iritzia
Euskara ispiluaren aurrean
Pako Aristi
Irudia botere harremanen ondorio bat da, irabazleak miresten ditugu, auto azkarrak, autore saridunak, aktore ederrak, pertsona boteretsuak, aberatsak eta, nahi gabe, haien ahotan entzuten ditugun hizkuntzak. Glamour sozial eta mediatikoa da hizkuntza baten kapital nagusia. Hori, eta sostengua ematen dion botere politikoa, estatua, nagusiki. Esaten denean hizkuntza bat salbatzen dela beharrezko denean, eta beharrezko dela derrigorrezko denean, gaineratu behar da estatuak dauzkala, gaur gaurkoz, hizkuntza derrigortzeko ahalmen legegilea eta horri dagozkion mekanismo koertzitiboak, eta kezkarik gabe erabiltzen dituela, konstituzioan hala jasota. Espainol guztiek jakin behar dute espainola derrigorrez, legez behartuta; bestela estatuak eskaintzen dituen abantaila gehienak galduko dituzte.
Errealitateak, gure begien aurrera agertzeko dauzkan mekanismo guztien bitartez adierazten digu euskara ez dela garrantzitsua, jendea ez dagoela buru-belarri hura ikastera eta perfekzionatzera emana, eta erakunde, jatetxe, denda edo era guztietako instantzietan existituko ez balitz bezala jokatzen dutela, erabiltzeko ahalegin izpirik gabe, erabiltzailea errespetatu barik. Jaurlaritzak hiritarrei zabalik dauzkan edozelango bulegoetan zenbat funtzionario erdaldun, «buenos dias», «a la derecha», «gracias» eta «hasta luego»-ka. Berrogei hitz jakinda aski lukete hizkuntza ko-ofizialarekiko errespetu itxura bat gordetzeko, baina horretarako ere ganoratik ez dago erakunde autonomiko derrotista hauetan.
Gizarteak ispilu-joko bat bezala funtzionatzen du, eta denok jasotzen ditugu mezuak, agerikoago edo ezkutukoago, benetan merezi duten gauzei eta baloreei buruz, eta merezi ez dutenei buruz. Euskara, tamalez, eta min dut hau idatzi beharra, azken multzo horretan dago aspalditik. Guk bezala umeek ere sumatuko dute, eta haiek guk baino erreparo gutxiagorekin, bizitzaren aurrean sentitzen dugun betetasun emozionalean euskarak ez daukala protagonismo handirik, ez duela balio pasio sakonen garraio-tresna izateko ere.
Ispilu-joko horretan denok ari gara mezuak jasotzen eta mezuak ematen. Euskara, funtsean, ezdeus zaiela disimulatzeko bederen kontzientzia maila gutxienekorik ere ez duten euskaldunekin harritzen naiz, etengabe espainolera joaten direnekin. Eta biziki harritzen nau, aspaldiko urteotan euskarari buruz ezagutzera eman diren ikerketa, inkesta, proposamen eta ildo estrategikoetan ez aipatzea hizkuntzak boterearekin daukan harreman sinbiotikoa, ez aztertzea munduko herrialde askotan askatasun politikoak hizkuntzari eman dion goraldia, indarra eta hegemonia, ez jasotzea, ezinbesteko pausotzat, botere-kuota handitu beharra eta koertzio positiboaren unibertso interesgarria. Hizkuntza ohiturak ez baitaude herri batek arnasten duen egoera politikotik isolatuak.
Hizkuntza baten osasuna babesa ematen dion botere politikoak markatzen du. Nazio aberatsak eta pobreak dauden bezala, hizkuntza aberatsak eta pobreak daude, ez linguistikoki ederrago edo zarpailago direlako, hizkuntza horiekin lor litekeen progresio sozialaren arabera baizik. Hizkuntza zentralak daude, eta periferikoak, hizkuntza nagusiak eta bazterrekoak. Lan merkatuan, nazioarteko ibilbidean kotizazio altua duten hizkuntzak daude, eta kotizazio baxua dutenak.
Indar-gune nagusi baten orbitan biraka dabilenari deitzen zaio periferiko; zure herria ordezkatzen ez duen estatu baten mende egoteak bihurtzen zaitu periferikoa, alegia, zentrotik urrundua. Horren aurrean bi aukera bakarrik daude: edo gunea gurera ekarri, gurean berrezarri, berreskuratu... edo bestela beti metropolira gauzak eskatzera joango den erromes bihurtu. Eta euskaldunak, mendeetan, ez gara politikaren aktore, erromesak baizik.
Ahuldade endemikoan dagoen hizkuntzarentzat, arnas-guneak ere burbuila-gune bilakatzen dira, erraz zulatzen direnak: herrian etxe berriak egitea aski, zeinetan erdaldunak ezarriko diren; erdaldun bat koadrilan; euskalduna izan arren kanpo-maite den partaide berri bat bulegoan, etxepean, zerbitzarien artean, edonon, edonola; segituan hausten da euskal homogeneotasuna. Zergatik? Homogeneotasun hori ez delako politikoa, sinbolikoa baizik.
Politikoa balitz, gure bizitzaren antolamendu eta garapenean oinarrizkoa litzateke, eta defendatu egingo genuke, gizartea den ispilu-joko horretan beste kolektiboak ere ikusiko genituzkeelako euskara defendatzen, hala nola politikoak, sukaldariak, futbolariak, ertzainak... Politikoa balitz, gainera, botere kopuru eragingarri bat eskuratua geneukakeela esan nahiko luke, eta euskarari administraziotik egiten zaizkion irainak epaitegietara eramango genituzkeela. Baina hizkuntzarekiko atxikimendua postureoaren eta aurrera eraman nahi ez diren helburuen eremuan dagoenean, irmotasun ahulekoa izan ohi da, aldakorra, eta saminik eragiten ez duena.
Inkontzienteki bada ere, denok dakigu. Denok sentitzen dugu euskara herri galtzaile baten hizkuntza dela, eta espainola (frantsesa bezala) herri irabazle batena, eta inork ez du galtzaile izan nahi. Horretarako aski dira bi gauza: edo hizkuntza erregistroa aldatuz irabazleen alorrean kokatzen zara automatikoki, edo diagnostikoa aldatuz ez zara galtzaile sentitzen, erakunde autonomikoek egiten duten moduan, haserretzeko motiborik ez daukagula esanez, euskara askatasunean bizi delako espainolarekin harreman baketsuan. Arazoa da gero, errealitateak, krudelki eta egunero sentiarazten zaituela galtzaile. Eta hori umeek ere sumatzen dute. Espainolez ez dago galtzeko ezer; euskaraz, beti arriskua.
Hizkuntza ez da lexiko eta gramatika arau sorta bat soilik; kode komunikatibo gisan sortu zuen herriari lotua dago bere etorkizuna. Hizkuntza bat herri baten hizkuntza da beti, munduko bazter guztietan. Herriaren osasuna izango da hizkuntzaren osasuna. Eta euskararekiko asmo on guztiek behar dute eduki, funtzionalak izango badira, Euskal Herriaren egoera politikoa hobetzea xede. Eta baieztatua dago historian zehar, gaurkoz, independentzia dela etorkizunean herri baten eta bere hizkuntzaren etorkizuna berma dezakeen tresna politiko bakarra.