astekaria 2019/12/27
arrowItzuli

kirola

IMANOL ALGUACIL

«Espero dut maiatzean orain bezala hitz egitea gutaz»

Ainara Arratibel Gascon

«Espero dut maiatzean orain bezala hitz egitea gutaz»

Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak (Orio, Gipuzkoa, 1971) egun osoa igaro behar du elkarrizketak ematen. Eguerdia da, eta bazkaldu gabe dago oraindik. Baina adeitsu erantzun ditu galderak.

 

 

Lehen itzulia amaitzeko partida bat falta da. 31 puntu dituzue, eta Europako postuetan zaudete. Zer nota jarriko zenioke taldearen jardunari?

Ez naiz notak jartzeko zalea. Nahiago dut sentipenez hitz egin, eta alde horretatik oso gustura nago. Lehen itzulia horrela amaitzea ederra da, eta ilusioa eragiten duen zerbait da, bai taldean, bai zaleen artean.

Zer da taldeak lehen itzulian egin duen gauzarik onena? Eta zer du hobetzeko?

Gauzarik onena taldeak erakutsitako nortasuna eta izaera lehiakorra izan da. Bai etxean, baita etxetik kanpo ere gertatu da hori, eta aurrean zuen arerioa edozein izanda ere. Hobetu, berriz, dena dugu hobetzeko, bai nik, baita taldeak ere. Izan ere, talde gaztea gara oraindik, eta hobetzeko tarte handia daukagu. Gogoa eta ilusioa ditugu horretarako.

Nola hartu dituzue taldea eta zu zeu jasotzen ari zareten laudorioak?

Beti dira onak laudorioak, horrek esan nahi baitu gauzak ondo egiten ari garela. Baina zuhurtziaz eta hankak lurrean izanda ere hartzen ditugu, oraindik asko falta baita denboraldia amaitzeko. Espero duguna da maiatzean jendeak berdin hitz egitea gutaz, gauza bera pentsatzea. Horretarako egingo dugu lan.

Zer erantzungo zenieke esaten dutenei gehiegi arriskatzen duzula eta ez dakizuela partidak ixten? Getaferen eta Leganesen aurkako partidak hartzen dituzte adibidetzat hori esateko.

Kritikak errespetatzen ditut. Nik hartzen ditut erabakiak, eta orain arteko jokatzeko erarekin lortu dugu gauden lekuan egotea, zaleak dauden ilusioarekin egotea, eta aurkariek errespetu handiarekin jokatzea gure aurka. Nik futbola sentitzeko eta ulertzeko dudan moduaren kontra doa beste era batera jokatzea. Gainera, ez dauzkagu jokalariak atzean sartuta egoteko. Bestalde, nik neuk ez nuen sentitu aipatutako bi partida horiek ez genituenik ondo itxi. Leganesen aurka taldeak aukera garbiak izan zituen garaipena lortzeko, baina ez zuen asmatu. Getaferen aurka ere, Llorente kanporatu arte, nagusi izan ginen. Ni oso harro nago taldea egiten ari den jokoaz, eta lasai nago egiten ari naizen lanarekin.

Orain arteko ibilbidea kontuan hartuta, zein izan behar da taldearen helburua?

Hurrengo partida irabaztea. Horretarako egin behar dugu lan; baita zaleak gure lanarekin eta jokoarekin harro egoteko ere. Ez du merezi harago joatea.

Eta Espainiako Kopa benetako helburua al da sasoi honetan?

Kopan ere hurrengo kanporaketa gainditzea da helburua, Ceutaren aurkakoa. Garrantzi handia ematen diogu txapelketa horri, Reala irabazitakoa baita, eta ziurrenik titulu bat lortzeko aukera gehiago dagoelako Kopan, Ligan baino. Nesken taldeak erakutsi zigun bidea zein den; ikusi genuen zer lortu zuten.

Zer ematen dizue Anoeta berrituan jokatzeak?

Asko ematen digu, eta nire ustez oraindik ere gehiago eman diezaguke. Eskertzekoa eta goraipatzekoa da zaleen jarrera, eta estadioan sortzen den giroa. Taldearen jokoak eta emaitzek lagundu dute horretan. Baina oraindik ez dugu lortu Atotxa zaharrean zegoen giroa. Adibidez, herenegun Sadarren zegoen giro bero hori, oldarkortasun puntu hori, oraindik ez da lortu. Beharbada, gipuzkoarren izaeragatik izango da.

Taldeari erreparatuz, denboraldi honetan alternatiba gehiago dituzu partidei heltzeko orduan?

Zalantzarik gabe. Bai ekarri ditugun jokalariak, bai bigarren taldetik igo direnak, taktikoki oso aberatsak dira, eta horrek alternatiba gehiago izateko modua ematen dizu.

Neguko merkatuan mugimendurik izango al da?

Espero dut ezetz. Nik jokalariei argi utzi diet sasoia beraiekin guztiekin amaitu nahi dudala. Beste kontu bat da beraiek zer pentsatzen duten.

Martin Odegaard izaten ari da ligako izarretako bat. Entrenatzaile moduan zer nabarmenduko zenuke hari buruz? Segitukko al du hurrengo denboraldian taldean?

Haren jarrera eta lana nabarmenduko nituzke, duen profesionaltasuna eta ikasteko nahia. Horrekin batera, jokatzen duen postuan jokatuta, agerikoa da duen kalitatea: lerro artean jokatzeko duen gaitasuna, jokoa nola ikusten duen, jokaldiak amaitzeko duen ahalmena... Hurrengo denboraldian ere hemen ikusten dut, oso gustura sumatzen dudalako.

Txanponaren bestaldean Adnan Januzaj dago. Orain arte ez da ondo ibili, eta espero baino gutxiago jokatzen ari da. Zer balorazio egiten duzu haren lanaz?

Ez da jokatzen ari beste jokalari batzuk hobeto dabiltzalako. Kontziente izan behar du lehiakortasuna handia dela, eta berak ere estutu egin behar duela. Pena da, kalitate handia duen jokalaria delako. Baina azken hiru asteetan konturatu da horretaz, eta beste era batera ikusten zaio.

Asier Illarmendi nola dago?

Ondo. Izan zuen lesioa larria izan zen, baina osatze prozesua ondo doa, eta gertuago ikusten du itzultzeko eguna. Baina oraindik ez dakigu noiz izango den, halako lesioekin pazientzia izan behar baita, ondoren berriro arazoak ez izateko. Gogotsu dago, eta itzultzeko irrikaz, ikusten baitu taldea zein ondo dagoen, eta lehia handia dela.

Alex Remiro atezaina nola ari zara ikusten?

Denboraldi-aurrea hutsetik hasi zuten hiru atezainek. Ligako lehen partidetan Miguel [Angel Moya] hobeto ikusi nuen, baina ondoren Alex. Atezain gaztea da, Lehen Mailan jokatzen hasi berri dena, baina lan oso ona egin duela uste dut. Gero eta lasaiago eta patxada handiagoz ikusten dut, eta hori inportantea da.

Ander Gebararen eta Ander Barrenetxearen ekarpenaz zer iritzi duzu?

Lehen Mailara iritsi berri direla kontuan hartuta, erakusten ari diren heldutasuna nabarmenduko nuke. Gehiago edo gutxiago jokatu, oso ondo ari dira, eta merezita daude gurekin. Ibilbide luzea ikusten diet Realean.

Bi horien kontrakoa gertatu zaio Aihen Muñozi. Nacho Monreal etorri zenetik apenas jokatu duen. Nola lortu jokalari batek hazten segitzea jokatu gabe?

Entrenatuz. Eguneroko lanaren bidez asko hobetzen eta hazten da jokalari bat, are gehiago taldean dauden goi mailako jokalariak kontuan hartuta. Haren momentua iritsiko da, eta prest ikusten dut horretarako.

Animikoki nola dago bera?

Bai jokalari gazteak, bai eskarmentua duten jokalariak, jokatzen ez dutenean haserre egoten dira. Normala da, eta niretzat pozgarria da. Horrek esan nahi du gogotsu daudela, eta borrokatzeko prest hamaikakoan sartzeko. Haserre hori ondo kudeatzen jakitea da garrantzitsua.

Bigarren taldearen berri izateko denborarik baduzu? Nolako harremana duzu Xabi Alonsorekin?

Reala B ondo ikusten dut. Etorkizun handiko jokalariak daude bertan. Denboraldi bikaina egiten ari dira Xabi Alonsorekin. Jokalariak jakitun daude prest egon behar dutela lehen taldeak behar izanez gero. Baina orain zaila da, taldea oso ondo ari delako eta, zorionez, lesioekin ez dugulako hainbeste arazo izan. Xabirekin harreman estua dugu. Egunero bazkaltzen dugu harekin eta haren entrenatzaile taldearekin. Partida batzuk ikustera ere etorri naiz, eta jokalarietako asko nik zuzendu ditut. Beraz, ondo ezagutzen ditut.

Jende asko harritu da entrenamenduei jartzen diezun intentsitatearekin. Zer esango zenieke horiei?

Nire izaera horrelakoa dela, horrek ekarri nauela hona eta ez naizela aldatuko. Futbola horrela ulertzen dut, eta argi dut entrenatzen den moduan jokatzen dela.

Becerrilen jokoa hain sakon aztertu izanaz ere harritu dira asko.

Beste edozein aurkarirekin egin ohi dudana egin nuen: ondo aztertu, partida behar bezala prestatzeko. Entrenatzaile batek hori egin behar du.

Nolakoa izaten ari da denboraldi hau zuretzat?

Berezia izaten ari da, lehenengo denboraldia delako taldearen ardura hasieratik hartzen dudala. Asko ikasten ari naiz, eta gauza askotara egokitu behar izan dut. Entrenatzaile eta pertsona moduan aldatuta ikusten dut neure burua. Entrenatzaile moduan eboluzionatu egin dudala uste dut: metodologian, analisian, partidak kudeatzeko orduan, entrenatzaile taldea gidatzeko orduan... Pertsona moduan ere ardura handia da Realaren entrenatzaile izatea, are gehiago etxekoa izanda.

Higadura handia da?

Izugarria; bai fisikoki, bai mentalki. Herenegun, adibidez, Sadarretik leher eginda iritsi nintzen. Gauean ezin nuen lo hartu. Sekulako mina nuen lepoan, eta iskiotibialetan. Tentsioaren eta partidak bizitzeko moduaren ondorio da hori. Entrenatzaile guztioi pasatzen zaigu hori; askotan hitz egin dut horretaz beste euskal taldeen entrenatzaileekin. Azken batean, partida bakoitzean duzu jokoan zure postua. Orain ondo zaude, baina, gauzak aldatu, eta kanporatzen duten lehena entrenatzailea da.

Nola ahazten duzu futbola?

Zaila izaten da, ez baitago denborarik. Nik bizikletan ibiltzea dut gustuko. Orain, estatikoan ibiltzen naiz, Zubietako gimnasioan. Baina, hor ere, eskuko ordenagailua hartu, eta futbola ikusten egoten naiz.

Opor egun hauetan lortuko duzu pixka bat ahaztea?

Ez dut uste. Igandeko partidari bueltak ematen egongo naiz egun batzuetan. Sadarretik bueltan ikusi egin nuen, eta berriro ere ikusi beharko dut sakonago aztertzeko. Behin hori eginda, Vila-Real aztertzen hasiko naiz. Gehien sufritzen dutenak familiakoak dira, nahi baino denbora gutxiago eskaintzen baitiet. Afaltzeko orduan egoten naiz batez ere haiekin, eta jaiegunetan arratsalderen batean, goizez Zubietara etortzen bainaiz.

BERRIAn argitaratua (2019/12/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA