iritzia
Covadongatik txondorrera
Iñigo Aranbarri
Beste horrenbeste gertatu da El Cidekin. Ia hogei urteko ikerketaren emaitza argitaratu berri du David Porrinas historian doktoreak esateko, zer eta, hezur-haragizko Rodrigo Diaz de Vivar hark deus gutxi zuela interes aberkoiek moldaturiko mitotik. Alegia, asmamen hutsean dagoela oinarritua Erdi Aroko liburu lehena eta zaldunari mendez mende ezarritako gainzama guztia.
Ez gaitezen baina, inoren ikurrak eraisten mozkortu. Aski dugu guk ere geureekin. Baina egunotako giroak halakotuta, eta serioegi jartzeke, ez legoke gaizki kasu ematea azkenaldian indarra hartzen ari den Olentzeroren berrikusteari. Iruñean, usadioaren erroetara jota, badira urteak Olentzero queerra aldarrikatu zutela. Bestalde, han eta hemen, gero eta gehiago dira Mari Domingiz enpo (zer da Eba berri bat besterik, gizona ez dadin bakarrik egon), andra itxuran irudikatzen diren Olentzeroak. Izan ere, asmatzen hasita, zergatik badakigu, baina zertan behar du izan gizonezkoa neguko solstizioko subilaren pertsonifikazioak? (Hori ere esan beharko zaie Leitzako koartelekoei, enbor zati bat bahitu zutela; arriskutsua, baina enbor zati bat azken batean).
Garaiz gabiltza sormen egokirako. Bere zaharrean, Pelayo eta El Cid baino gazteagoa dugu ikazkina.