astekaria 2019/12/07
arrowItzuli

politika

FITO RODRIGUEZ

«Iparra galtzen goaz hezkuntzan ere»

Enekoitz Esnaola

«Iparra galtzen goaz hezkuntzan ere»

Ibilbide luzea egina du Fito Rodriguezek (Gasteiz, 1955) hezkuntza munduan, erretiroa hartzear da irakasle postutik, baina segitzen du ekarpenak egiten. Eskola Publikoa (Delta) liburua du azkeneko lana, Josu Txapartegirekin batera idatzitakoa. Atzo aurkeztu zuten, Durangoko Azokan.

Euskal eskola publiko nazionalaren aldarrikapena egin duzue.

35 urtean egon naiz unibertsitatean Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean; ikerketa eta argitalpen asko egin ditut; Josu Txapartegik ere urte ugari egin du hezkuntzaren arloan lanean, eta beti ikusi izan dut hezkuntza dela kulturaren sinonimoa. Beraz, gure kulturak hezkuntza jakin bat behar du, Euskal Herrian sortua eta antolatua. Hala, beharrezkoa dugu euskal eskola publiko nazionala. Liburu hau idazteko akuilua Txapartegi izan da. Buesa legea egin aurretik ari ginen gu lanean elkarrekin, herri honek behar duen alternatiba baten alde. Orain berriro atera dugu gaia, ikusten baitugu aurrera joan beharrean atzeraka goazela.

Buesa legea aipatu duzu, Eusko Legebiltzarrak 1993an onartutako Euskal Eskola Publikoaren Legea. Zer ekarri zuen?

Atzera egitea; eta ikastolaren mugimenduaren aurkakoa izan zen. Jaurlaritzak —lehendakari Carlos Garaikoetxea zela, eta Hezkuntza sailburu, Pedro Miguel Etxenike—, funtsezko papera bete zuen euskara batuaren alde, baina hezkuntzan ez du horrelako urratsik egin inoiz. Eskuin abertzaleak ez du lehentasun izan hezkuntza. EAJk, bere zatiketaren ostean, PSEri utzi zion Hezkuntza Saila, ezker espainolistari. Jose Ramon Rekalde sozialista jarri zen 1987an Hezkuntza sailburu Jaurlaritzan, geroago Fernando Buesa, eta harekin egin zuten 1993ko lege hura. Moldaketa gaizto bat izan zen. Ikastola askok egin zuten sare estatal publikoan sartzeko hautua. Dena dela, publifikazioak izan ditu alde on batzuk ere.

Esaterako, idatzi duzue eskola publikoetan euskararen erabileraren zabalkundea lortu dela.

Euskaldunen masa kritikoa asko handitu baitzen, eta irakasleria ere aldatu egin baitzen, onerako. Oztopo batzuk ere azaldu ziren, ordea: irakasleen kontratazioa...

Kezka eragiten dizue ikastolari «pribatua» dela deitzeak.

Izaera publikoa baitu ikastolak. Nolatan iradoki daiteke diru irabazi asmoa duela ikastolak?

Ikastola mugimenduaren lan batzuetan oinarrituta ere, euskal eskola publiko nazionalerako balioen zerrenda luze bat dakarkizue: euskalduna, demokratikoa, autonomoa, nazionala, kalitatekoa, irakasleria propioa...

Oinarrizko balioak dira, eta esango nuke euskal eskola publiko nazionalak, funtsean, denontzakoa izan behar duela. Aztertu izan ditut Finlandiako, Herbehereetako eta Estoniako hezkuntza sistemak, eta haietan eskola guztientzako da. Gizarte konpaktatuago baterako oso garrantzitsua da hori. Hezkuntzaren bidez, herritarrak kultura jakin batekin eraikitzen dira. Eta guk ez dugu nahi eskola publikoa soilik; Euskal Herrikoa nahi dugu.

Euskal Herria ez da estatua, eta publiko izateak Espainiako edo Frantziako sarean sartuko luke euskal eskola mota hori.

Baina proiektu bat mamitzeko eta abiatzeko, batetik, ezin gara egon euskal estatua noiz izango; eta, bestetik, aztertu behar dira beste formula batzuk. Adibidez, Finlandian, Herbehereetan eta eredutzat har daitezkeen beste herrialde batzuetan eskolak udalekin batera dabiltza lanean. Beraz, administrazio lokaletatik bideratu daiteke hori. Horrela lortu ahal da udalerri bat hezitzailea bihurtzea. Badaude halako kasuak; Italian, esaterako. Espainiako Estatua, aldiz, kartzela bat da, herrientzako eta herritarrentzako espetxe bat; eskolak ez dira libre, Madrilen giltzapean daude. Aipatutako formulen bila joz, eta, liburuan diogun bezala, balio unibertsalak landuz eta gure tradizioan oinarrituz, iraultza independentista bat egin gabe ere beste modu batera antola gaitezke. Ekinbide alternatiboen gabezia bat sumatzen dugu, ordea. Estatu izateko bidean pausoak eman behar dira, baina uste dugu hezkuntzan ere ipar hori galtzen goazela. Gainera, galtzen ari gara nazio kontzientzia.

Burujabetzaren beharra nabarmendu duzue.

Funtsezkoa baita estatu propio bat izatea. Txillardegik esaten zuen euskara salbatzeko behar dugula euskal estatua, eta hizkuntzarena arazo politikoa dela. Hezkuntzarena ere auzi politikoa da.

Nork hartu beharko luke lema horrelako proiektu bat egiteko? Hezkuntzako komunitateak? Instituzio publikoek?

Funtsezkoak dira hezkuntza arloko eragileak. Baina guztien parte hartzea da garrantzitsua: sindikatuena, instituzioena...

Duela lau urte Nafarroako Gobernuan aldaketa historikoa izan zen, eta, aurreneko aldiz, abertzale bat lehendakari.

Baina gai honetan Hego Euskal Herriko bi parlamentuen eta gobernuen artean ez zuten ezer ere egin. Beldur handia dago.

Zer beldur?

Espainolistak beti ari dira esaten euskaldunon inbasioa emango dela, hori hala ez denean, baina alderdi abertzaleak ez dira ausartzen aurre egiten, eta, gainera, ez dute egitasmo nazionalik egiten.

Idatzi duzue hiru sareen artean (publikoa, ikastola, itunpekoa) orube sendo bat dagoela elkartze eta kolaboraziorako. Zer erako elkarlanaz ari zarete?

Arrakalarik gabeko herri bat nahi badugu, denontzako moduko aukerak eraiki behar ditugu. Sareen artean loturak egin behar dira, ez harresiak, sinergiak ereiteko ikasleen, irakasleen, gurasoen eta ikastetxeen artean. Herri kohesionatuago bat behar dugu.

Nola ikusten dituzue sareok?

Bakoitzak bere barrura baino ez du begiratzen. Klientelismoa sortu da haietan ere, eta bezeriarekin funtzionatzen dute. Baina horrek liberalismo faltsu batera garamatza. Zentro bakoitzak autonomia behar du, baina, esku hartze publikorik ez badago, hezkuntzan ere gero eta gehiago joango zaigu sartzen neoliberalismoa.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Osasun arlokoa gertatuko dela. Han ari gara ikusten aseguru eta ospitale pribatuak gero eta gehiago daudela, osasun publikoaren kaltetan. Arrakala soziala gertatzeko arriskua dago han, eta hezkuntzan ere bai. Herria egin beharrean, gizabanakoak egiten ari gara. Horren aurrean, esku hartze publikoa behar da. Hezkuntzako hiru sareak bakar batean baleude, hobeto, giza eskubideen aldarrikapen unibertsalean ageri dena bermatzeko: hezkuntzarako eskubidea. Bestela, ez dugu soilik izango Espainiatik edo Frantziatik ezarritako eredua, baizik eta neoliberalismoak eragindako hezkuntza antolaketa ere pairatuko dugu.

Eta Euskal Herrian nola dago unibertsitateen esparrua?

Hor ere bakoitza bere erara. Alor denetan artxipelago bat da Euskal Herria, ez dago batasunik. Adibidez, izan genuen aukera bat, Katalunian bezala, urrutiko unibertsitate on bat egiteko, UEUrena, herritar denentzako eskuragarri izateko, baina ez zen atera. Egoera ez da ona. Gainera, unibertsitate publikoa izena dutenak ere pribatizatzen ari dira.

BERRIAn argitaratua (2019/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA