bizigiro
Itsu makila munduko txerriei laguntzeko
Jakes Goikoetxea
Euskal Herrian ez dago txerri izurrite afrikarraren kasurik. Alerta egoera indarrean dago, ordea, eta kasu bakar batek dardarka jarriko luke sektore guztia. Zer esanik ez Espainian, txerrien eta txerrikien industriaren garrantzia ikusita. Txerri izurri afrikarra oso erraz irits baitaiteke munduko edozein txokotara: txerrien bidez kutsatu daiteke, basurdeen bidez, txerrikietan... Birusa kutsatutako arropatan joan daiteke munduko punta batetik bestera.
Ez dago txertorik birusaren kontra, eta, kasuren bat gertatuz gero, kutsatutako txerriak isolatzea eta hiltzea da aukera bakarra.
Txerri izurri afrikarrari aurre egin ahal izateko urrats garrantzitsua egin dute Euskal Herrian. Derioko (Bizkaia) CIC Bioguneko talde batek -Madrilgo Severo Ochoa zentroarekin elkarlanean- birusaren hiru dimentsioko egitura argitu du. Birusaren egitura ezagututa, ikerketa taldeek eta botika enpresek hari aurre egiteko modu zehatzagoak eta eraginkorragoak landu ditzakete. Txertoak, esaterako.
«Itsu makila bat edukiko bazenu bezala da: badakizu zer ari zaren ukitzen», azaldu du Nicola Abresciak. «Lehen itsu-itsuan zebiltzan, edota birusaren bi dimentsioko argazkietan oinarrituta; orain, aldiz, hobeto ulertzen da birusa nolakoa den eta nola osatzen den. Nola eraso egin erabaki dezakezu». CIC Bioguneko Ikerbasquen ikertzailea da milandarra. Haren taldeak argitu du birusaren egitura. The Journal of Biological Chemistry aldizkarian argitaratu dute artikulua.
Deriokoa ez da txerri izurriaren birusean interesa duen ikerketa talde bakarra, ezta birusaren egitura argitu duen bakarra ere. Txinako Gobernuak, herrialdean eragiten ari den sarraskia ikusita, birusa ikertzen jarri zituen herrialdeko hiru ikerketa talde nagusiak, eta haiek ere birusaren egiturak kaleratu dituzte irailean eta urrian, Derioko taldeak baino bereizmen handiagoan eta pixka bat lehenago. «Baina birusaren egitura bera da», argitu du Abresciak. Txinako ikerketen abiadura ikusita, CIC Bioguneko taldeak ere azkartu egin zuen berea. Beraz, birusaren egiturari buruzko lau artikulu argitaratu dira denbora gutxian.
«Birus erraldoia» da txerri izurri afrikarrarena. 2.400 angstromeko diametroa du. Hamar milioi angstrom sartzen dira milimetro batean. Abresciak nabarmendu duenez, eskarmentu handia dute neurri handiko birus konplexuak aztertzen.
Birus babestua
Birusaren geruza kopuruak, babes mailak harritu ditu CIC Bioguneko ikerlariak. Tipula baten modukoa da, eta birusaren genoma babesten du.
Txerri izurri afrikarraren birusak mintz bat du kanpoan, lipidoz osatua. «Zelula sortu eta gero, birusak bertatik atera behar izaten du», argitu du Abresciak. «Ateratzean, zelularen mintza hartzen du, beroki bat jantziko balu bezala. Esfera baten modukoa da».
Mintz horren azpian dago lehen kapsidea -proteinaz osatutako geruza bat-, ikosaedro formakoa -hogei aurpegiko poliedroa-. Egitura konplexukoa da: proteina beraren 8.280 kopia daude, guztiak modu berean tolestuta eta kapsidea osatzeko antolatuta. «Horrek esan nahi du denek oso ondo koordinatuta egon behar dutela», Abresciaren arabera. «Guk argitu egin dugu, ez bakarrik birusaren arkitektura osoa, baita proteina horiek birusa osatzeko nola antolatzen diren ere».
Kapsidearen barruan, beste lipido geruza bat, baina, kanpokoa ez bezala, forma zehatzekoa: ikosaedro bat. Eta, geruza horren barruan, beste kapside bat, hori ere ikosaedro formakoa, baina egitura aldetik kanpokoa baino askoz ere sinpleagoa. Barruko kapsidea osatzen duten kapsomeroek sei petaloko bitxilore baten forma dute. Kanpoko geruzako proteinak eta barrukoak ezberdinak dira. Oraindik identifikatu gabe dituzte barruko proteinak.
Bigarren kapsidearen barruan dago birusaren genoma, «oso babestua». Kutxa gotor batekin alderatu izan du Abresciak.
Txerri izurri afrikarraren birusak ez du beste birus batzuen antzik. «Bi lipido geruza, bi kapside... bakarra da». Beste birus batzuen antzekoa bada, zenbait ezaugarritan: «Kanpoko kapsidea osatzen duten 8.280 proteinen tolestura beste birus batzuen oso antzekoa da. Adenobirusaren tolestura bera da».
CIC Bioguneko taldeak txerri izurri afrikarraren birusaren egitura argitu du. Teknologia kontu hutsa eman dezake. Birusa isolatzea eta mikroskopio indartsu batekin begiratzea eta aztertzea. Ez da hain sinplea, ordea.
Abresciaren taldea bere kabuz ikertzen hasi zen, duela bi urte inguru. Italiarrak harremana du biologia molekularreko Madrilgo Severo Ochoa zentroko German Andres doktorearekin. Andresen taldeak urte asko daramatza txerri izurri afrikarra ikertzen.
Bi taldeen interesek bat egiten zutela ikusita, elkarrekin lanean hasi ziren. Elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Abresciak, hainbat ezagutzak bat egin dutelako emaitza lortzeko. «Andresen taldeak birusak sortu ditu». Birusak isolatu eta mikroskopioan ikusi ahal izateko prestatu.
Birus horiek CIC Bioguneko mikroskopioan ikusi eta aztertu zituzten. Bi dimentsiotan. Urrats horrek balio izan zien neurtzeko ea lortutako laginen kalitatea eta kantitatea nahikoak ziren hiru dimentsioko berregite bat abiatzeko. Proiektua bideragarria zela ikusi zutenean, Herbehereetako Necen erakundera eta Ingalaterrako eBICera jo zuten, hango bereizmen handiko mikroskopioetan laginei buruzko informazioa jasotzeko. Sei egun guztira.
Beren baliabideak Txinako ikerketa taldeek izan dituztenekin alderatu ditu: txinatarrek hilabete oso bat izan zuten bereizmen handiko mikroskopio batean egunero laginak jasotzeko. Utopia bat, CIC Biogunekoentzat.
Kriomikroskopia baliatu dute; hau da, birusak beiraztatu egin dituzte, izoztuz, laginek mikroskopioaren elektroi uhinen azpian asko ez sufritzeko.
Ikusi eta interpretatu
Euskal Herrira bueltan, irudiak aztertzen eta prozesatzen hasi ziren, hiru dimentsioko egitura eraikitzeko. Interpretatzen ere bai: «Interpretatu egin behar dituzu konposizio ezberdinak. Kasu honetan, birusak lau geruza zituen, eta interpretatu egin behar ziren. Ikertu egin behar genuen non zegoen kapsideko proteina, nola antolatzen den...».
Berreraikitze softwarea -algoritmoak- eta CIC Bioguneko ordenagailuak erabili dituzte prozesuan. Erronka izan da birusaren tamainagatik, zaildu egiten baitu datuak biltzea eta irudiak prozesatzea. Datu bolumen izugarria kudeatu behar izan dute.
Egitura argituta, datu base publiko batean utziko dute aurkitutako guztia, ikertzaileen eta interesdunen esku. Hala egin dute Txinako ikerketa taldeek ere. Abresciaren taldearen ikerketa, dena den, ez da amaitu, eta txerri izurri afrikarra ikertzen segituko du: «Hainbat helduleku ditugu».
Berez, birusak ikertzen dituzte, birusak nolakoak diren hiru dimentsiotan: «Ulertzen badugu birus bat nola egina dagoen, aukera gehiago izango ditugu aurre egiteko». Eta, Abresciaren iritziz, herrialde aberats askotan birusei buruzko informazio eta kultura falta handia dago: «Mendebaldeak ez du gaixotasun infekzioso birikoetan pentsatzen etxe ondoan eduki arte. Ikasi behar dugu mundu global batean bizi garela, eta Txinan eta Filipinetan gertatzen den zerbait ez dagoela gugandik oso urruti».
Txerri izurri afrikarrak ez ditu gizakiak hiltzen. Ezta gaixotu ere. Kaltetu bai, ordea, Abresciak nabarmendu duenez: «Sentiberak izan behar dugu gizarte gisa. Animalien birusa da, baina epidemia batek sortu ditzakeen kalteak sekulakoak izan daitezke: lanpostuak, familiak...».