagoen irtenbidea eta kurduon buruan dagoena ez da berbera. Erdoganek ez ditu kurduak subjektu politiko gisa aintzat hartzen, gure lurraldearen etorkizunaz eta antolaketa ereduez iritzia emateko prest gauden subjektu politiko gisa. Ekaineko hauteskundeetan sistema presidentziala ezarri ahal izateko aukera galdu zuen Erdoganek. Eta horrek azaltzen du gerora etorriko zena. Hor egon zen gerra honen abiapuntua. Erdoganen praktikak ulertzeko emaitzei erreparatu behar zaie.

Parlamentuan ordezkaritza lortzeko %10eko langa gainditu zuen HDPk. Bai ekainean eta bai azaroko bozetan. Egun 59 eserleku dituzue 550eko parlamentuan. Hala ere, etengabea da zuen kontrako jazarpena, ezta?

HDP ahultzeko asmoa dauka Erdoganek. Zalantzarik gabe. Kanpaina hau hasi zenetik 19 alkate atxilotu dituzte, beste 25 alkate kargutik kendu dituzte, eta zazpi alkate ikertzen ari dira. Guztiak HDPkoak. Autonomiaren eredua garatzen ari gara udalerri hauetan guztietan, eta eredu hori da ezereztu nahi dutena. Abddulah Ocalanek garatutako eredu honek udal administrazioen autonomia du oinarri, autogobernu moduko bat, gerra eta independentziaren dilema horretatik harago irtenbide baketsu bat proposatzen duena. Euskal eredua, alde horretatik, erreferentziazkoa da guretzat. Hezkuntza eta osasunaren alorreko hainbat zerbitzu publiko bereganatzea dakar eredu honek. Eta Europako Udal Autogobernuen Itunak jada aurreikusten duen eredua da, eta paradoxikoki itun hori sinatuta dauka Turkiak. Erdoganek, hala ere, traidoretzat eta kriminaltzat jotzen ditu publikoki eredu hau sustatu edo babesten dutenak. Ezein herrialde demokratikotan espero ezin zitekeen jarrera da.

Europako Batasunak Turkiari hiru milioi euro agindu dizkio errefuxiatuen auziari aurre egiteko. Zer iritzi duzu?

Mugak zainduko dituen txakur zaintzaile bat nahi du Europak. Eta horretarako ematen dio dirutza. Trukean, Turkiak isiltasuna eskatzen du, ez dezala ezer esan kurduen kontrako legez kanpoko praktika hauen inguruan. Espero dezagun nazioarteko komunitatea giza eskubideen urraketa larri hauen inguruan ez ikusiarena egiten ez jarraitzea, axolagabetasunez jokatzen ez jarraitzea, orain arte bezala. Behingoz ozen mintzatzea espero dugu. Nazioarteko laguntza premiazkoa da.

Nazioartearen isiltasuna komunikabide handienarekin parekatu daiteke.

Hala da. Eta ez soilik nazioartean. Turkian erabatekoa da isiltasuna. Turkiako iritzi publikoa bera isilik dago, eta komunikabideak gobernuaren kontrolpean daude erabat, gerra propaganda egiten dute. Nazioarteak edo ez daki zer ari den gertatzen edo baldin badaki jakingo ez balu bezala ari da. Estatu Islamikoak Sirian eta Iraken egiten dituen sarraskien aurrean ozen mintzatzen da, baita kultur ondarea suntsitzen dutenean ere. Unescoren munduko ondarearen zerrendan gaude, eta inork ez du ezer esan gure ondarea pairatzen ari den hondamendiaren aurrean. Gurekin ere beste estatuetako sarraskien aurrean erakusten duten sentiberatasun bera izatea espero dugu.

Siria aipatu duzu. Errefuxiatu asko iristen ari dira Ipar Kurdistanera. Zein da iheslari horien egoera?

Ez soilik Siriatik. Iraketik ere errefuxiatu ugari iristen ari dira. Eta Siriatik edo Iraketik izan, gure eskualdean egun dauden errefuxiatu gehienak kurduak dira. Yezidi ugari ere daude, YPG Herriaren Babeserako Unitateek Estatu Islamikotik askatutakoak. Etnikoki kurduak dira, eta beste 300.000 errefuxiatuekin batera babestu dira gure eskualdean. Rojavako errefuxiatu ugari jada beren etxeetara itzuli dira, beren lurrak askatu ahala itzuli ziren. Guk errefuxiatu guneak prestatu ditugu, eta hor hartzen dute aterpe. Eskualdean bost errefuxiatu gune daude; handiena, Diyarbakirren. Kurduok, bai herritarrak eta bai erakundeak, oso azkar erantzun genion iheslariak laguntzeko; baliabide mota guztiak jarri genituen haien eskura. Eta trukean, zoritzarrez, ez dugu inongo finantzaketarik edo babes logistikorik jaso estatuaren aldetik; ez Turkiatik, ez Europako Batasunetik, eta ez Nazio Batuen Erakundetik. Udal erakunde publikoen eta gobernuz kanpoko erakundeena izan da ekarpen guztia.

Estatu Islamikoak Turkiaren nolabaiteko babesa duela salatu dute hainbat eragilek eta informazio iturrik; tartean, baita kurduek ere. Ba al duzu horren inguruko probarik?

Agerikoa da Estatu Islamikoaren diru iturri nagusia petrolioa dela, eta ez da kontu sekretu bat nondik esportatzen eta saltzen duten. Hainbat erakundek eman dituzte probak, baita kazetariek ere, eta kartzelan sartu dituzte. Estatuak etekinak nahi ditu, eta ez dio axola horretarako talde anker batekin kolaboratzea. Espero dugu berandu baino lehen egia azaleratzea, proba horiek argitaratzea eta erantzuleak epaituak izatea. Guk, bitartean, gure borrokarekin jarraitu dugu, basakerien kontra, gure hizkuntza eta kultura babesten eta sustatzen, genero ikuspuntua aintzat hartuta; Ekialde Hurbila askea izatea nahi dugu, bere baitan demokrazian eta bakean bizi diren herriak hartuko dituena, eta kurduok gure ekarpena egin nahi dugu.

BERRIAn argitaratua (2016/02/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA