astekaria 2019/12/27
arrowItzuli

iritzia

Mediokre

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga

Mediokre

Hiru egun daramatzat ohetik altxa ezinda, gaixorik. Urtero gertatu ohi zait abendua iristean. Gorputzak behar beste eusten dit, egun seinalaturen bat iritsi arte, eta orduan, behin egun hori igarota, agendako hitzorduak bertan behera utzi eta maindirepean gotortzera behartzen nau. Kasu konkretu honetan, barruan pilatutako guztia muki eta malko forman kanporatzera ere bai. Zer den gorputza... Hustu egin behar berriro pixkanaka betetzen hasteko.

Batzuoi onartzea kostatu arren, ingurukoen mimoak jasotzeko uneak izan ohi dira maiz horrelako gaixoaldiak. Lagun batek opor egunen aurretik egin beharrekoen zerrendaz ahaztu eta buruak ere atseden har dezan ahalegintzeko gomendatu —agindu— dit. Aitak amonak prestatutako salda ekarri dit etxera, gorputza berotzeak on egingo didalakoan. Ea zer moduz nagoen galdetu dit ni ikusterako.

Ia pentsatu gabe egin dit ihes erantzunak. Aste honetan BERRIAko zutabearen entrega egokitzen zaidala aipatu diot, eta larrituta nagoela, ez dakidalako egoera honetan fundamentuzko ezer idazterik izango dudan. Esaldi hauek ahoskatu ahala, ohartu naiz agian ez dela normalena gorputzak halako astindua eman eta nire kezka nagusia bi astean behingo zutabe hau izatea. Aitari antzeko zerbait irakurri diot begietan, eta, egoerak hala eskatuta, oraingoan lasaiago hartzen saiatzeko proposatu dit, ez daukadala aldiro mila aldiz hausnartutako gai sakon baten inguruko zutabe original eta zuzentzearen zuzentzeaz egoki orraztu bat igorri beharrik.

Aita nire etxeko atetik irteterako sartu da bertatik mediokridadearen mamua. Lucia Baskaran idazleari honako aipu hau irakurri nion sarean duela ez horrenbeste: «Danele Sarriugartek kontatu zidanez, uste dut Uxue Alberdi izan zela idaztea gure mediokridade propioari aurre egitea zela esan zuena». Horra kezka berberak gurutzatutako hiru emakumezko sortzaile.

Laugarren bat ere entzun berri dut kontzertu intimo baten testuinguruan iruzurtiaren sindromea-ri buruz hitz egiten: Ines Osinaga. Sindrome horri aurre egiteko, emakume sortzaileoi ezinbestekoa zaigu jendaurrera irteten garen bakoitzean gure gaitasuna erakustea, emakume izateagatik ez zaigulako gaitasunik aurresuposatzen. Espazio publikoan gaudenean ez dagokigun leku bat okupatzen ari gara oraindik ere. Justifikatu egin behar dugun toki bat. Eta honako hau izan daiteke justifikatzeko era bakarra: egiten ari garen hori ondo edo oso ondo egitea, inori zalantzan jartzeko zirrikiturik ez uzteko moduan.

Horregatik gertatu da parekidetzat hartu nahi izan den final bateranzko abiapuntuko fasean laurogeita lau bertsolariren artean hamazazpi emakume soilik izatea. Horregatik eratzen dituzte inongo konplexurik gabe belarriko mina eragiteko moduko musika taldeak hainbeste mutil gaztek nerabezaroan. Horregatik haserretu nintzen neure buruarekin behin auzoko festetan goizaldeko ordu txikitan txosnako mikrotik bertsotan «nahiko narrats egiten zuen» norbait aritu zela kontatu eta, nik aukeren artean automatikoki mutilak soilik zerrendatu ondoren, neska bat izan zela esan zidatenean. Horregatik geratzen nintzen isilik umetan bertso-eskolan, buruan ustez perfektua zen bertsoa eratzen nuen arte, inguruko mutikoek lasaitasun osoz edozer kantatzeko eta bertso erdian trabatzeko zilegitasuna sentitzen zuten bitartean. Horregatik ikusten dut neure burua ispilatuta egun isilik geratzen jarraitzen duten neskatoengan. Horregatik ohartarazi zidan irakaslea den lagun batek neskek erantzun zuzenaren jabe direla ziur dakitenean soilik jaso ohi dutela eskua.

Kanpo exijentzien ondoriozko autoexijentzia horrek sortzeko daukagun marjina txikitu eta mediokridadearekiko beldurra handitzen digu, eta hauek garrantzia berezirik gabekoak izanagatik ere, perfektuak izan nahi dugu publikoki egindako agerpen guztietan. Demagun herriko elkarte batek gabonetarako egin nahi duen bideo labur baterako gero inork arretarik jarriko ez dion kopla bat egiteko eskatu digula. Nik argi daukat ez nintzakeela hala moduzko ezer bidaltzera ausartuko.

Geure buruari zor diogu, ordea, tarteka nola-halakoak edo, are, kaskarrak izateko baimena. Noizbehinka erdipurdiko zutabe bat idaztekoa.

BERRIAn argitaratua (2019/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA