gizartea
Klimaren zentinelen hilzoria
Iñaki Petxarroman
Rico urtero joaten da Pirinioetako glaziarretan neurketak egitera, eta han ikusi du nola mehetzen ari diren glaziarrak. «2010etik 2014ra Maladeta, La Paul eta Ossoueko glaziarretan izan den masa galera 1,01ekoa izan da ur metro baliokideetan. Europako hegoaldean eta Alpeetan azken urteotan ikusten ari den joera berean gertatzen ari da Pirinioetan ere». Batez beste metro bat galtzen ari dira, baina zenbait urtetan bost eta sei metro ere galdu dituzte, haren esanetan.
Guztiak ere atzeraldi gorrian badaude ere, bi glaziar mota bereizi dituzte glaziologoek. Batetik, oraindik ere klimak kontrolatuta daudenak, hau da, mendikateko handienak: Ossoue, Perdido eta Aneto-Maladeta. «Haiek klimaren aldaketekin mugitzen eta aldatzen dira —tenperatura, prezipitazioa eta beste—». Bestetik, glaziar txikiago batzuk daude, dagoeneko klimarekiko lotura galdu dutenak. «Haietan, tokian tokiko faktoreek asko eragiten dute. Ez diote erantzuten klimaren aldaketari, eta askotan ez dira aldatu ere egiten... Oso dinamika lokal eta bereziak dituzte». Azken horiek hektarea gutxiko glaziar txikiak dira, eta, desagertzeko zorian badaude ere, halako egonkortasun bat erakusten ari dira galdu aurreko fase horretan: «Ikusten dugu glaziar txiki asko halako lozorro batean geratu direla. Haien kasuan, nahiz eta tenperaturak igo eta prezipitazioak jaitsi, bestelako tokiko faktoreek eragiten diete gehiago, eta hor dira, ez aurrera ez atzera bezala». Hala ere, klima joera berak segituz gero, mende honen erdirako denak desagertzea espero dute.
Hiru dira Pirinioetako glaziarrik handienak: Vignemaleko Osseau, Perdido eta Aneto-Maladeta. Vignemalekoak 40 metroko altuera dauka punturik gorenean, eta Perdidokoak, 45-50 metro inguru. Adituek ezin dute iragarri haietako zein desagertuko den lehenago. Izan ere, Anetokoa Perdidokoa baino handiagoa da, baina lehenago desager daitekeela uste dute, haren orientazioaren eta kokapenaren ondorioz. «Edonola ere, denetan izango da desagertzeko joera», adierazi du Ricok. 2020an berrituko dute Pirinioetako glaziarren inbentarioa —2016koa da azkena— EHUko eta beste zenbait unibertsitate eta erakundetako glaziologoek, eta orduan jakingo dira datu berriak.
Pirinioetako glaziarretako oreka lerroa (ELA) 2.810 metrotik 3.079 metrora igo da. Tenperatura igoerak, bereziki udakoak, nabarmen eragin du glaziarretako galeraren prozesua bizkortzean. Izan ere, udako tenperaturak 0,29 gradu ari dira igotzen hamarkada bakoitzean. Halaber, elur prezipitazioaren murrizketa ere gero eta nabarmenagoa da, eta horrek ere eragiten du glaziarren mehetze prozesuan. 1960tik hona %6 gutxitu da batez besteko prezipitazioa hamarkada bakoitzean. «Denbora eskala txikiago batean ikusten da neguko prezipitazioaren aldakortasunak eragin handiagoa daukala», azaldu du Ricok. Beste eragile inportante batzuk dira, esaterako, eguzki erradiazioa, banalerrotik hegoalderako duten distantzia eta tamaina. «Europan hegoaldeen dauden glaziarrak izanda, Pirinioetakoak egungo klima aldaketaren adierazle ezin hobeak dira adituentzat», Ricoren esanetan.
Munduan ere berdin
Pirinioak ez dira salbuespen bat. Munduko mendi glaziarrak ere jasaten ari dira berotze globalaren ondorioak. 1961etik 2016ra 9.600 milioi tona izotz galdu zituzten. IPCCko datuen arabera, urtero 3,6 milimetro igotzen da itsasoaren maila munduan, eta igoera orokorraren %28 eragin dute mendi glaziarrek. Horri gehitu behar zaio Groenlandiako izotz galerak eragindakoa (%28), Antartikakoak (%15) eta ozeanoen dilatazio termikoak ekarritakoa (%29). Aurten kaleratutako azken txostenaren arabera, XX. mendean 15 zentimetro igo da itsasoen garaiera, baina prozesua bizkortzen ari da, eta mendea amaitzerako 30 eta 60 zentimetro arteko gorakada espero dute, berotegi gasen isuriak murriztu eta berotze globala bi graduz azpitik mantentzen bada. Isurketak handitzen jarraituz gero, 60-110 zentimetrorainoko igoera espero dute.
IPCCk txosten bat argitaratu du berriki, eta berretsi egin ditu apirilean glaziologo talde batek Nature aldizkarian argitaratutako lanaren ondorioak: hau da, urtze prozesua bizkortzen ari da. Nature-k kaleratutako lan horretan, mundu osoko 19.000 glaziarren datuen jarraipena egin zuten, 1961etik 2016ra bitartean. Behaketa horretan, airetik hartutako irudiak eta glaziarretan egindako landa lanak uztartu zituzten. Ikerketan ez zituzten neurtu munduko bi glaziar gune handienak —Groenlandia eta Antartika—. Ikerlanaren arabera, 2016 arte 9.600 milioi tona izotz galdu zituzten mendi glaziarrek, baina, 2006tik 2016ra, azkartzen ari da galera. Hamarkada horretan, 335 milioi tona izotz galdu ziren urtero.
Galera prozesua orokorra bada ere, azpimarratzekoa da Alaskan izandakoa. Izan ere, Ipar Amerikako gune horretan, munduko mendietako izotzen herenak galdu dira: 3.019 gigatona; hori, datu absolutuei erreparatuz gero. Ibai Ricok dioenez, Alaskan beste toki batzuetan baino izotz gehiago dagoelako galdu da han hainbeste izotz. «Zenbait tokitan 1.500 metroko izotz lodiera ere badago Alaskan».
Masa balantzeari begiratuta, baina, balantze negatiboagoa daukate, esate baterako, Hego Amerikako glaziarrek; bai Patagoniakoek, baita Andeetakoek ere: besteak beste, Perukoek eta Boliviakoek. Nature-k argitaratutako lan horren arabera, Patagoniako glaziarretan 1,18 ur metro baliokide galdu ziren urtero 2006tik 2016ra. Antzeko galera izan zen Andeetako gainerako tokietan eta Kilimanjaron ere: metro bat. Haien ostean, masa gehien galdu zuten munduko mendiak Kaukasokoak, Alpeak eta Alaskakoak izan ziren: 85 eta 90 zentimetro artean. Egileen arabera, glaziarren bolumenaren zatirik handiena desagertuko da mendearen bigarren erdian Kaukason, Alpeetan, Kanada eta AEBetako mendebaldean eta Zeelanda Berrian.
Orain arte, Himalaiako glaziarrek eutsi diote ongien urtze prozesu horri. Zenbait lekutan, batez ere Karakorumen (Pakistan), glaziarrek eutsi egin diote bolumenari, eta, salbuespen batzuetan, izotz geruza handitu ere egin zaie. Adituek uste dute, hala ere, hurrengo urteotan gainerako glaziarren joera bera izango dutela hango izotzek ere.