astekaria 2019/12/13
arrowItzuli

iritzia

Kaleko ahotsa nork hartuko du Frantziako erakundeetan?

Lontzi Amado Borthayre

Kaleko ahotsa nork hartuko du Frantziako erakundeetan?

Filmetan bezala, asteazkenera arte, travelling leun eta bare batean gaudela dirudi joan den ostegunetik. Arrakastatsua izan den greba eguna Frantzian, eta batez ere hiriguneak geldirik egon dira. 1995. urteko greba eta borroka heinera ailegatu gabe, datozen greba egunak antzeko espiritu batean garatzen ari dira. Haserre nagusi bat, orduko gobernuaren mespretxu bat, eta doxa politika bertsu bat. Hau da, pragmatismoaren izenean aldarrikatutako alternatibarik gabeko politika neoliberalaren inposizioa.

Mende erdi bat pasatu da, eta orduko aize neoliberalismoaren garaipena nagusia bazen, gaur egun argi dago ziklo baten amaieran gaudela. Hori dela eta, badirudi, ziklo berriari hasiera emateko, «mundu zaharraren» Estatu Sozialaren azken elkartasun adarrak moztu behar direla, unibertsaltasunaren eta berdintasunaren izenean. Mundua injustua bada, guztiontzat izan dadila! Hala, pribilegioen aurka borrokatu behar da, eta E. Macronen gobernuak langile klase pribilegiatuen aurkako borroka darama pentsio erreforma honekin.

Justizia sozialaren izenean, gauetan eta jaiegunetan lan egiten duten tren eta garraio publikoko langileek erretretara joateko urtemuga atzeratu beharko dute. Justizia sozialaren izenean, gehien bizi diren langileek gehiago eta luzeago kotizatu beharko dute pentsio osoa kobratu nahi badute. Baina guztiek %28 kotizatuko badute beraien lan bizian, hilean 10.000 eurotik gorako soldatak dituztenek %2,8 kotizatuko dute soilik. Zergatik? Pentsio sistema pribatu batean kotizatzen ahal izateko eta sistema publikoa arintzeko. Horrela unibertsaltasunak elkartasunari muzin egin ahalko dio eta «arkaismo» sozial bat gehiago ezabatuko da.

F. Fillonek, azken hauteskundeetan argi esan zuen finantza patronalaren aurrean, puntuz egindako pentsio sistema unibertsalaren begipuntuak, pentsioen heina jaisteko balio duela. Eta era berean, publikotasunaren zilegitasuna murriztea, pribatuarena egonkortuz. Helburu nagusia, langileen geheingoa pentsio pribatura eramatea da, finantza merkatua elikatzeko. Merkatua ekonomikoki estatua baino eraginkorragoa baita doxa politika ekonomikorako.

Neoliberalismoaren estrategia ezaguna da. Zergak eta kotizazioak jaisten dira nazioarteko lehiakortasunaren izenean. Ondorioz, aurrekontuak eta gastu sozialak jaitsi eta murrizten dira. Hori dela eta, jendartearen zerbitzu publikoa kaxkartzen da. Beraz, jendartearen parte bat, ahalbide ekonomikoak dituenak, zerbitzu horiek pribatuan kontsumitzen ditu era indibidualean, eta muzin egiten dio, zerga bidez, elkartasun zerbitzu bat ordaintzeari (bi aldiz ez ordaintzeko). Hori pasa da irakaskuntzarekin, osasungintzarekin, garraioekin... Ontsalaz, pentsioekin berdin pasatuko da. Hala, E. Macronek, lapsus baten bidez, azaroan, BFM informazio katean, Ruth Elkriefen galdera bati erantzunez, argi utzi zuen: «Kanpainan esplikatu nuen, puntu sistema berri bat eraikitzea, kapitalizazio pentsioa babestea du helburu... barkatu, partekatze sistema...».

CFDT sindikatuak, ohi denez, mahai gainean dagoen erreformaren alde ez dagoela esan badu ere, kapitalizazio pentsioen alde dagoela azpimarratu du. Eta elkarrizketa sozialaren aldeko aldarria egin du, behin eta berriz. Horren guztiaren, betiko abiapuntu bat jarriz: lan nekagarrien onarpen berezia. 1995ean, 2003an, 2010ean... entzun izan zaion baldintza trinko horrek ez du eginkortasunik izan sekula. Izenpetutakoari Medefek muzin egin diolako behin eta berriz, aplikaezina den printzipio bat dela azpimarratuz. Hala, CFDTk izenpetutako akordio guztiei muzin egin die patronalak. Piketeetan eta manifestaldietan jende askok CFDT traidoretzat dauka, finean batasun sindikala hausten duelako elkarrizketa sozialaren alde eginez eta patronalarekin izenpetzeko, azken horren muzinkeriak garbituz. Lan munduko «l'idiot utile» bilakatuz.

1995ean zentral sindikal gehienak eta ezkerreko alderdiek bideratzen zituzten aldarriak eta haserreak, CFDTrik gabe. Horren ondorioz, Ezker Pluralak irabazi zituen hauteskundeak 1997an, eta 35 orduko lan astea arautu zuten, gobernura ailegatu ostean. Geroztik, onartu behar da ezkerreko alderdiak diluitu direla esparru politikoan. Behintzat, sozialdemokraziaren alderdiak Frantzian, Europan bezala, proiektu eta zilegitasun arazo handiak dituzte langileen interesak ordezkatzeko.

Bestalde, jaka horiak nahiko akratak izan dira, eta sindikalista andana ibili bada bertan, zentral sindikalak oso urrun mantendu dira oro har (lurralde zehatzetan ez bada) mugimendu sozial horretatik. Beraien oldarra ez da, beraz, eremu politiko instituzionalera ailegatu. Baina iragan osteguneko manifestalditan, presentzia murritza izan badute ere, beraien espirituak bazebiltzan bai lemetan, bai eta egin moldeetan ere. Ahouu, ahouu, ahouu (beraien lelo bat) asko entzun zitekeen Frantziako hainbat hiritan, baina, egia esan, askok aldarrikatzen duten batasun borroka ez da gertatu, oraindik.

Finean, iragan den jaka hori borroka urte honekin eta gauden borroka sozial fase honetan, galdera sakon bat egituratzen ari da: borroka hau irabaziko balitz, zer-nolako emaitza politikoa emango du uzta honek? Nork eta nola egituratu dezake ereintza politiko hori etorkizunean?

Zeren eta, galduko balitz, askok badakigu nork irabaziko lukeen epe ertainera landutakoa.

BERRIAn argitaratua (2019/12/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA