astekaria 2020/01/10
arrowItzuli

bizigiro

Feministek sareak marraztu dituzte

June Prieto

Feministek sareak marraztu dituzte

Emakumeak, ilustratzaileak eta euskaldunak dira denak, eta sare sozialak mezu feministekin betetzen dituzte egunero. Ez dute elkar ezagutzen, baina marrazteko zaletasuna daukate komun Jone Bengoak (Eibar, Gipuzkoa, 1996), Nahia Iglesiasek (Bilbo, 1988) eta Uxue Bereziartuak (Hernani, Gipuzkoa, 1996). Milaka jarraitzaile dauzkate haien ilustrazioek. Independenteki egiten dute lan, bakoitzak bere proiektu propioarekin, baina, nahi gabe, sare moduko bat osatzen dute Instagramen eta Facebooken. Batzuek salgai ere jartzen dituzte euren lanak Interneten, baina mezua da motor nagusia. «Sare sozialetan nire marrazkiak zabaltzen hasi nintzenean, irudiek zeukaten transmititzeko indarraz konturatu nintzen; jarraitzaileek askoz gehiago konpartitzen zituzten ilustrazioak, eta erabaki nuen hori izango zela borroka feministan nire ekarpena egiteko modua», esan du Bengoak.

Sastraka proiektuaren burua da eibartarra. Diseinu industrialeko irakaslea da, eta, beraz, ilustrazioa ez da haren ofizioa. Halere, Instagramen ia 7.000 jarraitzaile dauzka, eta hainbat ilustratzailerentzat erreferente bilakatu da. Gabonetan bakarrik irekitzen du denda, eta Sastrakak 3.000 euroren diru sarrerak ematen dizkiola azaldu du: «Proiektuak berak bere gain hartzen ditu gastu guztiak; autogestionatua da. Nire diru iturri bakarra izango balitz, seguruenik zerbait aldatuko litzateke; gehiago produzitu beharko nuke, eta horrek askatasun gutxiago utziko lidake nahi dudana egiteko». Oraingoz, denbora librea eskaintzen dio proiektuari, eta enkargu bat daukalako edo gogoa duelako marrazten du.

Poltsak eta kamisetak saltzen ditu, denak bere sinadurarekin: Sastraka. Harremana Internetetik egiten badu ere, bezeroei esker, egindako lanak kalera ateratzea lortzen du: «Nire presentzia ia osoa sarean dago; kanal garrantzitsua iruditzen zait, adin jakin bateko jendeak mezuak hortik jasotzen dituelako». Azaldu duenez, bere bezeroak neska gazteak izaten dira; halere, gero eta mutil gehiago animatzen direla dio. «Katalunia aldean oso harrera ona eduki du; eskari asko egiten dizkidate handik, eta horregatik mezu batzuk gazteleraz jartzea erabaki nuen. Bestela ere, euskara asko zaintzen dut nire proiektuan».

Normaltasunaren aurka

Joseba Sarrionandiaren Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da esaldia irakur daiteke Iglesiasen ilustrazio batean. Bilbokoa da, eta hiru urte eman ditu Ameriketan bidaiatzen. «Gustatzen zait ilustratzeak ematen didan askatasuna; edozein lekutan egin dezaket». Arkitektura Teknikoko gradua bukatu eta gero, krisi garai betean lanik topatu ezin, eta hirugarren graduondokoa amaitu ostean ireki zuen Marrabila proiektuaren webgunea, 2016an. Orain bere proiektu pertsonala du diru iturri bakarra: «Ilustrazioekin zaila da jakitea zenbat irabaziko duzun hilero; hilabete batean 500 euro izan daitezke, eta hurrengoan 100». Haren helburua ilustrazioan profesionalizatzea da, eta jada egin ditu lan garrantzitsu batzuk, baina horretaz bizitzea gustatuko litzaioke. Sare sozialak ez ditu bereziki gustuko: «Behartuta egiten dudan zerbait da, baina onartzen dut sortu den ilustratzaile feministen sarea gauza positiboa izan daitekeela Instagramen ibiltzen diren neska gazteentzat».

Aluak, ileak, titiak eta gorputz biluziak aldarrikatzen dituzte Bengoa, Iglesias eta Bereziartua ilustratzaileen irudiek. Autodefentsa, hilekoa eta gizentasuna lantzen dituzte, gizartean nagusi diren kanonei aurre egin nahian.

Bereziartuak mezuari ematen dio garrantzia Berexi proiektuan: «Nire gorputzetik egiten dut lanketa; nik jasandako zapalkuntzak azaleratzen ditut ilustrazioetan. Izan ere, niri feminismoak asko lagundu dit emakume gizen eta iletsu gisa». Hernanikoa da, eta 23 urte ditu. Ikus-entzunezko gradua ikasi ondoren, erabaki zuen bizitza beste bide batzuetatik eraman nahi zuela, eta, ordenagailuko programak erabiliz, ilustrazioak egiten hasi zen.

«Hasi nintzenetik oso harrera ona eduki dut; jendeak badaki zer egiten dudan, eta askotan esaten didate gustuko dutela, baina egia da gazteok dugun prekaritate honetan zaila izaten dela jendeak diruz laguntzea», onartu du Bereziartuak. «Negozioa baino gehiago, aktibismoa da egiten dudana. Irudi bat igotzeak ez dizu dirurik ematen; sortzeak ez dizu dirurik ematen».

Elkar aurrez aurre ezagutzen ez badute ere, Instagrametik noizbait hitz egin dutela aitortu dute. Haien arteko harremanak indartu eta elkar babesteari garrantzia eman dio Bengoak: «Instagrameko azkeneko politika aldaketarekin, zailagoa da jendearengana heltzea. Gure artean publizitatea egin behar dugu, hemen inguruan dauden proiektu oso politak ezagutarazteko».

Sastraka, Marrabila eta Berexi proiektuek buelta bat eman diote sare sozialetan gailentzen den eredu patriarkalari, eta ez dira bakarrak izan. Besteak beste, Arramazkak, Hartarak eta EneEmek ere ildo berean egiten dute lan. Sare sozialetan edukia egunero sortzen, da eta emakume horien ilustrazioek bere lekua lortu dute, euskaraz eta feminismotik abiatuta.

BERRIAn argitaratua (2020/01/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA