astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

gizartea

Gizakia Afrikara itzuli zen duela 3.000 urte

Juanma Gallego

Gizakia Afrikara itzuli zen duela 3.000 urte

Bayira deitu dute. Lehen jaiotakoa, gamo herriaren hizkuntzan. Orain dela 4.500 urte Etiopiako mendigunean bizi izan zen Bayira. Ile beltzarana eta begi marroiak izan zituen seguruenera, eta ez omen zen gai animalien esnea edateko. Haren gorputz aztarnak Mota izeneko haitzulo batean gelditu ziren betiko, harik eta, orain dela hiru urte, John Arthur eta Kathryn Arthur arkeologoek lehen jaiotakoaren zantzuak topatu zituzten arte. Azterketa sakona etorri zen ondoren, eta, laster, lehen sorpresak. Hezurretatik DNA ateratzeko aukera ikusi zuten zientzialariek. Iraganeko gizakien ezaugarriak eta populazioen mugimenduak ikertzeko, urrea bezain preziatua da antzinako DNA ikertzaileentzat, baina Afrikan arras zaila da arrasto horiek topatzea. Tenperatura altuek ez dute ahalbidetzen DNAk irautea, baina Bayiraren kasuan patua bestelakoa izan da.

Horri esker, antzinako lehen afrikar baten genoma sekuentziatzeko aukera izan du Cambridgeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Zoologia Saileko Marcos Gallego Llorentek gidatzen duen lantaldeak. Emaitzak Science aldizkarian plazaratu dituzte. Duela 3.000 urte Afrika migrazio handi baten jomuga izan zela ondorioztatu dute. Gizaki horiek Europa eta Ekialde Hurbiletik joan ziren Afrikara, eta, berekin batera, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorretan teknika berriak eraman zituzten. Horregatik, gaur egungo afrikarren genomaren %7k eurasiar jatorria du. Bayirak, ordea, falta du genoman aztarna hori. «Genetikoki, Bayirak erlazio handia dauka gaur egun Etiopiako mendietan bizi diren populazioekin, bereziki ari deritzen herriekin, baina Afrikako gaurko populazioetan topatzen den osagai genetiko bat falta zaio», azaldu du Gallegok.

«Bagenekien orain dela 8.000 urte Ekialde Hurbileko biztanleek nekazaritza eta abeltzaintza Europara ekarri zituztela eta bertako ehiztari biltzaileen populazioetan aldaketa genetiko izugarria eragin zutela», nabarmendu du ikertzaileak. «Orain, ikusi dugu Ekialde Hurbiletik Afrikara beste migrazio bat atera zela». Orain dela gutxira arte, gizaki modernoa kontinente horretatik atera zela zekiten adituek. Duela 130.000 eta 50.000 urte izan ziren mugimendu handi horiek. Oraingo datuek, ordea, zientzialarien susmoa baieztatu dute: gizakia Afrikara bueltatu zen, eta antzinateko populazioen mugimenduak uste baino askoz ere korapilatsuagoak izan ziren.

Sardiniako biztanleak

Mugimendu horren data zehazteaz gain, aztertutako genomak bide are oparoagoa ireki du Gallegoren esanetan. Izan ere, Afrikara «bueltatzeko» bigarren migrazio horren jatorria zehazteko informazioa eskaini du ikerketak. «Gaur egun, Sardiniako biztanleak dira arakatu dugun genoma horrekin loturatik handiena dutenak», esan du ikertzaileak. «Eta hori zeharo interesagarria da, genetikoki Sardiniako biztanleak direlako, hain justu, hurbilen daudenak nekazaritza eta abeltzaintza Europara ekarri zituzten populazioetatik».

Datuak doitu ahal izateko, gaur egungo populazioekin alderatzeaz gain, sekuentziatu diren antzinako beste zenbait genoma aztertu dituzte, parekotasunak eta ezberdintasunak aurkitzeko. Iraganean izandako mugimendu horiek jarraitzea gero eta eskuragarriagoa bada ere, horien atzean egon daitezkeen zioak argitzea askoz ere konplexuagoa da. Antzinako Egiptoko zibilizazioaren hasiera migrazio horrekin lotuta egon ote litekeen galdetuta, zuhurrago azaldu da Gallego. «Baliteke migrazio handi hau Egiptoko aldi arkaikoarekin eta lehen dinastiekin lotuta egotea, eta posible da, orobat, migrazioa aurrena Egipto aldera joan izana eta gero Etiopiarantz. Baina, oraingoz, horren inguruan baieztapenak egitea arras zaila da, mugimendu horien zergatiak susmoak baino ez direlako».

Ikerketak, halaber, genetistei buruhauste ugari eragiten dien beste kontu bat argitzen lagundu du: gaur egungo gizakiengan zenbatekoa den neandertal jatorriko genoma. «Bagenekien Afrikatik kanpoko biztanleen genomaren %2 eta %3 artean neandertala dela. Hori kalkulatzeko, gaur egungo afrikarrak zero gisa hartzen ziren, baina, Motan topatutako gizaki honi esker, orain badakigu Mbutiren gisako gaur egungo afrikar populazioetan gene eurasiarrak %7 direla. Beraz, ondorioa da gaur egungo afrikarren genomaren %0,2 neandertala dela», argitu du adituak. «Aldaketa txikia da, baina kontuan hartzeko modukoa».

BERRIAn argitaratua (2015/10/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA