bizigiro
Egun, trufa gutxi euskal politikariei
Urtzi Urkizu
Gorka Garcia ETBko saioen zuzendariak, hala ere, esan du umorea jorratzen duten proiektuak lantzen ari direla. «Pilotoak egiten ari gara. Formatu berrien bila gabiltza», adierazi du. ETB2 kateak Y Punto saioa ematen du arratsaldero, eta, bertan, mahai baten bueltan egiten dute irri, gaur-gaurko gaiekin. ETBko ordezkariak nabarmendu du umoreak «eboluzioa» izan duela telebistan: «Hibridazioaren oinarritik abiatuta egin du ibilbidea umoreak: magazinetan, telesailetan, aktualitatea jorratzen duten saioetan, talent show-etan eta late night saioetan».
Katalunian, sekulako arrakasta dute Polònia saioko imitazioek —%23,3ko ikusle kuota du denboraldi honetan, aurrekoan baino puntu bat gehiago; urriaren 24ko saioak %30,4ko kuota bereganatu zuen—. Erreferentetzat jo du programa hori Beñat Iturrioz zinemagile eta musikariak —Ataun of the dead trilogian Hego Euskal Herriko alderdi politiko guztien kontura egin du umorea—. «Polònia saioa bikaina da: mundu guztiarekin sartzen dira, eta beti izan dira ausartak kritikak edo satira politikoak egiten. Espainiako erregeari buruzko esketxak egiten lehenengoetakoak izan ziren, eta, behin haiek ate hori irekita, askatasun handiagoz kritikatu ahal izan zen Juan Carlos I. Borboikoa».
Halakorik ez dago ETBn. Zinemagilearen aburuz, TV3eko umore saioak gidoilari talde sendo bat du atzean, eta hori beharrezkoa da funtzionatuko duen programa bat egiteko. «Umorezko saio bat egiteko, ausardia eta dirua behar dira telebistaren aldetik, baita independentzia eta adierazpen askatasuna bermatuak izatea ere».
«Sortzaileen autozentsura»
Euskarazko umore politikoko saioak aztertzeko, iraganera jo behar da. Iturriozek oroimenean iltzatua du Txoko-Latex: «Gure herriko politikari guztiez egiten zuen barre, modu satirikoan eta unean uneko gai politikoen irakurketa bat eginez, umorez». Zuzendaria Manuel Gil zen, eta Anjel Lertxundirekin batera idazten zituen gidoiak.
ETB1eko azkeneko umorezko saioa Euskalduna naiz, eta zu? izan zen, 2017ko neguan. Behin amaituta, Espainiari eskainitako atalaren bideo manipulatu batek hautsak harrotu zituen. Hainbat alderdik —tartean UPN— eta Espainiako Poliziaren sindikatu batek helegiteak jarri zituzten, saioak «Espainiarekiko gorrotoa» sustatzen zuelakoan. Orduz geroztik, ETB1ek ez du umorezko programarik estreinatu. Baina ETBko saioen arduradunak nabarmendu du orduan gertatutakoak ez duela zerikusirik izan umorezko programarik ez estreinatzearekin, «inondik inora». ETBri hausnarketarako balio izan ziola gaineratu du: «Umorea ezinbestekoa da edozein gizartetan: osasuntsua da oso. Autozentsura balitz umorearen oinarria, ez legoke umorerik. Hori bai, umorea ondo egin beharra dago».
Iturriozen iritziz, aldiz, autozentsura izan ohi dute ETBn proiektuak aurkezten dituzten ekoiztetxeek eta sortzaileek. «Gure telebistak erantzunak eman behar ditu: alde batetik, Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta, bestetik, iritzi publiko euskaldunaren eta espainiarraren aurrean. Legebiltzarrean gehiengoa izan ez arren, presio handia eragiteko gai dira hainbat alderdi politiko, eta horrek berekin ekartzen du umore jakin bat egitera ez arriskatzea». Zinemagilearen arabera, ETB adin guztietako edukiak sortzen tematu ohi da, «eta agian askatasun eta ausardia pixka bat behar da eduki makarragoak edota libreagoak sortzeko».
Gorka Otxoa aktoreak telebistako lauzpabost saiotako mila esketxetan baino gehiagotan parte hartu du. Esketx horien artean, Vaya semanita-ko Los Santxez familiakoak zeuden —ertzain batena egiten zuen Otxoak, eta haren anaia ezker abertzaleko militante gazte bat zen—. «Fenomeno sozial indartsu bat izan zen saioa. Opari bat izan zen niretzat». Aktoreak nabarmendu du garai hartan ETA «aktibo» zegoela. «Dena erlaxatuago dago orain, eta teorian errazagoa beharko luke umore politikoa duen saio bat egiteak». Baina ez dago halakorik. Aktoreari tristura handia ematen dio ETBk euskarazko umorezko saiorik ez egiteak. «Gizarte batentzat beharrezkoa da umore politikoa: funtzio sozial eta terapeutikoa dauka».
Iriarteren ustez, umorea «oso higienizagarria» da, kasu guztietan. Politikariak gogoan du maiz izan dela imitatua ETBn, eta aitortu du batzuetan ez zaiola gustatu. «Baina niregatik baino gehiago, haurrak ziren nire semeengatik, telebistan esaten zena ulertuko ez zutelakoan». Legebiltzarkideak kezka du gizartean umorea galtzen ari delako. «Hain da beharrezkoa barre egiteko gaitasuna, norbere buruarengandik hasita. Adierazpen askatasunaren gaitasuna lantzen du, toleranteagoak egiten gaitu. Barreak gaztetu egiten gaitu, eta politago bihurtu».
Umorearen ideologia
Iriarteren arabera, Euskal Herriko politikariak gaur egun telebistan imitatuko balituzte, zenbaitek ondo hartuko lukete, baina beste batzuek ez. «Dena den, beti pentsatu izan dut botereari normalean ez zaiola batere gustatzen bere bizkar umore egitea».
Umorea beti politikoa dela esan zuen Uxoa Anduaga soziologoak bere doktore tesian, eta zorrotz aztertu du baliabide politiko gisa erabili ohi dela. Euskalduna naiz, eta zu? saioarekin gertatutakoa gogoratuz, Iturriozek kritikatu du zentroak beti duela periferiaz barre egiteko eskubidea eta ohitura, baina alarma guztiak pizten direla periferiatik zentroari buruz barre egiten denean. «Txisteak ideologia dira, eta imajinario kolektiboak eraikitzen dituzte. Horregatik da garrantzitsua euskaldunok geure buruari buruzko txisteak eta umorea egitea; bestela, kanpotik egingo dizkiguten txiste eta estereotipo horiek garela sinetsiko dugu azkenerako».
Zentroaren eta periferiaren arteko talka beste eremu batera eraman du Iturriozek, Vaya semanita-ren adibidea jarrita, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikaren testuinguruaz ohartarazi du. «ETB2ko saio hartan, zentroa EAJ-PSE zen: haiek ordezkatzen zituzten normaltasuna eta zentralitatea. Errazagoa egiten zitzaien PPri buruz eta ezker abertzaleaz barre egitea».
Vaya semanita-rik ere ez da egun ETBn. Eta Otxoari iruditzen zaio jazarpen handia izango luketela 2003-2005 urteen artean egiten zituzten esketxak eginez gero. «Boikotak egiten dira, salaketa batzuk Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen dira, eta sare sozialetan kritika bortitzak zabaltzen dira. Sare sozialen zentsurarekin, atzerantz goaz».
Erresuma Batuko telebistagintzan, tradizio luzea du umore politikoak. Iturriozek gogoratu duenez, musikariek Europan duten errespetu bera dute umoregileek Erresuma Batuan. «Haien kulturan erabat txertatua dago umorea». Iriarteren iritziz, berriz, umorearen bidez egia asko eman daitezke argitara, eta horregatik dute arrakasta saio horiek Erresuma Batuan eta Katalunian. «Umoreak berdindu egiten ditu normalean beste maila batean daudela uste duten politikariak eta herritarrak. Umorea demokratizatzailea da».
Bai Iriartek eta bai Otxoak, bestalde, «arazo orokor» gisa ikusten dute ETB1en umore politikorik ez egotea. «Talentuz betetako profesional ugari daude Euskal Herrian, eta, zoritxarrez, ia denek Madrilera joan behar dute, hemen apenas ekoizten delako ezer», azaldu du aktoreak. EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, uste du ETB1ek komunikabide publiko «normal» bat izan behar duela ahalik eta azkarren: «Normala ordutegietan, edukietan, albistegietan, eta umore saioetan ere bai. ETBk hedabide publiko bat izan behar du, inork agenda markatuko ez diona».
Iturriozek uste du Euskal Telebistak Polònia-ri begiratu beharko liokeela, «satira politikoa bere testuinguruan jarriz eta errepresentatzen dituzten herritarrak defendatuz».