astekaria 2019/12/13
arrowItzuli

gizartea

Izokinek Elizondoraino iristea lortu dute, bideko oztopoak kenduta

Edurne Elizondo

Izokinek Elizondoraino iristea lortu dute, bideko oztopoak kenduta

Goiti, bide osoan. Goiti, Elizondoraino (Nafarroa). Bidasoko izokinak aspaldi galdutako erreketara itzuli dira azken bi urteotan, beren zikloa burutzera. Iaz eta aurten, udaberrian eta udazkenean, hainba t animalia markatu dituzte Nafarroako Ingurumen Departamentuko adituek, eta, haien bideari jarraituz, Elizondoko Txokotoko presaraino ailegatu dira. Gainditu egin dute oztopo hori ere, eta presatik gora iritsi dira, gutxienez, markatutako bi izokin. Azaroko euria izan dute lagun, batetik; bertzetik, azken hamar urteotan ibaiaren bidean dauden oztopoak kentzeko egindako ahalegina.



Azken urteotan, Life Irekibai proiektuaren barruan egin dituzte Bidasoko presak behera botatzeko lanak. Endarlatsakoa eta Berakoa bota zituzten 2016an, adibidez, ibaiaren beheko aldean. «Izokin guztiek pasatu behar dute handik, eta, zalantzarik gabe, oztopo horiek kendu izanak anitz lagundu die bidean gora jarraitzen. Lehen, izokin gutxi batzuk ailegatzen ziren Bertizeraino, gehienez ere; aurten, markatutako hemeretzi izokinetatik 11 Doneztebetik goiti dira; haietako hiru ailegatu dira Elizondora», nabarmendu du Ingurumen Departamentuko biologo Jose Ardaiz Ganuzak.

Hasieran izokinen bideari jarraitzeko asmorik ez zutela azaldu du biologoak, baina, bi urteotan egin eta gero, lortutako emaitzekin «harrituta» daudela onartu du. Ontzat jo du urratsa egin izana, Bidasoan egiten ari diren lanen eragina agerian utzi duelako. «Azken 40 edo 50 urteotan egin dira izokin kumeak ibaian askatzeko saioak, baina horrek ez du ekarri animalion populazioak gora egitea; oztopoak kentzeko lanak eragin du, ordea, Bidasoan gora egiten duten izokinen kopurua handitzea», erran du Ardaiz Ganuzak.

Gobernua 2007an hasi zen Bidasoko presa eta gainerako oztopo nagusiak kentzen, edo, gutxienez, arrainek gaindi zitzaten moldatzen. «Ordura arte, urtean batez beste 200-300 izokin ari ziren ibaian sartzen; azken hamar urteotan, 400 izokinekoa da batezbestekoa, eta 500 eta 600 ere sartu izan dira; ia 700 noizbait».

Sortu eta hil

Bost urtekoa izaten ohi da izokinen zikloa. Jaio eta gero, sortu diren errekan bi negu ematen dute, eta, ondoren, Ipar itsasorako bidea hartzen dute. Itsasoan bertze negu bat edo bi ematen dute errekara itzuli aurretik. Itsasoan hiru negu egoten diren izokinak ere badira, baina gutxi dira. Errekan, arrautzak jarri eta gero, izokin gehienak hil egiten dira. Bakar batzuek, hala ere, itsasorako bidea egiten dute bigarrenez.

Bide hori, berez, zaila da izokinentzat. Pilatutako koipe guztia baliatzen dute sortu zireneko errekako ur emariaren bila. Azken hatsa ematen dute zeregin horretan: belaunaldi berria sortzen hiltzen dira. Egin behar duten ahalegina are handiagoa da bidean gizakiak eraikitako oztopoekin topo egiten dutenean. Eta Bidasoan anitz dira ur emaria erregulatzeko egindako azpiegiturak. «Sunbilla eta Doneztebe artean, batez ere. Ibaiaren zati horretan ura ez doa bere bidetik: erretenetatik doa, edo urmaeletan bildua dago», erran du Ardaiz Ganuzak.

Horrek, noski, ez dio onik egiten izokinari. Bere bidean behar du ur bizia eta garbia. «Urmaeletan biltzen denean, ura ez da behar bezainbertze berritzen, eta berotu egiten da. Sedimentuak, gainera, pilatu egiten dira». Bidasoan gorago eginez, hain zuzen ere, ur garbiagoa aurkitzen dute izokinek, oxigeno gehiagorekin. Gainera, arrautzak jartzeko ohi baino toki gehiago aukeratu izanak populazioari egiten dio mesede: «Toki gutxi direnean, denak espazio berean pilatzen dira, eta uholdeak gertatuz gero, adibidez, denek pairatzen dituzte kalteak; toki anitz egonda, Donezteben bat-batean gertatzen ahal den ekaitza batek, akaso, hango izokinei eraginen die, baina ez, ordea, Baztan aldean direnei».

Gorago ailegatu da izokina Bidasoko arroan, oztopoak kentzeko egindako urratsei esker. Baina oraindik ere lan handia da egiteko. Oztopo anitz da behera botatzeko, Ardaiz Ganuzak nabarmendu duenez. Nagusietako bat da Iruritako Oharrizko presa, Elizondotik bost kilometrora. «Presa horretan ez dago inolako azpiegiturarik arrainen bidea errazteko. Bada garaia konponbide bat bilatzeko, oztopo handia baita izokinentzat eta bertze animalia anitzentzat». Indarrean dagoen kontzesio bat du presa horrek. Herriko piszifaktoriako jabeak erabiltzen du. «Harekin harremanetan jarri nahi dugu, izokinentzat bidea egin dezan», berretsi du Ingurumen Departamentuko biologoak.

Iaz, hain zuzen ere, Oharrizko presa hori izan zen markatutako izokinen muga. Hogeita zortzi markatu zituzten, zehazki, eta haietako hiru ailegatu ziren Doneztebeko San Tiburcio presaraino. Batek lortu zuen gorago jarraitzea, Oharrizko presaraino.

Iazko eta aurtengo dinamiketan aldea sumatu dute Ingurumen Departamentuko adituek. «Iaz, nahiko mantso egin zuten bide hori; aurten, anitzez ere azkarrago aritu dira». Azaroko euriak eman die Bidasoan bide hori egiteko aukera izokinei, Ardaiz Ganuzak aipatu duenez. «Behar zuten ur emaria izan dute; ez gehiegi, ez gutxiegi». Ezustean harrapatu zituzten izokinek adituak, Elizondoko Txokotoko presara ailegatu zirenean, hain zuzen ere. «Zikina zela ohartu, eta korrika eta presaka garbitu genuen, izokinek bidea jarraitzeko», kontatu du biologoak.

Erakusketa

Life Irekibai proiektuak bertze egitasmo bat jarri du martxan egunotan, Bidasoan izokinekin egindako lanaren osagarri: erakusketa bat zabaldu dute Ingurumen Departamentuak Iruñeko Gonzalez Tablas karrikan duen egoitzan, Bidasoan eta gisako ibaietan dauden oztopoek duten eragina azaltzeko herritarrei. Abenduaren 15era arte egonen da departamentuan, eta, gero, hilaren 16tik aurrera, Bertizko jaurerrian jarriko dute. Asmoa da handik bertze hainbat herritara eramatea, tartean Elizondo, Sunbilla eta Berara.

Labrit Multimedia etxeak prestatu du erakusketa. Departamentuaren egoitza erreka bilakatu nahi izan dute han jarritako argazkien eta panelen bidez; Bidasoa eraman dute eraikinera, han bizi diren animaliekin eta ibaiertzetako landare eta zuhaitzekin batera.

Nafarroatik harago jo nahi izan du erakusketak, hala ere. «Ibaiek berezkoa duten bidea berreskura dezaten bada mugimendu bat nazioartean, eta horren berri eman nahi izan dugu», azaldu du Labrit Multimediako Gaizka Arangurenek. Bi lan ildo osagarri ditu mugimendu horrek: «Arrainen migrazioa babestea du helburu batek, eta ibaietako presak behera botatzea besteak», zehaztu du.

Mugimendu horrek Finlandiako Seppo Leinonek egindako ilustrazioa baliatu du, eta Labrit Multimediaren erakusketak irudi hori hartu eta Bidasoko testuingurura moldatu du. Izokina, amuarraina, igaraba eta bertze hainbat animalia jarri dituzte presa baten aurrean askatasuna eskatzen. Gora egin nahi dutelako.

BERRIAn argitaratua (2019/12/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA