gizartea
Basoa idortu duten hegoak
Ion Orzaiz
Sits mota hori lau zentimetroko intsektua da helduaroan, eta erabat kaltegabea da gizaki eta animalientzat. Asian du jatorria: Txinan, Ipar nahiz Hego Korean eta Japonian, zehazki. Euskal Herrira iritsi zen duela lau bat urte estreinakoz. Hortaz, nola da posible halako izaki txiki batek ekosistema oso bat aldaraztea hain denbora tarte laburrean? Erantzuna intsektuaren dietan datza.
Espezie inbaditzailea da Cydalima perspectalis, eta landare mota bakar batez elikatzen da: ezpela. Zuhaixka hori apaingarri gisa jartzen da hirietan eta etxe batzuetako lorategietan, baina, mendian, ekosistemaren parte da: ongarri, animalia askorentzako babesleku eta lurzoruari eusten dion hesi naturala. Pieza hori kenduta, ingurune osoa alda daiteke. Eta aldaketa hori hamar urteren buruan gerta daitekeela uste dute zientzialari eta talde ekologistek: ordurako, eta administrazioek erremediorik jartzen ez badute, ezpel autoktonoa erabat desagertuko da Euskal Herriko mendialdeko paisaiatik.
Hainbat landa eremutan hasiak dira jada fenomenoa nabaritzen, ezpel sitsaren izurriteak triskantza eragin baitu zuhaixka espezie horretan: sitsaren harrek landarea jan, hostorik gabe utzi, eta, luzera, enborra idortzen dute. Dagoeneko hostogabetu dituzte Bidasoaldeko ia ezpeldi guztiak, eta, zenbait adituren esanetan, gauza bera eginen dute aurki Pirinioetan ere.
«Hiri eta herrietan, oro har, eragina txikia da: sitsek lorategiak honda ditzakete, bai, baina kontua ez doa harago. Benetako arazoa mendialdean dugu», azaldu du Zerynthia tximeleten babeserako elkarteko lehendakari den Yeray Monasterio ikerlariak. «Nafarroan ezpeldi ugari zeuden, Baztanen eta Bortzirietan, esate baterako, baina gehienak desagertu dira jada, sitsek janda».
Ezpel autoktonoak, gainera, ezin dio izurriteari aurre egin, oso mantso hazten delako: «Sitsaren beldarrek ez diote landareari denbora ematen berriz hazteko eta berritzeko. Agortu egiten da espeziea, akitu». Hori da, hain zuzen, ezpel sitsaren izurritearen beste ezaugarri bat: abiada bizian hedatzen dela.
«Ugaltze erritmo oso azkarra du tximeleta horrek, bertoko sitsekin alderatuta; horren ondorioz, kopuruak gora egin du azken urteetan, neurrigabe», dio Monasteriok. Bertoko tximeletek urtean behingo ugaltze zikloa dute; ezpelaren sits asiarra, berriz, urtean hirutan ugaltzen da, batez beste.
Zerynthia elkartea saiatu da sitsen hazkundea neurtzen, baina aitortu du «ezinezkoa» dela kopuru zehatzak jasotzea: «Gure elkarteko kide bat ari da gaueko sits eta tximeletak ikertzeko eta jarraipena egiteko programa batean parte hartzen, eta tranpa bat paratu du Arangurenen (Nafarroa). Sitsak han harrapatu eta, zenbatu nahiz identifikatu ostean, aske uzten ditugu berriz. Hor detektatu genuen Cydalima perspectalis espeziearen presentzia lehen aldiz, 2015ean. Urte hartan, bi edo hiru norbanako besterik ez genuen ikusi. Aurten, 5.000-6.000 harrapatzen ditugu gauero. Horrek ematen ahal digu hazkundearen tamaina».
Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere 2015ean izan zuten ezpelaren sitsaren berri. «Urte hartako abuztuan jaso genuen lagin bat, Irungo bizilagun batek bere etxeko zuhaixka-hesian hartua. Hostoak eta kimuak jaten zizkion intsektuaren berri eman zigun, eta aleak bidali zituen Fraisoroko laborategira», azaldu dute Gipuzkoako diputazioko teknikariek. Hurrengo urteetan, baina, kaltea are larriagoa zela egiaztatu ahal izan zuten: «Bagenekien Ipar Euskal Herrian intsektu horren kaltea jasaten ari zirela, eta basozainen bidez jarraipena egin zitzaien. Hurrengo urtean hasi ginen lehen kalte nabarmenak ikusten. Hasieran, Donostia aldeko ezpel hesietan nabaritu genuen; Irun eta Donostia aldetik hedatu da eta, egun, Gipuzkoa osoan dagoela esan dezakegu».
Eragina floran eta faunan
Ezpela desagertzeak kalte larria eraginen die Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko animalia espezieei, baina adituek uste dute eragina orografian ere nabaritu daitekeela. «Ezpel autoktonoaren ondare genetikoa desagertzen ari da, eta hori, berez, galera handia da, biodibertsitateari dagokionez; baina, horrez gain, lurzoruan ere badu eraginik», azaldu du Zerynthia elkarteko buruak: «Kareharrizko lurretan hazten da ezpela, batez ere, eta zuhaixkaren sustrai eta enbor gogorrak urte luzez metatzen dira lurrean. Hitz bitan esanda: eutsi egiten diote mendiari, eta luizien arriskua murrizten dute. Ezpeldiak desagertuta, harria biluzik geldituko da, solte, eta horrek arazoak ekarriko ditu».
Ezpeldi horien inguruan bizi diren basurde eta oilagorrentzako ere galera handia izanen da zuhaixka desagertzea, babesleku eta aterpe gisa erabiltzen baitute ezpela, neguko hilabeteetan batez ere.
Intsektizidarik ez
Orain arte, izurritearen kaltea pairatu duten herrietako udalek zenbait metodo aplikatu dituzte, ezpelaren sitsa uxatzeko edo hiltzeko, baina, hein handi batean, eraginkortasun eskasa izan dute erremedio horiek. «Ez dago behin betiko konponbiderik», laburbildu du Monasteriok.
Iruñeko Udalak, adibidez, hegazti intsektujaleak eta tranpak jarri zituen udaren bukaeran, sitsak harrapatzeko. Beste herri batzuetan, aldiz, intsektizidak erabili dituzte. Zerynthia elkarteak ez du halakorik gomendatzen. Ez, behintzat, mendiko ezpeldietan erabiltzeko: «Fumigazioak eragindako kalteak handiagoak dira ustezko onurak baino. Normalean, intsektiziden bidez, inguruko intsektu guztiak hilko dituzu, baina ezpelaren sitsa oso espezie sendoa da, eta gerta liteke erasoari eustea eta bizirik ateratzea. Hortaz, arazoak bere horretan segituko luke, eta mendia pozoituko genuke, gainera».
Feromonen bidezko tranpen eta hegazti intsektujaleen aukerak, berriz, badu onura gehiago, Monasterioren ustez, baina ez du arazoa konponduko: «Halako konponbideek balio dezakete sitsen populazioa kontrolpean mantentzeko eta hazkundea zertxobait mugatzeko, baina ez izurritea errotik erauzteko».
Hori dela eta, Monasteriok bide bakarra ikusten du: «Tximeletak pasatzen uztea, eta ezpel autoktonoaren haziak gordetzea, etorkizunean berriz landatzeko». Gipuzkoako aldundiak esana du jada aukera hori aztertzen ari dela: «Fraisoroko laborategian badugu germoplasma banku bat. Ezpela ez dago espezie mehatxatuen euskal katalogoan, baina interesa izan dezake genotipo horren bilduma bat jasotzeak».