astekaria 2019/12/27
arrowItzuli

gizartea

Aske eta beldur barik heziz

Irati Urdalleta Lete

Aske eta beldur barik heziz

Errespetua, parekidetasuna, askatasuna, autonomia, elkarbizitza eta indarkeria sexistaren bazterketa. Hori guztia sustatzen ari da Beldur Barik programa hamarkada batez. Emakundek antolatzen du urtero, eta, aurten, Sortzen-en esku egon da idazkaritza teknikoa. 2009an abiatu zen Beldur Barik, berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan, eta, hamar urte igarota, oraindik indartsu jarraitzen du. «Estrategia lokaletik globalera eta globaletik lokalera aritzen gara, eta gazteekin euren elkarguneetan egiten dugu lan», azaldu du Josune Ortiz Atienza Emakundeko berdintasun teknikariak. Horietan pentsamendu eta ekintza kolektiboak sustatu dituzte: unitate didaktikoak eta monografikoak, zineforumak, flashmob-ak...

Hala ere, programak badu ekintza nagusi bat: Beldur Barik lehiaketa. Aurten, azaroaren 23an egin zuten sari banaketa Bilbon, eta 12 eta 26 urte arteko berrehun gazte inguru elkartu ziren. Ortizek azaldu duenez, lan horiek erakutsi behar dute mutilek eta neskek nola egiten dieten aurre desberdintasun egoerei, Beldur Barik jarrerarekin. Hau da, haren hitzetan, kultura matxistaren eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldatzeko banakako zein taldekako konpromisoa islatu behar dute. «Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratzen da: nesken ahalduntzean oinarriturik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakustea», azaldu du Ortizek. Iritzi berekoa da Maite San Epifanio, Sortzen-eko Beldur Barik-en aholkularitza teknikoko bozeramailea ere: «Kalitateari dagokionez, lan oso onak ikusi ditugu, baina hori ez da lehentasuna: mezua baloratzen da».

Gero eta gehiago

«Datuek erakusten dute urtetik urtera lehiaketaren harrera ona handituz doala», nabarmendu du Ortizek. Aurten, 298 lan onartu dituzte, ikus-entzunezkoak zein bestelakoak: zehazki, 12-13 urtekoen 45; 14 eta 18 urte artekoen 189; eta 19 eta 26 urte artekoen 64. Guztira, 2.297 gaztek parte hartu dute, eta, San Epifaniok azaldu duenez, gehienek taldeko lanak aurkeztu dituzte, gazteen arteko lankidetza sustatuz. «Aurten, 1.339 neskak, 887 mutilek eta beste aukera batzuekin identifikatzen diren 81 pertsonak parte hartu dute; beraz, oraindik ikusten da nesken inplikazioa askoz handiagoa dela», zehaztu du. Datuek erakusten dutenez, parte hartzeak gora egin du lehen urteetatik. «Gazteriaren eta haiekin lan egiten duten profesionalen inplikazioa gero eta nabarmenagoa da», berretsi du Ortizek.

«Hamar urteotan parte hartu duten 15.000 gazteri baino gehiagori esker, Beldur Barik jarrera praktikan jarri eta zabaldu da gurean», dio. Hamarkada batek askorako ematen du, ordea, eta Beldur Barik-en ere nabaritu dituzte gizartearen aldaketak. Gaiei dagokienez, batez ere, eboluzio handia ikusi dute. Hasierako urteetan, gehienbat, indarkeria fisikoa lantzen zuten, bereziki helduen bikote harreman heterosexualetakoa. «Gazteak ez ziren heltzen euren arteko harremanetan egon daitezkeen indarkeria motak identifikatzera», nabarmendu du Emakundeko berdintasun teknikariak. Gaur egun, berriz, landutako indarkeriaren artean, psikologikoak dauka pisu handiena. «Aurkezten diren hamar lanetik zortzitan jorratzen dira bereziki bikote harremanetako zeloak, kontrola, mehatxuak eta beldurra». Gainera, gero eta gehiago aipatzen dituzten gaiak dira kale erasoak eta kalean ibiltzeko beldurra, sexu aniztasuna, edertasun ereduak eta gorputzarekiko harremana. Aurten aurkeztu diren lanek ere bide horretatik jo dute. «Nesken ahalduntzea , estereotipoak eta rolak gailentzen dira, eta indarkeriaren aurrean erantzukizuna kolektiboa dela plazaratu da», azpimarratu du Ortizek. Ildo beretik mintzatu da San Epifanio ere. Ziurtatu duenez, ahalduntzea eta erantzun kolektiboa dira gehien aipatu diren gaiak, eta estereotipoek eta rolek ere presentzia handia izan dute. Urteak igaro ahala gazteek indarkeria mota gehiago daudela identifikatzen dutela esan du, eta hori ondo hautematen dela indarkeria psikologikoaren eta kontrolaren inguruko lanetan. «Indarkeria sotilagoak nabarmentzen dituzte, eta haien aurka egindako hausnarketa sakonagoa dela sumatzen da», gaineratu du.

Parte hartzaileen pentsaerak eta lantzen dituzten gaiek ez ezik, programak berak ere izan ditu aldaketak. Aurten, lehenengo aldiz, ikus-entzunezkoak eta euskarri digitala duten bestelako adierazpen artistikoak aurkezteko aukera egon da, tartean argazkiak, performanceak eta irudiak. Gainera, lehiaketak bi kategoria zituen lehen, baina hiru ditu orain, «gaztetxoen adin tarte ebolutibora» egokitzeko asmotan, eta bideoen gehienezko iraupena bost minututik hirura jaitsi dute, sare sozialen bidez zabaltzeko.

Lehiaketako bideoak eta bestelako lanak ikusita, ondorioztatu daiteke gazteen ikuspuntua eta erasoen aurrean daukaten jokaera aldatzen ari direla. Hala ere, oraindik indarkeria matxista ez da desagertu gazteen artean. Areago, 2018an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15 eta 29 urte artekoek 1.278 salaketa jarri zituzten guztira genero indarkeriarengatik, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako datuen arabera. Hori ikusita, Ortizek azpimarratu du prebentzioan lan egiten jarraitzeko beharra dagoela, eta eginkizun horretan Beldur Barik eta halako programek garrantzia dutela dio: «Argi dago gazteekin prebentzio lanean jarraitu beharra dagoela, eta, horretarako, Beldur Barik bezalako programak behar-beharrezkoak dira».

BERRIAn argitaratua (2019/12/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA