astekaria 2019/12/13
arrowItzuli

mundua

ADRIA CARRASCO

«Ezin dugu uste izan borrokak ez duela ondoriorik izango»

Carme Porta

«Ezin dugu uste izan borrokak ez duela ondoriorik izango»

Esplugues del Llobregateko CDR errepublikaren defentsarako batzordeko kidea da Adria Carrasco. 2018ko apirilean Guardia Zibila hura atxilotzera joan zen, terrorismoa egotzita —Tamara Carrascorekin egin zuen bezala, zeina atxilotu egin zuten, eta urtebete egin zuen preso Viladecansen—. Adriak ihes egitea lortu zuen, eta gaur egun erbestean bizi da, Bruselan. Han egina da elkarrizketa.

Joan dira bi urte urriaren 1etik, 19 hilabete zu atxilotzera joan zirela, eta 14 hilabete erbestean zaudela. Nola bizi duzu guztia?

Hasieran, ez duzu sinesten: telebistan ikusten duzu, zure herria, zure kalea... Ohartzen zaren arte: hori ni naiz, hau benetakoa da! Denbora joan zen barneratzea lortu nuen arte. Zorionez, inguru zoragarria daukat, eta une oro jakin zuten zer egin, eta egin ahal izan genuen: ni atxilotzea saihestu genuen. Erbestea onartuz joaten zara: hemen nago. Nire bizitza orain hemen dago, eta hutsetik hasi beharko dut. Ahaztu ere egiten duzu batzuetan, eta kolpetik ohartzen zara berriz. Asko lagundu didan jendea aurkitu dut. Maite dudan jendea dut inguruan. Bizi egin nahi dut, eta mugimenduari laguntzen jarraitu, nahi nukeen baino gutxiago izan arren.

Nola sortzen dira lotura politiko eta pertsonal horiek?

Ezinbestean, han dagoen jendearekiko harremana gero eta urrunagokoa da; ezin da ohiko harreman bat izan gehienez ere sei hilabetean behin ikusten duzun norbaitekin. Gurasoekin, gehiago ikusten ditudanez, saiatzen naiz ahalik eta harreman normalenari eusten. Orain nire bizitza hemen dago, eta aurrera jarraitzen dut, ezin zarelako etengabe tentsioan egon, salbuespenezko buru egoera batean. Onerako edo txarrerako, onartu egin behar dut.

Zer balorazio egiten duzu urriaren 1az geroztik izan den garapen politikoaz?

Uste dut jarduera gutxi izan direla, gutxiegi; eta, gehiegitan, buruzagiak nora jo erabaki zain egoten da jendea. Tsunamiak beste maila bateko mugimendua ordezkatzen du orain; buruzagirik gabeko autoantolaketa bat da ia. Normala da gorabeherak egotea; mobilizazioak puntu gorenera heldu dira, eta, gero, gain behera joan dira. Baina kontakizuna arrakasta izaten ari da: badituzte bitartekoak, badute lortzeko boterea, eta bitarteko asko erabiltzen dituzte arrakasta izan dezan. Herritar gehienek, Katalunian ziur, zalantzan jarri dute kontakizun ofiziala. Espainian, zail da esatea, baina uste dut lan handiagoa dagoela egiteko; babes handia jasotzen dugu Espainiako jendearengandik, baina gehienek bertsio ofiziala sinesten dute. Eta Europan, uf! Hemen bertan egunero egiten dituzte hainbat gai garrantzitsurekin lotutako mobilizazioak. Batzuetan Kataluniaren eskubideen ingurukoak dira, preso eta erbesteratuen aldekoak. Hurrengo egunean beste bat egiten dute, askoz larriagoa iruditzen zaidana, Mediterraneoko kostaldeko herrialde bateko esklabotza amaitzeko, eta hori oso gogorra da. Agian, ez digute kasu egiten badaudelako gai larriagoak. Ez da aitzakia. Gizarteko testuinguru bakoitzak bere eskubideen alde borrokatu behar du, horiek hobetzeko. Baina Europa, finean, Espainiaren gai berarekin egina dago; testuingurua ez da oso desberdina.

Bada urte bat esan zenuela ez zinetela azkenak izango. Duela gutxi atxilotu eta espetxeratu dituzte CDRko beste kide batzuk, eta haietako batek preso segitzen du, haren eskubideak urratu dituztela aitortu arren.

Ez diot garrantzia kendu nahi, baina epaia da gutxienekoa. Gertueneko ingurua suntsitzea da helburua, mugimendua beldurtzea; leporatzen dizutena da kolpea, eta horrek dakarrena. Euskal Herrian esperientzia handia dute. Estatuak horren muturreko neurriak erabili behar baditu, esan nahi du bide zuzena hartu dugula. Ezin dugu uste izan borrokak ez dituela ondorioak izango; horrek ez du esan nahi errepresioa normalizatzea, eta haren aurka borrokatu behar dugu, baina prozesuaren barruan dago, eta onartu behar dugu sakrifizioak egongo direla. Aintzat hartu behar dugu munstroa erorrarazteko ari garela jokatzen.

Baina, adibidez, Altsasuko kasuan, duela hiru urteko jaietako gau batez geroztik zortzi gazte kartzelan daude. Agian, errepresioa ez da bakarrik bide zuzenetik joatea, izan daiteke estatuak kontrola eduki nahi duela?

Estatuak beti behar du etsai bat. Altsasuko kasua agerikoa da: egiten duzuna garrantzitsua da, baina eraman nahi bazaituzte, eramango zaituzte. Botereak elkarri lotuta daude, eta zigorgabetasun izugarria dute. Horren argi dago ez dagoela inpartzialtasunik, ezen justizia ez baita benetan independentea... Lotsagarria da. Azkenean, betikoan gaude: trantsizioa antzerkia izan zen, eta boterean zeudenek jarraitzen dute, nahiz eta beste aurpegi bat izan. Joera bera da: zigorgabetasuna, jendea izutzea, bizitzak hondatzea, hori saihesteko ezer egin ezin duzularik. Eta dagoen testuinguru politikoarekin, zenbaterainoko interesa du Europak? Faxismoak gora egiten badu hainbat estatutan, eskubideak eroriz doaz.

Hala ere, errepresioak ezustean harrapatu zintuen.

Bai, apur bat bai. Jende asko orain sartu da independentismoan, eta ohartu da errepresioa benetakoa dela. Badira sektoreak, independentistenak eta bestelakoak, urte asko daramatenak errepresioaren aurka borrokan, bazekitenak terrorismoarekin lotutako salaketek ez zutela funtsik: Pandora eta Altsasuko kasuak horietako bi besterik ez dira. Nik banekien gerta zitekeela, baina zure bila datozenean... Egia esan, inoiz ez duzu espero zuri gertatzea; uste duzu oso aukera gutxi daudela. Baina hori da gutxienekoa. Argi dago atxiloketek, espetxeak eta erbesteak ez dutela zentzurik.

Zer egoeratan dago zure kasua?

Duela urtebete Auzitegi Nazionalak utzi zion terrorismoagatik, matxinadagatik eta sedizioagatik ikertzeari; horrek frogatzen du ez zuela oinarri edo arrazoirik, eta salaketa aurkeztu eta izutzea zela asmo bakarra. Une hartan, ustez delitua egin zen auzitegietara helarazi zuten kasua: Granollers eta Vilanovara. Hura noiz artxibatu edo zerbait egingo duten zain gaude; ez dute ezer egin, eta zain gaude. Ez dago egunik, soilik instrukzioak ezarritako epemugak; oraindik ez dakigu fiskaltzak luzapenik eskatu ote duen. Kasua artxibatuko balute, eta aurkitu eta atxilotzeko agindua atzera bota, Kataluniara itzuliko nintzateke. Baina heltzen da une bat non zain egoteari uzten diozun; hemen bizi naiz, eta ez nago zain, bestela ez nintzateke biziko. Iristen denean iritsiko da.

Uste duzu Espainiako azken hauteskundeen ondoren aldaketarik etorriko dela?

Ez du lagunduko, PSOE ez delako benetako alderdi sozialista, eta ez dut uste Podemosek ezer mugitzeko indarrik izango duenik; baina, izango balu ere, ikusteko dago zer egin nahiko luketen.

BERRIAn argitaratua (2019/12/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA