astekaria 2019/12/13
arrowItzuli

mundua

GISELA TORRENTS MONEGAL

«Politikak feminizatu egin behar dira, klima krisiari aurre egiteko»

Iñaki Petxarroman

«Politikak feminizatu egin behar dira, klima krisiari aurre egiteko»

Klima krisiari aurre egiteko ere politika feminizatu behar dela azaldu du Gisela Torrents Monegal (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1994) ingurumen aditu eta Bartzelonako UPCko Klima Aldaketaren Gobernantzarako taldeko kideak. Goi bilera sozialean eman du hitzaldia.

Natura eta emakumeak eurak ere gizonen menpe hartzen dituen genero ideologiak eraman du mundua klima krisira. Aldatzen ari al da hori pixkanaka?

Ez dut uste. Badira pertsona batzuk begiak irekitzen hasi direnak eta feminitatea aldarrikatzen ari direnak. Historikoki nagusitu den genero ideologiak rol batzuk eman dizkie gizonei eta beste batzuk emakumeei. Historikoki maskulinotzat jo izan diren balio horiek dira oraindik ere nagusitzen direnak naturarekin harremanetan jartzen garenean. Eta balio horietan oinarritzen dira oraindik ere herrialdeak eta Nazio Batuen Erakundea bera ere.

Hazkunde mugagabea da logika kapitalistaren oinarria, baina horrek talka egiten du planetaren mugekin. Hala ere, horretan jarraitzen dugu. Egoskorkeria hori ere maskulinoa al da?

Maskulinoa eta guztiz zentzugabea, gainera. Azken finean, hazi nahi izatea muga fisikoak dituen espazio batean, bada, ezinezkoa da. Baina klima aldaketari aurre egiteko negoziazioak oraindik ere logika kapitalista horren barruan eramaten dira aurrera. Hau da, kapitala metatzea, baliabide gehiago izatea eta naturgune gehiago ustiatzea.

Emakumea izatea arrisku faktore bat da klima krisi egoera honetan. Zergatik?

Emakumeak eta printzipio femeninoari gehien jarraitzen dioten herri eta komunitateak jasaten ari dira klima krisia modu gogorragoan. Mundu osoan, gainera. Egia da hegoalde globalean oraindik bortitzago pairatzen dituztela, han genero rolak are eta markatuago egoten direlako; hau da, elikaduraren eta ur horniduraren eta zaintzaren ardura ia osoa hartzen dutelako. Baina iparralde globalean ere gehiago eragiten die, pobrezia feminizatua dagoelako.

Ikusten da, halaber, emakumeak ari direla rol aktibo bat hartzen egoerari aurre egiteko, bai salaketaren ikuspegitik eta baita alternatibak eraikitzen ere.

Bi kontu ikusten ditut. NBEko esparru hitzarmen honetan zenbat emakume dauden. Egia da NBEk duela urte batzuk parekidetasun bat lortzeko asmoa azaldu zuela eta gauzak lortu direla. Baina ez gara iritsi parekidetasunera. %60 oraindik gizonak dira. Baina, gobernuz kanpoko erakundeetako egoerak buelta ematen dio horri, haietan askoz ere andre gehiago daudelako. Hau da, lan boluntarioa edo soldatarik gabekoa den tokietan.

Zaintza lana ez da kontuan hartzen ekonomiaren motor moduan. Agian, kontuan hartuko balitz, hasiko lirateke gauzak zertxobait aldatzen?

Bai, eta bilera hauetan ez da eztabaidatzen ari osotasun horretaz, bakarrik klima aldaketak izan ditzakeen balizko irtenbide batzuk kontuan hartzen ditu eztabaidak. Horregatik, guztiz beharrezkoa da presio soziala eta gizarte zibil antolatu bat, beste irtenbide horiek ere aintzat har daitezen: desazkundea, ekofeminismoa... Horregatik, garrantzia du goi bilera sozialak, beste diskurtso paralelo bat eraikitzen laguntzen duelako.

Gero eta gehiago aipatzen dira herri indigenak, beste irtenbide horietan lagun dezakeelako euren munduko ikuskerak.

Hori da. Printzipio femeninoa aipatzen denean, gizarte horietaz ere ari gara. Eta aipatu behar da herri horietan asko sufritzen ari direla. Esan dezagun argi, klima aldaketaren gai honetan badira garaituak eta garaileak. Eta galtzaileen artean ere badira are eta galtzaileagoak direnak. Gizarte hauek haietakoak dira, ez baitute ulertzen mendebaldeko mundu ikuskera hori.

COPen bidea agortutzat ikusten duzu. Zein da beste bidea?

25 urte daramatzagu, eta ikusi dugu zer eman digun. Hartzen diren konpromisoak ez dira nahikoak bi graduz azpiko berotze bat bermatzeko. Beraz, gauzak ondo egiten ari al gara? Planeta mailako krisi batean gaude, eta denok galduko dugu. Beraz, NBEk eta gobernuek planteatu behar dute ea zer lotura behar ditugun herrialdeen artean, hau da, jarraitu behar dugun elkarrekin leihatzen, eskuzabaltasunik eta elkartasunik gabe...

Kontua da zientzialariek oso epe laburrak aipatzen dituztela eta planteatzen diren aldaketak oso sakonak direla.

Krisia hemen dago, onerako eta txarrerako. Edo egokitzen gara, eta sortzen dugu gizarte bat elkartasunean oinarritua, edo denok eroriko gara. Beste gizarte mota bat sortu behar dugu.

Horretan ere lagunduko luke emakume gehiago erabakiguneetan egoteak?

Bai, lagun lezake, baldin eta politika egiten badute emakume gisa. Hau da, politikak feminizatu egin behar dira, bereziki ingurumen politikak. Eta hori ez du zertan emakume batek egin, baina uste dut emakumeek balio batzuk sustraituago daramatzatela, eta errazagoa zaiela modu horretan politika egitea. Eta baita naturarekin lotura handiagoa duten sektoreek ere: nekazariek, indigenek.

Eta hor zein da gizonen rola?

Hona ekarri gaituzten politiken %99 haiek egin dituzte, eta, beraz, politikak feminizatzeaz gain, ona litzateke gizonak ere feminizatzea. Eta bide horretan, kapitalarekin eta leihakortasunarekin zerikusia duen guztiak gero eta zeregin txikiagoa izan beharko luke gure bizitzetan.

BERRIAn argitaratua (2019/12/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA