kultura
AITOR AGIRREZABAL
«Aurten inoiz baino gehiago gainditu dira gure aurreikuspenak»
Ane Eslava
Maitasunaren apologia da aurtengo leloa, eta esan duzue inoiz baino beharrezkoagoak direla maitasuna eta elkartasuna.
Bada unea Euskal Herriak bizi izan duen gatazkaren ondorioak konpontzeko, eta horietatik nabarmenetako bat da presoen egoera. Baina konpondu beharrean, atzerapausoak ematen dituzte; azken adibidea da maitasun eta poz keinuak debekatu nahi dituztela. Esanguratsuenak dira preso edo deserrian egon direnei etxera itzultzean egiten zaizkien harrerak, baina debekatu dituzte bertso afariak eta txokolate janak ere. Horregatik, hainbeste urte etxetik kanpo eman dituztenei maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatzen dugu guk.
Hogei urte urte bete ditu jaialdiak. Nolakoa izan da ibilbidea?
Lau erok hasi zuten jaialdia. Lehen urtean, kontzertu txiki bat egin zuten, Berriozarko frontoian, eta, urteekin, handituz joan da. Hasierako gehienek antolakuntzan jarraitzen dute, eta horrek kristoren esperientzia ematen du; urtez urte ikasiz eta hobetuz goaz. Hori jende gaztearen ideiekin, ilusioarekin eta gogoekin elkartu da, eta Hatortxuren gorakada nabarmena ekarri du.
Esperientziak gaitasun handia emango du jaialdia antolatzeko.
Urteak daramatzatenen esperientzia ezinbestekoa da. Kasik begiak itxita egiten dituzte gauzak. Nork bere lana egiten du, eta, azkenean, piezek bat egiten dute.
Jaialdiaren helburua hasierako bera da orain ere?
Bai, guztiz. Nagusiki bi dira helburuak: batetik, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideak aldarrikatzea; eta bestetik, elkartasun ekonomikoa. Sakabanaketa sufritzen duten familiek kristoren gastua dute, eta hori ahal dugun neurrian samurtzeko bideratzen ditugu etekinak.
Aurten pixka bat handitu duzue jaialdia; urteurrenarengatik?
Ez bereziki. Azken urteetan, sarrera guztiak bukatu dira jaialdia baino lehenago, eta ikusten genuen erantzukizun bat genuela. Hatortxu data berezia bihurtu da nafarrentzat, eta uste genuen ahalmena genuela pixka bat handitzeko, inor gera ez zedin sarrerarik gabe. Halere, gure aurreikuspenak inoiz baino gehiago gainditu dira: berriz agortu dira.
Askotariko estiloetako taldeak ekarriko dituzue aurten. Nola aukeratzen dituzue?
Lantalde bat dago horretarako. Helburuetako bat elkartasun ekonomikoa denez, hori lortzeko jende asko erakarri behar dugu, baina kontuan hartuta gure baliabideak murritzak direla, beste bide batzuk jorratu behar ditugu. Saiatzen gara estilo, jatorri eta adin ezberdinetako taldeak ekartzen. Alde batetik, urte asko daramatzaten taldeak ekartzen ditugu; aurten, Gatibu eta Su Ta Gar. Bestalde, saiatzen gara euskara presente izaten, eta azkenaldian ahalegina egin dugu emakumeek oholtza gainean zuten —eta oraindik ere duten— tokia indartzeko. Beti saiatzen gara Nafarroako talde gazteren bat sartzen, eta baita nazioarteko eta estatuko beste puntako talderen bat ere.
Izan da kexarik, jaialdia popera gehiago gerturatu delako.
Bitxia da: inoiz baino gehiago entzun ditugu halako kritikak, baina inoiz baino azkarrago agortu dira sarrerak. Nire ustez, badu zerikusia sare sozialen erabilerarekin, hor erraza baita iraintzea. Kartela urte batean kolore batekoa ateratzen da, eta hurrengoan bestekoa, baina hori ez da bilatutako zerbait. Egia da aurten karpa berriari beste kolore bat eman nahi diogula: lasaiagoa izango da, eta hor joko duten taldeak ere bai [Xabi Bandini, Koban, Nogen, Onki Xin, Suaia eta Ama Rebel eta DJ Reimy]. Halere, kritikak egotea normala da, eta zilegia.
Alde horretatik, bada euskal musika soilik punk-rockarekin lotzen tematzen den jendea...
Bai, badirudi 90eko hamarkadakoa zela benetan Euskal Herriko musika, baina, nire ustez, euskal kultura zerbaitek hobetzen badu, hori da zabaltzen ari dela. Estilo ezberdinetako taldeak sortzen ari dira, eta hori oso aberatsa dela. Guretzat ezinbestekoa da hori islatzea.
Hatortxun behin baino gehiagotan jo izan dute geldirik zeuden taldeek. Aurten, bi dira.
Bai. Oi! The Arrase Mallorcako [Herrialde Katalanak] taldeak duela hogei urte egin zuen etenaldia, 2009an itzuli zen kontzertu batzuetarako, eta orain bi egingo ditu; Hatortxun izango da Euskal Herriko bakarra. Bestalde, Iheskide duela bost urte gelditu zen, baina erabaki dute itzultzea. Guretzat eskertzekoa da taldeek Hatortxu aukeratzea itzultzeko.
Bereziki eskertu diozue Rotten XIIIri jotzea, urtarrilean Javi Fernandez kidea hil baitzitzaien.
Hori da. Rotten XIII nafar talde gazteen eremuan sartzen da, eta etorkizun handiko talde bat da. Horrela ikusten genuen duela urtebete; gero, Javik lan istripua izan zuen, eta taldeak, logikoa denez, eten egin behar izan zuen. Aurten gurean egoteko ahalegina egitea txalotzekoa eta eskertzekoa da.
Taldeen eskuzabaltasuna oso garrantzitsua izango da halako jaialdi bat antolatzeko.
Noski. Hatortxuk lau hanka ditu: urte osoan lanean dagoen jendea, egunean bertan datozen ehunka boluntario —700 inguru—, parrandara datorren jende ezinbestekoa, eta musikariak. Azken horien jarrera ezinbestekoa da. Taldeek urtero egiten dute beren ekarpena; etortzen dira batzuetan ezer kobratu gabe, nahiz eta guk ez dugun nahi hala izatea, garrantzitsua iruditzen zaigulako kultur munduko jendearen duintasuna. Baina hala izaten da. Auzolana da gure lanabes nagusia, eta Euskal Herriak hamarkadetan izan duen altxor nagusietakoa da.
Nola antolatzen duzue ehunka boluntarioren sarea?
Bada talde bat hori guztia antolatzen. Lantalde bakoitzak bere txandak bilatzen ditu, eta aipatutako talde horrek Nafarroako herri guztietara jotzen du boluntario bila. Eta webgunean ere aukera dago izena emateko lan egiteko. Puzzle izugarria da; erokeria.
Azken urteetan, urratsak egin dituzue jaialdia emakumeentzako gune segurua izan dadin.
Duela bospasei urte hasi ginen erasoen aurrean eman beharreko erantzunerako protokoloa osatzen eta lantzen, eta duela bizpahiru urtetik ari gara batez ere prebentzioa lantzen. Sortu dugu talde bat horretarako, eta informatzen arituko da, erasoak identifikatzen laguntzen, eta halakorik gertatuz gero zer egin azaltzen. Hor argi dugu mezua: gune segurua egitea guztion ardura da, baina gizonezkoen ardura nagusia oso sinplea da: ez erasotzea.
Hiltzeko jaio zen jaialdi bat da. Gertu ikusten duzu amaiera?
Gustatuko litzaidake baietz esatea, baina, oraingoz, frantses estatuan pauso batzuk eman badira ere, espainiar estatuan egoera blokeatuta dago: oraindik 246 pertsona daude espetxeratuta eta urrunduta. Eta nahiz eta hiltzeko jaio zen jaialdi bat izan, bakar bat espetxean dagoen bitartean indarrez jarraituko dugu lanean.