iritzia
Sor-markak eta erroldak
Mikel Elorza
Bistan da ez dela erraza gure burua kontatzen, kantari adina kontalari daukagula; eta zurrunbiloak nora ez moduko batean utzi gintuen. Abel Muniategiren hitzek, Benito Lertxundiren ahotsean, mendea geroago dirauen nahaste-borrastea erakutsi zuten: «Zenbat gara? Lau, bat, hiru, bost, zazpi».
Orduko kantuetatik datoz oraingo kontuak.
Aspaldian gero eta indartsuagoa sumatzen dudan joera bat dela-eta aurreko hitzak. Probintziak ezabatuko nituzke —baina horretan derrigorrez egoskortu gabe—, baina batez ere probintziakeria. Amorratzen nau hau bizkaitarra eta hura arabarra, eta hau Gipuzkoako zera eta bestea Nafarroako hura; Ipar Euskal Herriarekin de facto egin dugu hirurak bat eta gainera beste hemisferio batera igorri... Ez diot ilearen koloreari baino garrantzi handiagoa ematen, ez dut inoiz kezka izan hango edo hemengo probintziatakoa ote den inor, edo egiten den zerbait, eta ernegatu egin izan nau oreka geografikoak egin beharrak, hainbat jardunetan, nahiz eta ulertzen dudan une jakin batzuetan beharrezkoak direla, eta periferia hurbilago legokeela batzuek beti zilborraren bueltan ibiliko ez balira, bagina (zorionez, azken urteetan bestelako periferia batzuek hartu dute indarra, ez geografikoek, zentripetoa gainera, eta alor horietan egiten dira orekagintzak).
Jakobino samarra naiz, badakit, hiru bost zazpi axola zaizkit barduliarrak eta karistiarrak. Tokiko hedabideen oso kontsumitzaile txarra ere banaiz, eta interesa zero pizten dit azkoitiar batek kilo t'erdiko onddoa bildu izanak, amorotoar batek eskualdeko taberna arteko dardo txapelketan txapela eta lau kaxa Rioja irabazi izanak, eta atsekabetzen nau kultura eta kirol alorreko albisteak bitan irakurri beharrak (tafallarraren domina, lekuindarraren liburua, Aramaiokoaren Goyatarako nominazioa). Asmatzen badute, tokiko hedabideek badute beren zeregina, publikoa, eta espazioa, nazionalarekin parteka dezaketena (partekatu, ez errepikatu), eta haiek sustatzearen alde nago. Baina zilborgintza geografikoa...
Batere zalea ez banaiz ere, herrien arteko xextrek, herritarrei buruzko topiko jeneraletara jotzeak inoiz, ez nau inkomodatzen. Baina hortik sorterri geografiko administratiboa esentzia bihurtzera jauzi handia dago. Eta askok egiten du. Geroz eta gehiagok. Kirol konpetizioetako txarrena aldatzen ari gara bizitzaren beste jardun batzuetara.
Ainhoa Artetak aste honetan bota dituenak eta sukalkien ingurukoak ni gaur lantzen ari naizen soroko landareak dira, baina ez dut asti eta tokirik haiek jorratzeko.
Euskal Herria bat da, eta era berean mila, eta batzuetan bat ere ez. Eta ez dut aldarri nazional-politiko gisa egiten, eguneroko bizitzako jardun bezala baizik. Pertsonekin bizi nahi dut, ez errolda-agiriekin. Eremu administratiboaren banaketak balia ditzagun hainbat kontutarako (kirol txapelketak, hitzaren kirolekoak barne, eta halakoak), dena handira jokatu beharrik ez dago, baina utz dezagun tribalismoa. Utz ditzagun sor-markak orburu, txakolin, patata eta errezil-sagarrentzat. Eta euskal liburu, disko edo bideoak aldarrika ditzagun, adibidez, zein probintziatako lege-gordailua duten begiratu gabe.