astekaria 2020/01/10
arrowItzuli

ekonomia

Trantsizio ekologikoaren bideak bidezkoa izan behar du

Irune Lasa

Trantsizio ekologikoaren bideak bidezkoa izan behar du

COP26 gakoa izango da, mugarria. Munduak egiaz deskarbonizazioaren bidea hartzen duen ala ez aurtengo azaroan ikusiko da, Glasgown (Eskozia) egingo den bilkuran. Herrialdeek, teorian, orduan aurkeztu behar dituzte Parisko Hitzarmena betetzeko atondu dituzten luzerako planak, dagozkien emisio murrizketekin. Horrek esan nahi du neurri handian orain ari direla erakundeak eta gobernuak klima larrialdiari aurre egiteko lege, muga, zerga, laguntza eta tresna guztien diseinua egiten; orain ari direla hartu beharreko bidea erabakitzen. Eta garaia erabakigarria da itzelezko trantsizio hori bidezkoa izango den ala ez deliberatzeko ere.

Hasteko, dirutza beharko da deskarbonizaziorako, eta ez dago oso argi nondik aterako den. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, energiaren alorrean gutxienez 65 bilioi euro -bai, bilioi, hamabi zerorekin- inbertitu beharko dira datozen hogei urteetan, NBE Nazio Batuen Erakundean adostutako helburuak beteko badira.

Energia sektorearen garrantzia berebizikoa da deskarbonizazioan, alde handiz delako klima aldaketa eragin duten emisioen igorlerik handiena. Hori bai, nahiz eta egin beharreko guztiaren neurria sekulakoa izan, energiaren alorrean behintzat, irtenbide teknikoak jada ezagunak dira. Deskarbonizatzeko zailagoak izango dira beste hainbat sektore: etxebizitzak eta eraikuntzak; altzairugintza, zementugintza eta beste industria astunak; abiazioa; eta merkantzien garraioa.

Egiazko kostua

Ekonomia eta ekologia bateratu behar dira. Baina nola mugitu ekonomia guztia norabide egokirantz modu eraginkorrenean? Zuzenena eta sinpleena: emisioen kostu ekologikoa barneratzea erregai fosilen eta beste ondasunen prezioan. Orain arte halakorik egin ez delako dira horren «merkeak» erregai fosilak, kostu hori aintzat hartu ez delako.

Baina orain, besterik gabe hori egingo balitz, kostu ekologikoa prezioan sartu, ziurrenez, kolpea handiegia litzateke sektore eta herritar gehienentzat. Badira beste modu batzuk ere kostu hori barneratuz joateko: isur daitekeen karbono dioxidoari muga ezartzea -emisio eskubide kopuru itxi baten bidez-, edo emisioak zerga bidez zamatuz joatea pixkanaka. Bi horietan ere, ondorioa/helburua bera da: emisioak garestitzea, haiek murrizteko. Bi bide horietatik, orain arte egin ez dena egiten da: azkenean prezio bat eman karbono isuriei.

Baina, kostu ekologikoaz gain, trantsizio ekologikoak beste kostu batzuk ere aintzat hartu beharko ditu. Zergek, tasek eta emisio mugek oso eragin desberdina izan dezaketelako norbanakoen bizitzetan; are gehiago desberdintasun sozial handiko gizarteetan.

Agerikoa da: diru sarrera txikiko familiek euren errentaren zati handiagoa gastatzen dute berogailuetan, argindarrean eta garraioan. Ildo beretik, hiriguneetako biztanle aberatsagoentzat errazagoa izango da garraio publiko garbia erabiliz karbono gutxiago isurtzea, landa eremuko klase ertaineko biztanleentzat baino, eta maiz errazagoa eta merkeagoa dute etxe eta berokuntza sistema eraginkorrak izatea. Langile klasearen ogibideak ere normalean intentsiboagoak dira isurietan; hots, fabriketako beharginentzat eta kamioi gidarientzat trantsizioa gogorragoa izan daiteke, finantzetako langileentzat eta bulegoetan dabiltzan funtzionarioentzat baino.

Ingurumen zergak

Kontuan izan behar da, gainera, beste neurri batzuk ez bezala, ingurumenari lotutakoak oso ikusgarriak direla zergadunentzat; nolabait ukigarriagoak dira. Hala, ingurumen zergak, bere horretan, erregresiboak izan daitezke herritar ahulenentzat; edo, helbururik zintzoenekoak eta bidezkoenak izanda ere, zigor bidegabe gisa ulertuak izan. Eta bidegabeak diren edo bidegabetzat ulertutako ingurumen politikek erantzuna pizten badute, oztopo izugarria izan daiteke deskarbonizazioaren kontrako borrokarako.

Ez da ikusmen berezirik behar ingurumen zerga batek eragindako erregai garestiagoek -garraio eta berokuntza karuagoek- gizartean piztu dezaketen erantzunaz jabetzeko. Eta ez da oso atzera egin behar denboran horren adibideak ikusteko. Jaka Horiak hor daude; Txilen, berriz, Santiagoko metroa garestitzea izan da protesta oldea eragin duen txinparta; eta Irango azken protesten iturburuan erregaien garestitzea dago.

Halako haserre gero eta gehiago ikusteko aukera ez da gutxiestekoa. Joan den azaroaren amaieran, eraikuntzako garraiolariek protestak egin zituzten Frantzian, Gobernuak %10eko hobaria kendu nahi diolako errepidez kanpoko gasolioari. «Ez gaude trantsizio ekologikoaren kontra. Baina, guztientzat da, edo inorentzat ez!», zioten protesta egileek, Bretainian.

Erregaiek jasotzen dituzten subsidioak eta zerga hobariak kentzeak ere trantsizioaren kontrako erantzuna piztu dezakete, eta hori ondo asko dakite gobernuek. Joan den maiatzean, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko presidenteak gordin azaldu zuen subsidioen arazoa: «Zergadunen dirua -gure dirua- erabiltzen ari gara urakanak handitzeko, lehorteak hedatzeko, glaziarrak urtzeko, koralak zuritzeko. Hitz batean, mundua hondatzeko». Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, 2017. urtean munduan 279.000 milioi dolar joan ziren erregai fosilen kontsumorako subsidioetara.

Dirua itzultzea

Baina nola eragotzi edo mugatu balizko subsidioen desagerpenaren eta ingurumen zergen erregresibotasuna? Hainbat proposamen egin dira azkenaldian horren inguruan. AEBetan Climate Leadership Councilek babes handia lortu du bere ideiarentzat -besteak beste, zenbait energia konpainia handienena, 27 Nobel saridunena eta WWFrena-. Think tank horrek proposatu du karbono isuriak zergapetzea, eta zerga horien bidez bildutako guztia itzultzea herritarrei. Haien kalkuluen arabera, karbono isurien tona 40 euroan zergapetuta bildutakoarekin, familia estatubatuarren %70ek 2.000 dolar gehiago lituzkete urtean, eta, neurria 2021ean abiatuz gero, 2025. urterako berotegi gasen isuriak %32 murriztuko lirateke AEBetan, Parisko Hitzarmena aise betez.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak urrian esan zuen munduak karbono dioxidoaren zergapetze masiboa behar duela klima aldaketaren kontra egiteko. NDFren kalkuluen arabera, CO2 tonak 75 dolarreko (68 euro) balioa hartu beharko luke, berotze globala bi gradura mugatu nahi bada. Kopuru horrekin, AEBetan isuriak %30 murriztuko lirateke, baina argindarra %53 eta gasolina %20 garestitzearen kontura. Funtsak gaineratu zuen AEBetako BPGaren %1 bilduko litzatekeela dirutan, eta kopuru hori zuzenean herritarrengana itzuli beharko litzatekeela, «politika fiskal progresiboekin».

Europaren aukerak

Europako Batasunean, antzeko proposamen bat daukan herritarren ekinaldi bat dago, zeina sina daitekeen citizensclimateinitiative.eu helbidean. Maiatzean aurkeztu zuten, eta, urtebetean milioi bat sinadura lortuz gero, EBk aintzat hartu eta aztertu egin beharko luke. Pixkanaka handituz joango litzatekeen erregai fosilen gaineko zerga bat proposatzen dute, emisioak garestitzeko xedez, eta bildutako dirua hilero itzultzea herritarrei. Dibidendu horrekin, proposamen aurkezleen arabera, zerga sistema neutro mantenduko litzateke, zerga presio orokorra ez litzateke handituko, eta bide emango luke gizartearen zatirik ahulena babesteko. Horrekin, klima larrialdiaren kontrako borrokak sostengu publikoa izango luke.

Aukera hori Espainian ezartzeak izango lukeen eragina aztertu berri du ikerketa batek, zeinak tartean dituen BC3 Basque Climate Research zentroko bi ikertzaile -Xaquin Garcia-Muros eta Mikel Egino-. Azterketaren arabera, Espainiaren kasuan, garraiorako erregaien zergapetzeak inpaktu handiagoa dauka erdiko errentetan eta errenta handietan, errenta txikiko herritarrek gehiago erabiltzen dutelako garraio publikoa. Erregai horien gaineko zerga berde bat, beraz, ez litzateke horren erregresiboa. Aldiz, berogailuetarako erregaiarekin eta argindarrarekin alderantzizkoa gertatzen da: errenta txikiko familien gastuaren zati handiagoa hartzen dute, eta hor zerga erregresiboagoa litzateke.

Bi ikertzaileen arabera, klima larrialdiaren kontrako borrokan, zerga berdeak beharrezkoak izango dira isuriak murrizteko, baina haiekin bildutako dirua nola erabiltzen den da gakoa, eta, diseinu egokiarekin, zerga erreforma berdea progresiboa eta inklusiboa izan daiteke. CO2 isuri tonari 40 euroko prezioa jarriko liokeen zerga erreforma batekin, ikerketaren arabera, urtean 7.300 milioi euro bilduko lirateke Espainian, eta, diru hori guztia itzulita, 400 euro lirateke familiako; gehiago edo gutxiago jasotzaileen errenta aintzat hartuko balitz.

Muga zergak?

Hala ere, zer gertatzen da karbono isuri garestiagoei eutsi behar dieten ekonomiak halako betebeharrik hartu ez duten herrialdeekin -haien industriekin eta enpresekin- lehiatu behar baldin badira? Ingurumen zergaren itzulera edo dibidendua aurreikusten duten proposamenek, bai AEBetako Climate Leadership Councilenak, baita Europakoak ere, beharrezkotzat jotzen dituzte ingurumen muga zergak, zeinak inportazioen karbono aztarna zamatuko bailuketen.

Europako Batzordea bera aztertzen ari da aukera hori, eta ausartu da Itun Berdearen proposamenean sartzera. Azken batean, beste herrialdeak euren isuriak murriztera bultzatzeko beste modu bat da, eta tresna bat Europak baldintza zorrotzagoak betetzen dituzten sektore propioak babesteko. Ingurumen dumping-a eragozteko bidea.

Gaia oso konplexua da, eta ez da erraza izango halako zerbait ezartzea. Hasteko, ondasun baten karbono aztarna kalkulatzea ez delako horren erraza, besteak beste, haren osagaiak hamar herrialde desberdinetan ekoitzi badira. Horrelako neurri batek nazioarteko merkataritzako arauak aldatzea ere eskatuko luke, eta egun indarrean dauden merkataritza akordioak berrikustea ere bai.

Funtsak

Herrialde barneko desberdintasun sozialez gain, bidezko trantsizio ekologiko baterako, herrialdeen arteko desparekotasunak ere aintzat hartu beharko dira; bestela, hortik ere oposizioa etor daiteke. Hori garbi ikusi da, adibidez, Europako Batasunean: ez dute lortu herrialde guztiek bat egitea 2050erako klima neutraltasunaren helburuan (zero isuri).

Ekainean, hiru herrialdek uko egin zioten xede horri: Hungariak, Txekiar Errepublikak eta Poloniak. Hungariak bere energiaren %15 sortzen du ikatzetik, eta herena nuklearretatik. Txekian, ikatzak betetzen du energia sorkuntzaren erdia, eta herrialdeak nuklearrekin egin nahi du trantsizioa. Poloniaren zenbakiak beltzagoak dira; ikatzetik dator hango energiaren %80, eta meatzaritzak sekulako garrantzia du eskualde batzuetan. Iturri berriztagarrietara egin beharreko jauzia itzelezkoa da herrialde horientzat.

Abenduan, klima neutraltasunaren helburua aho batez onartzeko beste saiakera bat egin zuen batasunak. Madrilen COP25 goi bilera zela, Europak aste berean Itun Berdea aurkeztu eta neutraltasuna helburutzat jarri nahi izan zuen, bere burua trantsizio ekologikoaren aitzindari gisa agertzeko.

Baina asmo guztiak ez ditu bete. Bi herrialderen oposizioa gainditu zuten Bruselan, Europar Kontseiluan; behin nuklearrentzat oniritzi bat lortuta, Hungariak eta Txekiak bedeinkazioa eman zioten klima neutraltasunaren helburuari. Baina Poloniak oraindik ezezkoari eutsi dio, nahiz eta Ursula Von der Leyenen Europako Batzordeak 100.000 milioi euroko Bidezko Trantsiziorako Funtsa iragarri herrialdearen baiezkoa lortzeko. Poloniak esan du diru horri buruz ziurtasun gehiago nahi dituela. Urtarril honetan funts horri buruzko xehetasun gehiago espero dira.

Funts Berdea

Munduko herrialderik behartsuenei trantsizio ekologikoan laguntzeko tresna nagusia izan behar zuen beste funts batek, Klimaren Funts Berdeak. NBEren barnean eratu zen, 2010. urtean, Cancunen (Mexiko) egin zen COP16 goi bileran, eta bere buruari helburu bat ezarri zion funtsak: 2020an urtero 100.000 milioi euro edukitzeko gai izatea, beharrezkoa zuten herrialdeei laguntzeko klima aldaketari aurre egiten.

Baina funts horretara ekarpena egin behar zuten herrialde aberatsek eta kutsatzaileek ez dute bete hitzemandakoa. 2020. urtea iritsi da, eta Funtsak 28 herrialde emaileren 9.700 milioi dauzka hitzartuta soilik. Funts Berdeari bereziki min egin dio Donald Trumpek, hura AEBetarako presidentetzara iritsi aurretik herrialdeak 3.000 milioi dolarreko ekarpena baitzuen aurreikusia, eta guztia ezerezean gelditu da.

Madrilgo COP25 goi bileraren inguruan, zenbait herrialdek euren ekarpenak handitzeko asmoa agertu dute, baina Funts Berdea urrun dago bere finantzaketa helburuetatik, eta herrialde txiroenek ez dirudi hortik laguntza handirik lortuko dutenik.

Beste funts bat ere hizpide izan zen Madrilen, eta horrekin ere aurrerabide gutxi izan da. Klima aldaketaren eraginei aurre egiteko, 2013an Galera eta Kalteentzako Varsoviako Nazioarteko Mekanismoa sortu zen (COP19), Uharte Herrialde Txikien Aliantzaren eta Gutxien Garatutako Herrialde Taldearen eskariz. Berotze globala zuzenean nozitzen hasiak ziren herrialdeek laguntza nahi zuten klimaren aldaketaren ondoriozko hondamendietarako prestatu eta haietatik errekuperatzeko baliabideak izateko.

Mekanismoak nolabaiteko aseguru sistema bat izan behar zuen, baina Parisen jada ezarri zen akordioko herrialdeei ezin zitzaiela inolako konpentsaziorik eskatu arrazoi horiengatik. Madrilen, gainera, AEBek ziurtatu nahi izan dute Parisko Hitzarmenetik kanpoko herrialdeak ere konpentsazio eskaeretatik libre geldituko direla. Izan ere, Trumpen erabakiz, AEBak itunetik kanpo geldituko dira urte honetako azaroan. Dena den, arrisku handiena duten -eta maiz gutxien kutsatzen duten- herrialdeen atsekaberako, Madrilen ezer gutxi aurreratu da Varsoviako Mekanismoan. Eta, bitartean, horretarako dirurik ere ez dago.

Eskubideen merkatua

Abenduko COP25 goi bilera, oro har, etsigarria izan zen bidezko trantsizioaren defendatzaileentzat. Karbono dioxidoari prezioa ezartzeko beste modu nagusia hitzartu behar zen Madrilen: isurketa eskubideena. Gobernuz kanpoko erakunde ugari daude eskubide merkatuen tresnaren kontra, haien ustez, azkenean herrialde behartsuenen eta haien baliabide naturalen kalterako direlako.

Baina merkatuen aldekoak ere ez dira ados jarri oraingoan. Herrialde batzuek -Brasil, Txina...- arau malguagoak nahi zituzten merkatu horietarako, edo Pariskoaren aurreko akordioetan hitzartutako eskubideak oraindik erabilgarri izatea. Europak eta beste zenbait herrialdek nahiago izan dute emisio eskubideetan adostasun globalik ez izatea, kontabilitate bikoitzari eta beste iruzur batzuei bide emango liekeen akordio bat baino.

Azkenean, lan hori ere azarora, Glasgowko goi bilerara, atzeratu dute. Hori bai, klima larrialdiaren eragin eta ondorioak gero eta atzemangarriagoak direla, gero eta argiago dago tarte gutxi gelditzen dela atzerapen gehiagorako. Berandu baino lehen, berotze globala mugatu behar duen trantsizio ekologikoa abiatzeko garaia da, eta, atzera bueltarik gabekoa izan dadin, bide horrek bidezkoa beharko du izan.

BERRIAn argitaratua (2020/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA