kirola
JORGE AZANZA
«Muriasen mailara iristea izan behar dugu helburu, zaila izan arren»
Eñaut Agirrebengoa
Garai hauetan, jendea ahaztu egiten da txirrindularitzaz. Zu ordea, lanez gainezka zaude, ezta?
Taldeak koska bat igo behar zuela jakin bezain pronto, datorren denboraldia prestatzeari ekin genion. Egun horretatik gaur arte, erruz egin dugu lan. Gauza asko lotu behar dira: egutegia, txirrindulariak, talde teknikoa... Plangintza egin dugu jada, eta betetzen saiatuko gara. Sasoia berehala hasiko dugu, urtarril amaieran. Aurretik, pare bat egonaldi egingo ditugu.
Orain ereindakoa jasoko duzue gero. Txirrindulariak ere gogor ariko dira entrenatzen, ezta?
Lasterketa guztiak oso garrantzitsuak izango dira guretzat, Espainiako Vueltan egoteko arrazoiak lortu behar ditugulako. Beharrezkoa da lehen probetan ondo aritzea. Noski, horretarako lan handia egin behar da negu partean, eta horretan gabiltza. Txirrindulari asko eguraldi ona egiten duen lekuetan dabiltza entrenatzen, denbora ahalik eta gehien baliatzeko.
Lehen urtea izango duzue Pro Team mailan. Nolako aldartez helduko diozue?
Orain arte, formakuntzara bideratutako talde bat izan gara. Aldiz, fitxaketa garrantzitsuak egin ditugu datorren sasoiari begira; beraz, ez gara soilik itxura ona ematearekin konformatuko; emaitzak lortzen ere saiatuko gara. Izen oneko ziklistak iritsi dira, eta espero dugu lasterketa garrantzitsuetan ondo aritzea.
Hogei txirrindulariko multzoa osatu duzue, lehen zeudenei hamar berri gehituta. Nolako taldea izango da?
Oso engranaje indartsua da. Geneuzkanak oso gazteak dira, baina, era berean, jada hasi dira aurrerapausoak ematen. Etorkizunean gorengo mailan ikusiko ditugun txirrindulariak dira. Bada, taldea osatzeko, jende egina fitxatu dugu, eskarmentu handia duena. Pieza guztiak bere tokian jarri, eta puzzlea osatzen asmatuz gero, gauza oso politak egin ditzakegu.
Talde orekatua dirudi. Alde batetik, ziklista azkarrak dituzue: Juanjo Lobato eta Mikel Aristi, adibidez. Bestetik, Ruben Fernandez eta Mikel Bizkarra eskalatzaileak daude. Nahasketa interesgarria da.
Hala da. Lobato eta Aristi esprinter nagusiak izango dira. Haiekin batera, Julen Irizar eta Mikel Alonso gazteak ere hor ditugu. Oraindik ez dute emaitza handirik lortu, baina asko haziko diren esperantza dugu. Eta gero, eskalatzaile ugari izango dugu: zuk aipatutako Fernandez eta Bizkarra, Unai Cuadrado, Gotzon Martin... Gazteak beteranoekin batera haztea da gure nahia.
Ehiztari euskaldunaren figura ere ez da faltako, ezta?
Oldarkortasunak izan behar du gure bereizgarria. Ihesaldietan sartzea izango da gure ezaugarri nagusietako bat. Zeregin horretan oso trebeak dira Mikel Iturria, Gari Bravo eta halako txirrindulariak. Ahal den guztietan zeresana ematen ahaleginduko gara.
Lobatok palmares aipagarria dauka. Besteak beste, hamabost garaipen lortu ditu profesionaletan, eta laugarren izan zen 2014ko Milan-Sanremon. Haatik, gainbehera izan du azken urteetan. Hura suspertzea erronka handia izango da zuretzat, ezta?
Erronka horiek gustatzen zaizkit gehien. Lobato, gainera, Euskaltelen nire taldekide izandakoa da, eta oso harreman estua dut harekin. Gogo handia dut haren mailarik onena berreskuratzeko. Ruben Fernandezen inguruan, beste horrenbeste esan dezaket. Haiei suspertzen laguntzea da talde moduan dugun helburu nagusietako bat. Hori lortuz gero, gainontzeko txirrindulariak ere hazi egingo dira, aurten Sergio Higuitarekin gertatu zaigun moduan.
Egutegiari erreparatuz, San Juango itzulian eta Mallorcako Challengean abiatuko duzue denboraldia. Eta hortik aurrera, zein lasterketatan ariko zarete?
Bi adar izango ditugu. Alde batetik, Valentzia, Andaluzia eta Espainiako Estatuko beste lasterketa batzuk egongo dira. Eta bestetik, Frantziako probak. Gero, martxoan eta apirilean, funtsezko bi proba izango ditugu: Kataluniako Volta eta Euskal Herriko Itzulia.
Itzulia gorriz biribildua izango duzue egutegian, edo?
Denboraldiko lehen helburu handia izango da; eta urte osokoa ere bai, ziurrenik. Guretzat, ederra izango da etxeko lasterketarik garrantzitsuenean parte hartzea. Maila polita ematen, eta talde gisa ondo moldatzen saiatuko gara. Ilusio handia dugu. Eta, noski, Donostiko Klasikoa ere helburu nagusien artean dago.
Datorren urtean, inoiz baino garestiago egongo dira Espainiako Vueltan parte hartzeko gonbidapenak. Hasieran, bi baino ez dira egongo; hiru, Direct Energiek bereari uko egiten badio. Presiopean ariko zarete, beraz.
Badakigu oso zaila izango dela bertan izatea, baina gogor egingo dugu lan horretarako. Gure erronka nagusia izango da. Guk gure kirol argudioak mahai gainean jarri behar ditugu. Hau da, gure esku dagoena egin behar dugu. Gainontzeko taldeek ere merituak egin ditzakete, baina guk gureari erreparatuko diogu soilik.
Ados zaude UCIk hartutako ildoarekin?
Nik ez dut ondo ikusten taldeak egonda parte hartzeko aukerarik ez izatea. Txirrindulari kopuruaren murrizketarekin ere ez nator bat. Azken finean, berdin dio 176 egon, edo 200 egon. Eta 200 egonda, beste hiru talde sartzeko aukera legoke. Hala zen nik korritzen nuenean, eta ez zegoen gaur egun baino eroriko gehiago. Nire ustez, ondo legoke UCIk hor nolabaiteko tarte bat uztea, behintzat etxeko taldeek itzuli handietan aritzeko aukera izan dezaten.
Orain, Vuelta duzue jomugan, eta luzera begira, Frantziako Tourrean aritzea duzue amets. 2023koa aproposa izan liteke, Euskal Herrian izan bailezake hasiera.
Akuilua da, baina, era berean, amets bat besterik ez da oraindik. Vueltan aritzeko ere ez dugu gonbidapenik; beraz, goiz da oraindik Tourrean pentsatzen hasteko. Baina tira, ametsak izatea ere ondo dago, borrokatzeko arrazoiak ematen baitizkizute. Pausoz pauso joan behar dugu, lana ahalik eta ondoen egiten, lasterketetan ondo lehiatuz, eta ea noraino iristeko gai garen.
Printzipioz, epe luzera begira eraikitako talde bat zarete. Lasaitasun handia ematen dizue egonkortasun horrek?
Noski. Ni 2014an hasi nintzen kirol zuzendari lanetan, eta orduan, amateur mailan zegoen taldea. Urtez urte urratsak eginez joan da, eta dagoeneko Pro Team mailara iritsi gara. Oso marka garrantzitsuak ditugu atzean: Orbea, Etxeondo, Laboral Kutxa... Apustua handia egin dute gure alde, eta aprobetxatu egin behar dugu. Kirol arloan pauso garrantzitsuak eman dira, eta gainontzeko alorretan ere, berdin. Geroz eta jende gehiago ari da bestelako arloetan oso lan ona egiten. Horrek guztiak egonkortasuna emango dio proiektuari.
Zuek Muriasi falta izan zaion babesa duzuela esan daiteke?
Guk aipaturiko enpresen sostengua dugu, eta oso pozgarria da. Lasaitasun handia ematen dizu. Ziklismoa halakoa da: lasterketak irabazi arren dirurik ez baduzu, desagertu egiten zara. Enpresak erakartzea funtsezkoa da. Hori horrela, errepidean ondo ibiltzea dagokigu guri, etorkizunean sostengu hori izaten jarraitzeko.
Murias desagertuta, zuek izango zarete erreferentzia Euskal Herrian?
Bai. Guretzat ez da albiste ona izan Murias desagertu izana, ezta gutxiago ere, Bi talde egoteak aukerak handitzen ditu. Orain, arreta guztia gugan egongo da jarrita. Errepidean gauzak txukun egiten baditugu, uste dut amets egiteko moduko taldea izan gaitezkeela.
Errepideko jardunari erreparatuta, Murias ispilu ona izan daiteke zuentzat?
Bakoitzak bere ezaugarriak eta bere nortasuna dauka, baina garbi dago Muriasen azken bi denboraldiak ikaragarriak izan direla. Lan benetan txalogarria egin dute. Zaila izango da halako mailan jardutea, baina helburu hori izan behar dugu, eta garbi daukat gogor borrokatuko garela.
Marea laranja berreskuratzea ere helburu polita izan liteke.
Bai, baina ezin diogu bakarrik horri begiratu. Laranja koloreak agian nahasmena eragin dezake. Izan ere, gu oraindik ez gaude Euskaltelen mailan. Pazientziaz egin behar ditugu gauzak, pixkanaka jendearen arreta pizteko. Osagaiak baditugu zaleengana iristeko, baina kontuz jokatu behar dugu, konparazioek nahasmena eragin ez dezaten. Ekonomikoki, talde oso indartsua izan zen Euskaltel, kirol arloan bezala, eta, oraingoz, alderaketak saihestu egin behar dira.
Emakumezkoen taldea eta 23 urtez azpikoen taldea izaten segituko duzue. Hots, aurrerantzean re harrobiak garrantzia izango du.
Azken batean, Fundazioaren oinarrietako bat da hori. Betidanik egin du apustu irmoa harrobiaren alde. Eta, horretaz aparte, arlo soziala ere lantzen du. Hau da, ez da talde profesional soil bat. Uste dut bestelako esparruetan egiten den lana ere azpimarratu behar dela.
Zu barrutik ari zara bizitzen taldearen hazkundea. Zuretzat zeuretzat nolako esperientzia ari da izaten?
Ederra. Euskadi Fundazioa 2007an ezagutu nuen, txirrindulari nintzela Euskaltelera iritsi nintzenean. Gero, ziklista izateari utzi nionean, urtebeteko atsedenaldia hartu nuen, neure burua kokatzeko. Eta 2014an, kirol zuzendari postua eskaini zidan Gorka Gerrikagoitiak. Oso eskerturik nago.
2017az geroztik, Mikel Landa da Fundazioko zuzendaria. Nolakoa da harekin lan egitea?
Mikelen ahalegina eta inplikazioa txapela kentzeko modukoa da. Harreman estua izan dugu beti, eta oso erraza da harekin lan egitea. Lehen unetik hartu ninduen kontuan, eta, orain, lan bikaina egitea zor diot.
Prest ikusten duzu zeure burua datorkizun erronkarako?
Gauzarik sinpleena, eta, era berean, garrantzitsuena, zure taldearen maila ondo ezagutzea da, eta helburuak horren arabera ipintzea. Guk lehengaiak baditugu, eta horiek ustiatzea dagokit niri. Horretarako prest nago. Urte asko daramatzat txirrindularitzan; beraz, badut nahikoa eskarmentu erronkari behar bezala heltzeko.