bizigiro
Buruak eztanda egin arte
Zihara Jainaga Larrinaga
Migraina bat prozesatzerakoan, garuneko zenbait alderdi aktibatu eta aldi berean substantzia batzuk askatzen dira, zeinek buruko minean eragiten duten. Migrainak dituen paziente batek hilabetean pasarte bat eta lau bitartean izaten ditu, eta pasarteek normalean lau ordu irauten dute. «Badaude gutxiago dituztenak, eta badaude ia egunero buruko mina dutenak ere», zehaztu du Alfredo Rodriguez-Antiguedad IMQ-ko neurologo eta Gurutzeta ospitaleko neurologia saileko buruak. Buruaren zati batean sentitzen diren taupaden bidez identifikatzen dira migrainak, eta aldi bakoitzean buruko atal desberdin batean ager daitezke. «Pazienteak ikusmena aldatu edo presioa nabaritzen duenean jakiten du migraina hasten ari zaiola». Batik bat egunez izaten dira.
Migraina, bestalde, aldi batekoa zein kronikoa izan daiteke. Bigarren kasu horretan, pazienteek hamabost egunez egunero izan ditzakete buruko minak, eta sarritan bizimoduan eragiten diete. «Iktusaren ondoren, ezgaitasun handiena eragiten duen gaixotasuna da migraina; hortaz, ez zaie garrantzia kendu behar», ohartarazi du Fernando Belasko Gurutzeta ospitaleko neurologo eta Biocruces-eko ikertzaileak. «Azpimarratu behar da ez dela gaixotasun larria, eta nahiz eta ikertzeko asko izan, tratamendu eraginkor asko daude krisi larriei aurre egiteko eta hala nolabaiteko bizitza arrunta egiteko». Migraina kronikoa duten pazienteei bizi soziala, lanekoa eta familiakoa mugatzen die buruko min bizi-bizia izateak.
Halaxe gertatzen zaio Karmele Heviari. 7 urte dituenetik pairatzen ditu migrainak, eta «asko» sufritu izan du. Gaixotasunari aurre egiteko makina bat medikamentu hartu izan ditu, baina ez du lortu inoiz minak baretzea. Adierazi du beretzat hau dela sistemarik eraginkorrena: isiltasunean, ilunetan, leihoak itxita, etzanda, geldi, eta egun oso bat edo gehiago jan gabe egotea. «Ez dut goserik izaten: sabela itxi egiten zait. Beste batzuk, berriz, botaka ibiltzen dira». Heviaren kasuan, goizean goiz hasten zaizkio migraina zantzuak, eta, orduen joanarekin, gorputzaldi txarra jarri eta ezin izaten du ez argirik ez soinurik jasan. «Migrainek inhabilitatu egiten naute erabat: trapu baten gisara gelditzen naiz». Azaldu duenez, lanean aritzen zenean medikamentuz goraino joan behar izaten zen behin baino gehiagotan, eta hamabostean behin izaten zituen. «Gainera, hiru egun irauten zuten».
Hainbat ikerketaren arabera, zenbait jakik, usain batzuek edota alkoholak ere badute zerikusia migrainekin. Heviak, adibidez, adierazi du gaztak eta txokolateak kalte handia egiten diotela. Batik bat emakumeek pairatzen dute migraina. Rodriguez-Antiguedaden arabera, hormonekin zerikusia dute migrainek, eta hargatik lotzen dira emakumeekin. «Emakumeek duten estrogeno kargarekin lotura zuzena duela uste da», adierazi du. Horregatik, hilekoaren garaian ohikoagoa da emakumeek buruko min gehiago eta handiagoak izatea. Horrez gain, minak handiagoak izaten dira hormona aldaketak daudenean, hots, umetatik gaztarora igarotzean edota menopausia garaian.
Ane Ipiña gazte bilbotarrak ere migrainak pairatzen ditu. Antisorgailuak hartu izan ditu noizbait, eta, pilula horiek migrainentzako farmakoekin nahastu izanaren ondorioz, hilerokoa urtean hiruzpalau aldiz soilik du orain, nabarmendu duenez. Nerabezaroan izan zituen bilbotarrak lehen migrainak.
Bestalde, Ipiñak adierazi du lan elkarrizketetan ahal dela gaia ezkutatzen saiatzen dela. «Lan elkarrizketetan ez dut esaten migrainak ditudala; enpresek ez dute kontratatu nahi sarritan etxean gelditu beharko duen norbait». Migrainak dituzten aldiro medikuen ziurtagiria behar izaten dute lantokian.
Bilakaerari dagokionez, berriz, gorabehera ez da urteekin ugaritu, Rodriguez-Antiguedaden ustez. «Egungo bizimoduak ez du eragin zuzenik: pazienteak gorputzean dakarren zerbait da, organismoko ezaugarriek zehazten dutena». Maiztasuna handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, baina gizakiek aurretiko joera izaten dute. Kontsultetan nabari dute pazienteen gorakada, baina, kasuistikari baino gehiago, gizartean zabaldu den ezagutzari atxikitzen diote. «Tratamenduen inguruko informazio gehiago dute orain, eta gehiago jotzen dute kontsultetara». Hala ere, gaur egungo bizimoduak, orduz kanpoko jatorduek, baraualdiek, estresak eta lo faltak nolabait eragiten dutela diote medikuek. Migrainen berezitasuna, hain zuzen, buruko minekin batera zenbait sintoma azaltzea da: intolerantzia argiari eta soinuari, goragalea eta oka egitea, besteak beste. Ipiñak gaineratu du bere kasuan erretzeak ere eragiten duela migrainetan. «Gutxiago errez gero, buruko minak ere gutxitzen dira». Pazienteek migrainak dituztenean, bestalde, argirik gabeko logela batean sartu eta lo egin behar izaten dute mina pasatzeko. «Lo egin ostean, askok hobekuntzak izaten dituzte», azaldu du Rodriguez-Antiguedadek.
Buruko mina baino gehiago
Ezein buruko min migrainatzat hartzea zabaldua dago. Baina medikuek argi utzi nahi dute buruko min soilak izateak nahitaez ez duela esan nahi migrainak izatea. Ehundik gora buruko min daude, eta horien artean mota jakin bat da migraina. Hala ere, zefalea tentsionalarekin batera gertatzen diren buruko gaitzen %90 dira. «Buruko gaitz guztiak ez dira migrainak, eta bakoitzak bere tratamendu pertsonalizatua du», azpimarratu du Rodriguez-Antiguedadek. Bestalde, migraina pasarte larriak dituzten pazienteekin medikamentu bidezko tratamenduak jartzea izaten da ohikoena, ahal den neurrian gutxiagotzeko. «Paziente batzuei medikamentuak migrainen garapena eten ere egiten die», esan du Rodriguez-Antiguedadek.
Familian ahaide batetik bestera, belaunaldiz belaunaldi transmititu daitezke migrainak, eta kide batek baino gehiagok izan ditzake. Ipiñaren kasuan, adibidez, berak, aitak eta anaia nagusiak dituzte familian migrainak. Bakoitzak, baina, modu desberdinean bizi ditu. «Nik gutxi gorabehera astean behin izaten ditut minak, aitak eta anaiak, aldiz, hilabetean behin izaten dituzte, baina haien kasuan biziak izaten dira». Horrez gain, sintometan ere agertzen dituzte desberdintasunak. Ipiñak, adibidez, migrainez gain, ez du albo kalterik izaten; bere senitartekoetan, aldiz, ohikoa da egun horietan goragalea edo beherakoa izatea.
Gaur egun, ez dago sendabiderik migrainentzat, eta hori batik bat lotua dago ondoretasunezko eritasuna izatearekin. Azken urteotan, baina, medikuntzan hainbat aurrerapauso eman dituzte ikertzaileek. Joan den azaroan argitaratutako albiste baten arabera, adibidez, migrainak prozesatzen dituen CGRP substantziari aurre egiteko antigorputzak komertzializatzen hasi dira zenbait laborategi. Hala ere, oraindik ospitaletan ez dago erabilgarri. Migrainen mekanismoan zuzenean jarduten duen lehen tratamendua da.
Aspalditik, oso ohikoa da migrainak dituzten pazienteei farmakoak errezetatzea. Horrek 1990eko hamarkadan iraultza txiki bat ekarri zuen medikuntzan, eta batik bat krisi larriak tratatu eta eragile posibleak saihesteko erabiltzen dira. Tratamendu horiei erantzuten ez dieten pazienteei, berriz, botox infiltrazioak egiten dizkiete; azken urteotan gero eta gehiago erabili dute metodo hori. Toxina botulinicadeitzen den substantzia txertatzen diete garunean, hain zuzen.
Belaskok adierazi duenez, garunaren inguruko hainbat puntutan egiten dira infiltrazioak: buruan, lepoan eta sorbaldetan. «Aho bidezko tratamenduei erantzuten ez dieten pazienteentzat aukera ona da». Baina paziente gutxi batzuentzat da egokia.