iritzia
Enegarren 'The Crown' eta identitateak
Idurre Eskisabel
Bi gertakariok (edo, zehatzago, Ingalaterran Johnsonek jasotako babes zabala eta Eskoziako abertzale progresisten garaipena) justu kontrako noranzkoan tira egiten duten bi indar bezala irakurri dira, orokorrean. Eta zalantzarik ez dago aurkakotasunen adierazle izateaz gain, talka politiko batean baino gehiagotan ispilatuko direla. Baina, nago, instituzio eta botereen kudeaketaz haragoko politikaren sakoneko geruzan gertakari hauek biek muin bertsua dutela, eta gaurko Mendebaldeko jendeon amankomuneko bizipen bati erantzuten diotela: geure buruen gaineko erabakimen, hots, burujabetza galerari. Edo beste era batera esanda, nor izateko gero eta zailtasun handiagoari. Identitate bilaketari.
Ez da kasualitatea brexit-ari buruzko galdeketaren tankera hartu duten hauteskundeotan Johnsonek botoak parrastaka jasotzea beti laboristenak izan diren Ingalaterrako langile auzoetan. Izan ere, albistegi eta hemeroteketan hamarkada batek krisi bat izendatzeko, aldarrikatzeko, jasateko, gainditutzat jotzeko eta beste baten mamua iragartzen hasteko ematen badu ere, jendearen gorputzetan sakonagoa da denbora, eta gordin daude oraindik zauriak. Gordin dago etxea, enplegua eta erosahalmena galtzearen bizipena, lan baldintzak eta zerbitzu publikoak kaskartzearena... funtsean, bizimodua, bizitza bera, eskastearena. Eta, batez ere, gordin eta bizi dago ziurgabetasun erabatekoa: arauak zintzo bete arren (hau da, langile eta hiritar saiatu eta esaneko izan), trukean agindutako ordaina (bizimodu duinaren promesa) jasotzeko zailtasun gero eta handiagoa. Okerrago oraindik, hortxe dago kontratuaren beste aldean ardura hartu eta erantzuteko prest inor ez dagoenaren bizipena: ez ugazaba, ez gobernu, ez estatu... Aitzitik, EBZ (Europako Banku Zentrala) edo NDF (Nazioarteko Diru Funtsa) izendatutako mamu zehaztugabe fatalen menera ikusten du jendeak bere burua, gero eta usuago diren enbata eta uholdeen kapritxora nola. Ez dago nori erreklamatu, ez dago noren aurka borrokatu, ez dago nor uzkaili.
Eta, txarrena: jendearen bizipena da ez daukala begiratuko dion, ikusi eta ezagutuko duen eta, batik bat, aintzat hartuko duen inor, nor dela aitortuko diona. Ez bakarrik botere politiko-ekonomiko lauso horrekiko harremanean, baizik eta egunerokotasun txikian, gero eta gandutsuagoa den jendeon arteko harremanen sarean. Erabakimenak nor izatea eskatzen baitu, eta nor izateko, espazioa ez ezik, lekua behar baita, eremu hutsaz gaindiko tokia, inguru eta beste zehatz eta gorpuztuekiko hartu-emanean baino sortzen ez dena. Hau da, komunitatean, ekintza komunitarioan.
Uste dut mendebaldetarron artean gero eta gehiago errotzen ari den aukera erreakzionarioen aldeko joeraren muinean (dela Johnson, dela Trump, Le Pen, Abascal.... dela haienganatutako indar zentristen errenkada) komunitatearen bilaketa bat dagoela, erabakimenaren nahia, nor izatearena. Identitate bilaketa. Eta, horrenbestez, indar erreakzionarioen goraldia inperio seneko estatu-nazioek komunitatea eratzeko duten moduaren aldaera muturreko eta eguneratua dela: inperio seneko nazionalismoa, kanpo etsaian eta barne kontrolean ardaztua; xenofobian, eta ordena eta segurtasuna askatasunaren gainetik jartzean bermatua.
Horrekin konparazioan, Eskoziak (edo Kataluniak) bestelako komunitategintza baten oihartzuna dakarte, estatu gabeko herrien bizipenen ordezkari: jendearen nor izatea demokratizazio orokorrago baten baitan kokatuta eta, ezinbestean, statu quo globala eraldatzeko mugimenduei adi. Herri seneko abertzaletasuna.
Horregatik, harriduraz dakusat nola azkenaldi luzean Euskal Herria esaten diogun zera zehaztugabe honetan eraldaketa asmoz (jendeon erabakimena areagotzeko eta nor izatea indartzeko gogoz, komunitatea lantzeko senez) ari diren mugimendu eta eragileek maiz esaten diguten ahazteko identitate auziak, lagatzeko albo batera, traba direla egiazko aldaketa politikoetarako. Ahaztuta, batetik, baieztapen horren bidez herri nortasun azpiratuei soilik ukatzen zaiela euren izatea eta adierazpena ardatz politikora ekartzea, eta, horrenbestez, estatu-nazioek zilegi egindako identitateak sendotzen direla. Ahaztuta, bestetik, identitatea (besteak beste, feminismoak erakutsi bezala) nor izate ariketa praktiko eta etengabekoa baino ez dela, bakoitzak egina, baina, ezinbestean, besteekin, komunitatean, gauzatua; ahaztuta, ariketa horren aldaera askotarikoetan (sexu-genero identitateari dagokionez, kasurako) harilkatzen dela nor bere buruarekiko erabakimena, askatasun behinena. Ahaztuta, azkenik, arestian esandakoa: errealitate politiko hurbilenak erakusten digula identitate auzi izendatutako horietatik abiatutako proposamenak direla, jendeon nor izate premiak demokratizazio eta eraldaketa prozesu globalekin uztartuta ez ezik, haietatik tiraka jarri dituztenak.