astekaria 2019/12/07
arrowItzuli

mundua

Aurkia eta ifrentzua

Zigor Aldama

Aurkia eta ifrentzua

Baotourako hegaldia egiten duten bidaiariei Txinaren irudi apokaliptiko bat geratuko zaie gogoan, batez ere Hegoaldetik egiten dutenei. Atmosferako kutsadura geruza sendoak modua ematen badu, begien bistan agertuko zaizkie ikatz ustiaketak egindako zauri sakonak, horiek zentral termiko erraldoietan erretzeak sortzen dituen ke zutabe izugarriak, eta XXI. mendeko urrea, azken iraultza teknologikoa bultzatzeko erabiltzen diren lur arraroak ateratzeko baliatzen dituzten ordoki idorrak eta laku toxikoak.

Testuinguru tamalgarri hori bat dator egitate eztabaidaezin batekin: Txina da gehien kutsatzen duen herrialdea. Zehazki, 9.800 milioi tona CO2 baino gehiago isurtzen ditu. Barne Mongolia eta Shanxi eskualdeak, tamalez ezagun egin diren minbiziaren herrien kokagune ere badirenak, dira askok egungo krisi klimatikoaren erantzule jotzen duten ikatzaren ekoizle nagusiak. 2011tik, Txinak gainontzeko herrialde guztiek batera baino gehiago kontsumitu du, eta osasuntsu du ekoizpena. Reuters agentziak plazaratutako dokumentu ofizialen arabera, urtearen lehen erdian Txinak 141 milioi handitu zuen ikatz ekoizpena.

Orotara, urtarrila eta ekaina bitartean, Txinak harri beltz horren 1.760 milioi tona atera zituen; 2018ko garai berean baino %2,6 gehiago. Eta, aurreikuspen ofizialak betetzen badira, kontsumoa haziz joango da apurka-apurka datorren hamarkadan, 2030ean puntu gorenera heldu arte; urte horretan 1.230 eta 1.350 gigawatterainoko indarra eskuratuko dute ikatzaren bidez.

Energia berriztagarriak

Aldiz, herrialde honetako kostaldearen gainetik igarotzeko aukera dutenek oso ikuspegi desberdina izango dute, herrialdeko eskualderik garatuenak hasiak direlako industria iraultza handi bat bultzatzen. Horrek gehien kutsatzen zuten azpiegiturak ixtea ekarri du -zentral termikoen %80k badute dagoeneko isuriak gutxitzeko teknologia-. Horrez gain, energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa ere egin dute: eguzki plakek osatutako etxalde erraldoiek zipriztintzen dute ingurua, eta haize-sorgailu basoak hazten dira bai mendialdean eta baita itsasoan ere.

Beraz, Txina bada energia garbien aldeko apustu handiena egin duena ere. Iaz, 728 gigawatt ekoitzi zituen dagoeneko martxan dituen energia berriztagarrirako azpiegiturekin. Berriztagarriei energia nuklearra gehitzen bazaie, munduko bigarren potentziak kontsumitzen duen energia osoaren %22raino helduko litzateke, 2017an baino %17 gehiago. Gutxinaka, ikatzaren pisua murriztuz doaz, eta haren ekarpena %68,5etik (2012) %59ra (2018) igaro da. 2020an, ehuneko beste puntu bat galduko du, eta BPk aurreratu du 2040an %35ekoa soilik izango dela.

Xian hiriko Shaangu Power enpresan zoriontsu dira, Txina dozena bat zentral nuklear eraikitzen ari delako eta estatuko enpresa horrek konpresoreak, turbinak eta zentrifugatzaileak eraikitzen dizkielako. «Xi Jinping presidenteak lehentasuntzat jo du trantsizio energetikoa, Txinak zibilizazio ekologiko bat eraiki behar duelako. Nuklearrak dira gakoa, helburu horrek energia kontsumoaren hazkundea -%3,3koa iaz- bultzatzen jarraituko duen ekonomiaren garapena eragotziko ez badu», azaldu dio kazetari honi enpresako azpiegiturak erakutsi dizkion ordezkariak.

Iritzi berekoak dira 2.000 kilometro hegoaldera ere, Zhuhai hirian. Han du ekoizpen instalazio nagusietako bat aire egokiturako hornidurak egiten dituen Gree enpresak. Kontsumitzaile gehienek marka hau etxetresna elektrikoekin lotzen duten arren, zentral nuklearrak hozteko sistemak dituzte helburu haren berrikuntza nagusiek. «Trantsizio ekologikoa aukera ona izan daiteke enpresentzat ere», baieztatu dute. «Gu ahal dugun guztia egiten ari gara eraginkortasun energetikoa hobetzeko, ez bakarrik saltzen ditugun hornidurena, baita ekoizpen sistemena ere. Intentsitate energetikoa murriztea oinarrizkoa da planeta babesteko», gehitu du izena eman nahi izan ez duen bozeramaile batek.

«Ez dago beste herrialderik Txinak baino aukera hoberik duenik energia berriztagarrien superpotentzia bilakatzeko»; hori ondorioztatu zuen duela hilabete batzuk Eraldatze Energetikoaren Geopolitikarako Batzorde Orokorrak, txosten batean. Dokumentu horretan nabarmentzen dute mundu osoak energia garbietara bideratzen duenaren %50 Txinatik datorrela, eta dagoeneko badituela teknologia horiekin lotutako 150.000 patente, kopuru orokorraren %29. Gainera, gehien kutsatzen duten zentral termikoak ixten ari da Pekin, -82 aurtengo maiatza bitartean-, eta eraikitzen dituenek gehiago errespetatzen dute ingurumena.

Hondakinak

Baina dena ez dira CO2 isuriak. Ezer gutxitarako balio dute ahalegin horiek guztiek herritarrek ez badute ingurumenarekiko kontzientziarik eta natur baliabideak kontrolik gabe ustiatzen jarraitzen badute. Zentzu horretan, Txinak bide luzea du aurretik. Eta, alor batzuetan, atzerako jauzi handi bat ere egin du.

Merkataritza elektronikoa adibide on bat da. Internet bidezko erosketen hazkunde izugarriak eta janaria etxera eramaten duten zerbitzuen boom-ak liluratuta du enpresa mundua, eta izututa ekologistak. Eta arrazoiarekin. Global Times egunkari nazionalistak berak ohartarazi du egunero erabilera bakarreko 65 milioi ontzi eta hogei milioi plastiko poltsa sortzen dituen sektorearen inguruan.

«Ohitu gara edozein egoeratan eskatzera waimai zerbitzuak [horrela deitzen diete Txinan etxera eramateko zerbitzuei]. Erosoagoa da janaria bulegora edo etxera ekartzea, izkinako jatetxera jaistea baino. Gero eta alferragoak gara, eta ez gara ohartzen horrek zer ondorio dituen», onartu du Hua Meiweik, Shanghaiko bulegokoetako langile gazte batek. «Orain modan dago kafea bera ere etxera ekartzeko eskatzea», esan du, besaburuak altxatuz.

Uste da Txinak hamabost milioi tona plastiko kontsumitzen dituela urtean. 2,4 milioik ozeanoetan amaitzen dute, eta birziklatzen dena hutsala da. Hori amaitzeko, Shanghaik lehen aldiz jarri du martxan hirietan hondakinak sailkatu eta birziklatzeko derrigorrezko sistema bat. Hogei urte berandu dator, Euskal Herriarekin alderatzen bada, baina oso azkar zabaldu da herrialdeko beste hiri batzuetara, eta buruzagiek helburutzat jarri dute datorren urterako hirietan sortzen diren hondakinen %35 birziklatzea.

Lortu ezinezko helburua dirudi, gaur egun ez delako iristen %20ra, baina Txinak erakutsi du gobernu autoritario bat abantaila izan daitekeela neurri handiko proiektuak abian jartzeko garaian. Baita epe luzera ere. Mugikortasun elektrikoa da horren adibiderik argienetako bat. Xi Jinpingek lehentasunen artean jarri zuen 2013an, presidente izendatu zutenean, eta, hiru urtetik hona, Txina da ibilgailu elektriko gehien ekoizten eta merkaturatzen dituen herrialdea.

Shenzhen bezalako megalopoliek dagoeneko badute %100 elektrikoa den garraio publikoa, eta azpiegiturak horietara egokitzeko lanek eta horiek erosteko laguntza ekonomikoek emaitza ikusgarriak utzi dituzte: iaz, kutsatzen ez duten 1,3 milioi ibilgailu eskuratu zituzten, eta helburua da 2025ean munduan biztanle gehien dituen herrialdean merkaturatzen direnen %25 izatea.

Asmo handiz beteriko egitasmo horiek ez daude klima larrialdiari bakarrik lotuta. Biztanleek partikula toxiko gehiegi dituzte inguruan, eta bizi kalitatea hobetzea ere bada egitasmo horien asmoa. Ez alferrik, uste da atmosferako kutsadura horrek 1,1 milioi heriotza eragiten dituela urtero. Ekonomian duen eragina ere handia da: 267.000 milioi yuanekoa (35.000 euro) urtean.

Oraingoz, Txinaren estrategiaren emaitzak nabariak dira hiri nagusietan. Egun urdinen kopurua -horrela deitzen zaie airearen kalitatea onargarria den egunei- nabarmen handitu da Pekinen, eta hiria desagertu egin da munduko berrehun hiririk kutsatuenen zerrendatik. Gobernuak uste du datorren urtean %20 murriztuko direla gehiegizko kutsadura duten egunak hiriburu politikoan, eta egoera askoz hobea izango dela ekonomikoan, Shanghain.

Nahiz eta Alderdi Komunista Parisko COP21 akordioen ezusteko jarraitzaile bilakatu den, eta Donald Trumpek AEBetan -pertsonako gehien kutsatzen duten herrialdean- irudikatzen duen ezezkoaren kontrapuntu, Climate Action Tracker erakundeak oraindik uste du abian jarritako neurriak ez direla nahikoak, eta herrialdea eskalaren azken- aurreko mailan dagoela oraindik ere. Eta ohartarazi du: ez badu ahalegin handiagoa egiten, planetako tenperaturak berotzen jarraituko du beste lau gradura arte. Greenpeaceren gisako erakunde ekologistek ere ohartarazi dute hiri handietan egoerak hobera egin badu ere, kutsadura handitu egin dela beste batzuetan, Baotoun, esaterako, zeina lur arraroen Silicon Valley izenez ere ezagutzen den.

Baina Txina klima aldaketaren gaizkile jo aurretik, China Europe International Business Schooleko Finantza irakasle Xu Binek zera gogorarazi du: herrialde aberatsek euren kutsaduraren zati bat desagerraraztea eta CO2 isuriak gutxitzea lortu badute, «industria zikinenaren deskokatzeari esker» izan dela. Eta zera gehitu du: «Txinaren isurien zati handi batek lotura zuzena duela mundu osoan eskura daitezkeen produktuekin».

BERRIAn argitaratua (2019/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA