astekaria 2019/12/27
arrowItzuli

kultura

EñAUT ELORRIETA

«Une batzuetan, baliabide zaharrek ez dizute balio»

Mikel Lizarralde

«Une batzuetan, baliabide zaharrek ez dizute balio»

Sormen jardunari behar duen denbora ematen dio Eñaut Elorrietak (Gernika, Bizkaia, 1975). Egunerokoa du lokalera joan eta han lan egitea; dela irakurtzen, dela testuak idazten, dela melodiak lantzen. Lan horren emaitza ari da erakusten orain, azaroan aurkeztu baitzuen Irteera argiak diskoa (Elkar), Deserriko kantak-ekin (2013) bakarka estreinatu eta sei urtera. «Pozik nago. Lehenengo kontzertuak egin ditugu, eta proiektua ondo bideratuta doala ikusten dut». Gaur Donostiako Viktoria Eugenian ariko da, sarrera guztiak salduta daudela.

Deserriko kantak nolabaiteko parentesi bat izan zen zure ibilbidean. Ken Zazpirekin urteak egin ondoren, zure kasa grabatu nahi izan zenituen zenbait kantu. Orduz geroztik, bide propioan ikusten duzu zeure burua?

Bai. Deserriko kantak-ekin erabaki nuen bakarkako bidea lehenetsiko nuela nire sorkuntza lanean. Ordura arte, Ken Zazpik markatzen zidan egutegia, eta, momentu batean, izugarrizko gogoa izan nuen beste bide batzuetan sartu eta beste esperientzia batzuk izateko.

Erabaki horrek nola eragin zizun artistikoki?

Orduan ez nuen hain garbi ikusten, baina, distantziaz begiratuta, obsesio bat ere banuen. Deserria, niretzat, artistikoa ere bazen, lehenengo aldia zelako bakarrik konposatzen nuena. Ez nintzen guztiz ohartzen behar nuela deseraikuntza bat, behar nituela motxila batzuk kendu. Eta ezingo nintzen orain nagoen lekura heldu pauso hura eman barik; edo soka boskote batekin zuzenean aritu barik [Harian proiektua]. Batzuetan, ezuste baten aurrean, zu zeu ere harritzen zaituen zerbait ateratzen duzu. Nondik irten zait niri baliabide hau? Gauza horiek ezin dira imajinatu ere egin, baina une batzuetan baliabide berriei eutsi behar diezu, zaharrek ez dizutelako balio. Hori, artistikoki, oso momentu inportantea da, eta gustatzen zait neure burua hor jartzea, leiho berriak zabaltzen dizkidalako. Harian-egaz aurre egin nion egoera horri. Soiltasun osoarekin, biluztasun horretan. Eta Irteera argiak-en bildu ditut Deserriko kantak-en ikasitakoa eta Harian-egaz arakatu nituen bideak.

Zeure buruarekiko presioa apaldu zaizu zazpi urte hauetan?

Ni nagoen frekuentziatik gertuago dago disko honen frekuentzia, eta horrek sekulako lasaitasuna ematen dit. Baina, era berean, badakit hau bide amaiezina dela. Deserriko kantetan aurrerapauso handia eman nuen, baina gauza askotaz ez nintzen ohartzen, ez nuen nahikoa perspektibarik. Eta pentsatzen dut orain gauza gehiagoren jakitun naizela, baina hemendik denbora batera konturatuko naizela ez dela horrela. Bilakaera artistiko batek hortik edaten du; edo nire kasuan, behintzat, hala da. Nire eraikuntza, deseraikuntza, zalantza, beldur, itxaropen, ilusio horiek guztiak bideratzen ditut kantuetatik.

Deseraiki beharra duzu berriro eraikitzeko?

Gogoan dut garai hartan kantu batzuk egin nituela gehiago gerturatzen zirenak Ken Zazpiren estilora eta erabaki nuela ez grabatzea, eta kantu onak ziren. Orain ez nuke hori egingo. Ken Zazpin ere urte luzez egin ditut abestiak, eta badut estilo bat. Baina urruntzeko obsesio puntu hori nuen disko hartan.

Ezberdintzeko?

Aldarrikapen bat ere bazen. Eta justifikazio bat ere bai, agian. Azaltzeko zergatik hasten nintzen bakarka. Zerbait ezberdina egin nahi nuelako. Baina erabaki batzuk ez nituen libre hartu; orain, aldiz, libreago sentitzen naiz.

Zer zentzutan ez zinen libre?

Adibidez, gaiarekin. Artistikoki, deserria sekulako gaia iruditzen zait. Baina, aldi berean, babesgune bat ere bazen niretzat: kontzeptuaren atzean ezkutatu nintekeen une batzuetan; momentu horretan, ziur aski, behar nuena. Dena den, lan ederra izan zen. Ibilbide honen oinarria sendo jarri nuela uste dut.

Irteera argiak, ordea, irekiagoa da gaietan.

Kezkatzen nauten gaiez egiten dut berba, eta askoz libreago ibili naiz. Gaiei aurrez aurre begiratzeko gogoa izan dut, eta ahalegina egin dut haiei ez ihes egiteko. Aldi berean, esfortzu bat egin dut ez lotzeko minari, sakonkeriari...

Berriro eraikitzen ari zarela esan izan duzu. Zer esan nahi duzu?

Disko honetan, nahi bat sentitu dut aurretik izan ditudan esperientzia guztiak kantuen mesedetan jartzeko. Daukadan guztia jarri dut kantuen alde. Askeago ikusi dut neure burua ditudan baliabide guztiak sorkuntzaren zerbitzuan ipintzeko, eta sentitzen dut piezaz pieza eraiki dudala disko hau; nire esperientzia eta jakituria erabilita. Eta modu positiboan erabili ditut: gehiago aritu naiz eraikitzen, ihes egiten baino; janzten, eranzten baino. Badakit nora joan nahi dudan, eta horren bila noa. Asko arduratu nauen beste kontu bat zera da: ahotsagaz eta gitarragaz defendi daitezkeen kantuak izatea. Gitarra, ahotsa, melodia bat, letra on bat...

Zein leku izan dute grabazioan lagundu zaituzten musikariek eraikuntza horretan?

Grabaketa prozesuan lan kolektiboago bat gertatu da, ezinbestekoa eta oso interesgarria izan dena. Estudioan bildu naiz argi asko daukan jendeagaz. Errespetatu egin dituzte lehenengo harri horiek, eta zimendu horien gainean joan dira eraikitzen. Kantu bat dago oinarrian, eta hori lagundu dute denek.

Deserriko kantak-ek gai bat zuen oinarrian. Irteera argiak-ek, berriz, badu abiapuntu bat?

Azken urteetako kezkak modu naturalean daude jasota. Gaiak existentzialagoak dira, espiritualagoak agian. Nire azken esperientziek, aitatasunak, aitaren heriotzak... horiek frekuentzia horretan jarri naute. Baina, bestetik, bada oso disko politikoa ere. Euskal Herrian izan den ziklo politikoaren aldaketak ohartarazi nau orain arte politikotzat ez genituen hainbat gai politikoak direla: maitasuna, gurasotasuna, egunerokotasuna, heriotza... Baina disko hau egiteko ez dut marko itxi jakin bat izan. Senari eman diot bidea.

Nahiz eta beste batzuen testuetara jo duzun, zuk zeuk ere hainbat hitz idatzi dituzu diskorako.

Interesgarria iruditzen zait egile batek gauzak bere erara kontatzen dituenean, aukeratzen dituenean berbak, gauzak deskribatzeko modu bat bilatzen duenean. Niri ere interesgarria egiten zait horren bilaketan sakontzea. Baina, bestalde, oso interesgarria egiten zait beste batzuen hitzekin lan egitea ere. Neure egiak aurkitzen ditudanean beste letra batean... zoragarria da. Hitz horiek neurera ekartzen ditut, eta laguntzen didate nire ahots propioa bilatzen. Nik jende horregaz ikasi egiten dut. Eta abesten ditudanean, ez ditut bereizten nik eta besteek idatzitakoak.

Asko irakurtzera eramaten zaitu horrek?

Prosa gutxi irakurtzen dut, baina olerkiak bai. Narrazio liburuekin ez daukat pazientziarik! [barrez].

Eta poesia, kantugilearen jantziarekin irakurtzen duzu?

Bai... Nire irakurketa guztiak asmo bikoitzarekin egiten ditut inkontzienteki. Alde batetik, gozatzen dut idatzitakoarekin, baina, era berean, beti nago idatzi horren atzeko musika entzuten. Ahots bat daukat atzean esaten didana poema batek kantu baterako balio ahal duen, edo esaten didana gaia interesgarria dela. Irakurtzen dudan guztiari erradiografia zehatz bat egiten diot [barrez].

Lehenengo hitzak daude beti, edo melodietatik abiatzen zara?

Ez da beti berdin. Askotan, lokalean nagoela, mikroa ireki eta inprobisatzen hasten naiz: melodia, akordeak, eta, bat-batean, helduleku bat aurkitzen dut: emozio bat, sentsazio bat, ni ukitzen nauen linea melodiko bat... eta horri tiraka hasten naiz. Nire ahotsa nire kontzientzia baino jakintsuagoa balitz bezala, berak gidatzen nau gehienetan, bere atzetik joaten naiz. Eta ondoren hasten naiz hitzak horretara biltzen. Disko honetan, adibidez, hori asko dago. Horrela izan da Uxuerekin [Alberdi] egindako lana ere. Melodia bat zegoen, eta bera hasi zen horren gainean idazten. Baina azkenean beti da uztarketa bat. Gauza bat da zerekin hasten den kantu bat, baina, gero, hitzak sartzean, melodia aldatzen duzu, gero hitzak... Elkar doituz joaten dira musika eta hitza.

Lokaleko bakardadean mamitzen dira kantua eta diskoa?

Lokaleko lana intentsoa eta ederra da, eta, aldi berean, oso bakartia. Hor azaltzen zaizkizu barne borroka guztiak. Egun batean, dena oso ondo ikusten duzu; hurrengoan, ezerk ez dizu balio. Nire sorkuntza dinamikak oso gorabeheratsuak dira. Erabaki asko zoaz hartzen zu zeu bakarrik. Zeure bertute, zalantza, hutsune eta dohainak ispilu aurrean jartzen dizkizu, eta hori bide artistiko batetik, kantu batetik, bideratzen duzunean, gauza zoragarria da. Sentsazio deskribaezina da. Hala ere, estudiora joan aurretik Ruben [Caballero] eta Uxuerekin konpartitu ditut kantuak: batarekin, musikalki errebisatzen ditut abestiak, eta bestearekin, hitzen aldetik. Rubenek moldaketa oso interesgarriak proposatu dizkit. Asko lagundu eta babestu naute biek ere.

Estudiokoa ere sorkuntza lana izan da neurri batean.

Estudiora iritsi naiz kantuak garbi nituela, baina baita inoiz baino irekiago ere. Disko hau ez litzateke berdina izango Maitek [Larburu], Lutxok [Naira], Borjak [Barrueta] eta Rubenek [Caballero] beren alea eman ez balute. Sorkuntza konpartitu bat egon da. Oso lan exijentea izan da. Alde batetik, nahi duzu kantua ondo zaindu, eta, bestetik, nahi duzu irekita egon musikariek eman dezaketen horretara. Egunero hartu behar izan nituen hamaika erabaki. Musikariak oso kreatiboak dira, eta gauza pila bat proposatzen zituzten etengabe, eta zuzendari lana egitea tokatu zait diskoari koherentzia emateko. Oso intentsoa izan da dena. Eta zoragarria ere bai, musikariak oso eskuzabalak izan baitira. Azpimarratzekoa da, baita ere, Haritz Harregiren lana eta inplikazioa diskoak daukan soinuaren bilaketan. Oso eskertuta nago.

Azken urteetan, hari boskote batekin aritu zara zuzenean. Formatuaren soiltasun horrek nola eragin dizu musika ikusteko moduan?

Jarri nau abagune batean non orain arteko gehienak ez didan balio. Neure burua proban jarri behar izan dut egoera ezberdin batean, eta ikusi nondik jo behar dudan. Esperimentaziorako abagune erreal bat jarri dit, zuzenean soka talde batekin bakarrik aritzean bertigo handia sentitzen baituzu. Bestalde, oso soinu organikoa lortu dugu, eta horrek ere beste norabait eraman nau. Harian-en eragina badago Irteera argiak-en. Eta, gero, bada beste kontu bat ere: denbora eman dit. Deserriko kantak-en ondoren hasi nintzen kantuak egiten, baina Harian-ek beste esperientzia bat eman dit, eta denbora disko hau ontzeko.

Musikari profesionala izanda, eman lezake bi urtetik behin disko bat egin beharko zenukeela makineria martxan izateko. Zuk, ordea, ez duzu presarik hartzen.

Musikatik bizitzeak bi aurpegi ditu. Batetik, ogibide den neurrian, begi bat daukazu ogibide izaten jarraitzeari begira. Egon behar du ekoizpen bat, emari bat. Bestetik, data batzuk izatea inportantea da. Erritmo batzuk markatzen dizkizu horrek. Baina inportantea da norberak markatzea sorkuntzaren erritmoak. Gizarte honetan, kanpotik markatzen digute askotan hori. Ematen du etengabe albisteak sortzen egon behar dugula; etengabe egon behar duela artista batek hor. Eta hori ez zait hain interesgarria egiten. Horrek, artistikoki begiratuta, hain onak ez diren ondorioak dauzka. Oreka bat behar duzu. Askotan sentitzen naiz gurpil zoro horretan, baina saiatzen naiz erabakiak nik hartzen, eta behar dudan denbora hartzen. Baina, batzuetan, zalantza daukat errealitatearen barruan nagoen.

Errealitatearen termometrotzat jotzen dira, askotan, sare sozialak. Zuk zer harreman daukazu horiekin?

Errealitate baten termometro izan daitezke, baina errealitatea zabalagoa da. Orain arte, oso harreman txikia izan dut, eta ez naiz oso ondo moldatzen. Batzuetan, sentipena izan dut hor badagoela galtzen ari nintzen errealitate bat, baina, era berean, hor ez ibiltzeak babes puntu bat eman dit. Orain, diskoa aterata, eta jakinda promozioarekin ari garela, arreta handiagoa jartzeko agindu didate, eta denbora gehiago eskaintzen diot, baina izugarrizko energia kentzen dit! Zenbat jendek ikusi duen zerbait, zenbati gustatzen zaien, zer erantzun duten... oso estresagarria egiten zait. Horren mende ibiltzea egun osoa, lotu egiten du... Iruditzen zait tentuz ibili behar dela. Neurria hartu behar zaie, ez hartzeko diseinatuta dauden arren.

Zer erronka dituzu?

Zuzenean jotzeko gogoz nago. Hau oso prozesu intentsoa izan da, eta nik, gozatu, zuzenean gozatzen dut. Lasai egin nahi dut bira luze bat. Eta hilabete batzuk pasatzen direnean, berriro sartuko zait sortzeko harra; nire bizitzeko modua delako sortzea. Hasiko naiz poesia irakurtzen, edo melodiak inprobisatzen, eta hor sortuko da txispa. Hasieran, buruan datarik izan gabe. Asmorik gabe. Egin bakarrik. Eta gero gerokoak.

BERRIAn argitaratua (2019/12/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA