ekonomia
Kaleratzeen bila, suizidioak iritsi zirenean
Irune Lasa
1. Langileak bere buruaz beste egiteraino? Baina zergatik? Zer nahi zuten enpresaburu horiek? France Telecom -gaur egungo Orange- 2004. urtean pribatizatu zen, Frantziako estatuak bere parte hartzea %50etik behera kokatu zuenean. 2006. urtean, lehiakortasunaren izenean, konpainiaren buruzagitzak 120.000 langileetatik 22.000 kaleratu behar zituela erabaki zuen. Baina garai hartan, oraindik, langileen %65 funtzionarioak ziren.
2. Eta kaleratzeak ezin ziren horren erraz egin. Hori da. Besterik gabe kaleratu ezin baziren, joanarazteko beste moduren bat behar zuten. Eta laneko jazarpena orokortu zuen sistema ezarri zuten. Tarteko arduradun askok prestakuntza jaso zuten, presioaren bidez ardurapekoak konbentzitzeko enplegua euren kasara uzteko .
3. Eta nola konbentzitzen da norbait horretarako? Betetzeko ezinezkoak diren helburuak ipiniz; edozein aitzakiarekin kategoriaz jaitsiz; zuzenean baztertuz; egitekorik gabe utziz, mahai batean eserita; prestakuntzarik gabe erabat desberdina den beste lanpostu batera aldatuz...
4. Ankerkeria sistematizatua. Didier Lombardek ukatu egin izan du, baina hari egozten zaio esan izana enplegatuez libratuko zela «modu batera edo bestera, leihotik edo atetik». 39 biktima aitortu dira auzian. 2007. urtetik 2009ra artean France Telecomeko 19 langilek egin zuten bere buruaz beste; beste hamabi pertsona saiatu ziren suizidatzen, eta zortzik pairatu zuten depresioa.
5. Inork ez zuen hori eten? 32 urteko Stephaniek bere burua leihotik bota zuen, laugarren solairutik. 52 urteko langile batek hil aurretik idatzi zuen «France Telecomeko nire lanarengatik ari naiz nire buruaz beste egiten. Hori da arrazoi bakarra». Hedabideetan eskandaluzko suizidio kopuruen berri zabaltzen hasi zenean eten zen jazarpen sistematizatua, baina kostata. Lombardentzat arazoa gehiago zen harreman publikoetakoetakoa. 2009an esan zuen suizidioena «arazo publiko bat» zela eta haiei buruz gehiegi hitz egitea ez zela ona, «ideia ezartzen zelako psikologikoki ezegonkorra zen jendearen buruan».
6. Psikologiaz eta enpatiaz mordoa zekiten France Telecomeko buruzagiek, bistan da. Eta merke atera zaizkie 'kaleratze' horiek. Fiskaltzak hala eskatu bazuen ere, Auzitegiak ez die garaiko legediak jasotako zigorrik gogorrena ezarri- urte beteko kartzela zigorra eta 15.000 euroko isuna zen bakoitzarentzat-. France Telecomen gertatutakoarekin piztutako eskandaluaren ondoren, laneko jazarpenari buruzko legedia gogortu egin zen Frantzian, eta baita konpainia handien jokabide zenbait ere. Lombardek esan du helegitea jarriko duela epaiaren kontra.