kirola
NEREA PENA
«Hau da txapelketa, letra larria duena. Ezin dugu berriz huts egin»
Julen Etxeberria
Bihar hasiko duzue Munduko Txapelketa, Errumaniaren aurka. Lehiarako prest zaudete?
Bai. Prestaketa ondo joan da. Traba bakarra izan da Carmen Martin ez dela osatu, eta ez duela jokatuko. Kolpea da, eta ziur naiz asko sumatuko dugula: pistan, funtsezko jokalaria baita; eta pistatik kanpo, kapitaina baita, eta erreferentea denontzat. Saiatuko gara haren falta suma ez dadin, baina oso zaila izango da.
Bi urtean behin jokatzen da Munduko Txapelketa, baina Olinpiar Jokoen aurreko urteko ekitaldiak berebiziko garrantzia du: Olinpiar Jokoetan aritzeko sailkapena dago jokoan.
Hau da txapelketa, letra larria duena. Azken Europako Txapelketan ez genuen tokia lortu Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko torneoetarako [11. postuan sailkatu zen Espainia]. Beraz, ezin dugu berriz huts egin. Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzea da gure helburua duela urtebetetik hona, eta hori lortzeko borrokatuko gara. Tokion egon nahi dugu, kosta ahala kosta. Helmuga argi dugu, baita egin beharreko bidea ere. Partidaz partida joan nahi dugu. Zaila izango da, baina daukagun guztia emango dugu hori lortu ahal izateko.
Helburua, gutxienez, Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko ligaxka bat jokatzea da?
Hala da, eta, horretarako, zortzi selekzio onenen artean egon behar dugu. Halaber, komeni zaigu zortzi selekzio horiek Europakoak izatea. Asko dirudite, baina ez litzateke harritzekoa gertatzea.
Belauneko lesio larri batek utzi zintuen Londresko Olinpiar Jokorik gabe, baina Rio de Janeiron atera zenuen arantza. «Esperientzia ikaragarria» izan zela esan duzu sarri. Asmoa, beraz, berriro hori bizitzea da, ezta?
Kosta ahala kosta egon nahi dut. Kirolari batentzat ez dago hoberik. Gainera, nire irudipena da Tokiokoak ikusgarriak izango direla.
Hungaria, Errumania, Montenegro, Senegal eta Kazakhstan ariko dira zuen multzoan. Itxuraz, lehen hirurak izango dira zuen aurkari nagusiak?
Erne Senegalekin, Frantzian jaiotako makina bat jokalari ditu. Ez da talde txarra. Ustez, Hungaria, Errumania eta Montenegro izan beharko lukete gure arerio nagusiak bigarren ligaxkarako sailkatzeko, baina berriro diot: ustez.
Gainera, sailkatzeko sistema aldatu dute, eta multzo bakoitzetik lauk egin beharrean aurrera, hiruk egingo dute. Horrek zaildu egiten du helburua?
Bai. Europako Txapelketan erabiltzen den sailkatzeko sistema bera da, eta, nire ustez, kalte egiten digu, gorabeherarik gabe aritu beharko baitugu, hutsik egin gabe. Kosta egiten zaigu oreka topatzea.
Atsedenik ez duzue izango. Bost egunez jarraian jokatuko duzue. Erronka zaila da hori, ezta?
Oso zaila, nekea pilatuz joango baikara. Gainera, gure multzoa besteren bat baino zailagoa da. Samurragoak izan behar luketen kontrarioak ez dira horren samurrak.
Aukera duzue sailkatzeko?
Bai, noski. Aurkari indartsuak dira guztiak, baina guztiei irabaz diezaiekegu. Beste batzuetan gertatu izan zaigu aurkari oso-oso indartsu bat izan multzoan, eta haren aurka partida ia galdutzat ematea. Oraingoan, aldiz, ez dago halako neurketarik. Puntu guztiak lor ditzakegu. Gogorra izango da, atsedenik ez baitugu izango, eta lehen bi egunetan Errumania eta Hungariaren aurka jokatuko baitugu. Ez digu mesede egiten lehiari ekiteko bi norgehiagoka horren zail jokatu behar izateak. Baina halakoxea da txapelketa hau. Ahal ditugun puntu gehien eskuratu behar ditugu, lehen ligaxka gainditzeko eta bigarrengoan aukerarekin iristeko.
Zer itxura hartzen diozu txapelketari? Faboritorik ba al dago?
Ez. Edozeinek irabaz dezake. Sari potoloa dago, Olinpiar Jokoetarako sailkatzea, eta denek nahi dute lortu. Zenbait selekzio indartsuk, gainera, hutsune garrantzitsuak dituzte. Adibidez, Norvegia, Nora Mork, Amanda Kurtovic eta Katrine Lunde gabe ariko da. Halere, kalitateak ez du behera egin txapelketan.
Iaz Europako Txapelketan aritu zen selekzioarekin alderatuta, ia ez du egin aldaketarik Carlos Viver hautatzaileak. Argi du bizkarrezurra.
Hala da. Oinarri finko bat dugu jada eginda, eta horrek mesede egiten digu.
Zertan zarete onak?
Aurkariek ez dakite zer egin dezakegun. Irudimentsuak gara, eta aurkari batzuei kosta egiten zaie gure aurkako partidak prestatzea, aberatsak baikara baliabidez.
Gazteak eta beteranoak nahastu ditu Viverrek deialdian. Gustatzen zaizu nahasketa hori?
Bai, baina hasieran kosta egiten da dena ondo uztartzea. Dena den, uste dut lortu dugula.
Zu jada beteranoen artean zaude. 29 urte dituzu dagoeneko, eta makina bat txapelketatan aritutakoa zara. Asko aldatu da taldean duzun rola?
Noski, urteen eta urte horietan pilatutako eskarmentuaren poderioz aldatu da. Badakit lehen baino ardura gehiago ditudala. Baina gustatzen zait erantzukizunak izatea. Nigan konfiantza duten seinale da.
Aldaketa urtea izan da hau zuretzat. Ferencvarosen zazpi denboraldiz jokatu ondoren, Siofoken ari zara orain. Zergatik erabaki zenuen taldea aldatzea?
Zazpi urte neramatzan talde berean, entrenatzaile berarekin, taldekide berberekin... monotonia batean harrapatuta nengoen, eta monotonia horrek ez zidan batere mesederik egiten. Horregatik, aldatzea erabaki nuen. Erabaki oso zaila izan zen, asko maite baitut Ferencvaros. Baina ez zen nengoen gustura; ez zen haiengatik, niregatik zen.
Eskaintza bat baino gehiago jasoko zenuen. Zergatik aukeratu zenuen Siofokena?
Lehenbizi, ez nuen Hungaria uzteko asmorik. Oso zoriontsu bizi naiz herrialde horretan. Eta Siofok aukera ona zen.
Nolako taldea da Siofok?
Apenas duen antzik Ferencvarosekin. Ferencvaros Hungariako talde peto-petoa da [22 jokalarietatik hiru soilik dira atzerritarrak]. Siofoken, aniztasun handiagoa dago [bederatzi atzerritar ditu].
Zer helburu dituzue?
Txapeldunen Ligarako sailkatu nahi dugu. Nik Lauko Final bat jokatu nahi dut, eta horretarako joan naiz Siofokera.
Aldea dago Budapest eta Siofoken artean. Bata hiriburua da; bestea, herri bat. Aldaketa nabaritu duzu?
Bai, eta hori da gehien kostatzen ari zaidana. Nire hiria da Budapest. Ikaragarri gustatzen zait.
Horren errotuta zaude Hungarian?
Bai. Nire bigarren etxea da. Aldatu egin dit, eta helduago eta hobeagoa egin. Asko zor diot. Hasiera gogorra izan zen, baina hizkuntza ikasi nuen unetik oso ondo joan da dena. Egun, ez dut planteatu Hungariatik joatea.
Futbolariek greba egin berri dute, euren lan eskubideen alde. Zein iritzi duzu?
Ez dut gaia sakon ezagutzen, baina nire babes osoa daukate.
«Profesional izateko joan behar izan dut atzerrira». Zuk esan zenuen hori, Hungariara joan berritan.
Hala da, eta pena da atzerrira joan behar izatea, baina, gaur-gaurkoz, ez dago beste aukerarik.