bizigiro
Klitoria, plazeraren erdigunean
Uxue Gutierrez Lorenzo
Gailua ez da berria, ordea. Baina, orain, Satisfyer markak hedatu du, batik bat. Duela bost urte agertu zen plazer lerro hori urratu zuen lehen gailua: Womaizer markak merkaturatu zuen, baina orduan ez zen horrenbeste zabaldu. «Garestia zen; 200 euroren bueltan saltzen genituen guk; Satisfyerrek jostailua merkatu du, eta, gainera, publizate izugarria egin du». Iruñeko Sex Haizegoa sexu dendako arduraduna da Fernando Alonso sexologoa, eta ez du zalantzarik: jostailuaren arrakasta ukaezina da. «Lau hornitzaile ditut, eta laurek dituzte agortuak xurgagailu guztiak; bi aste daramatzagu horrela dagoeneko». Dendan, oraintxe, erakusteko dituen piezak besterik ez du, produktua sustraitu den seinale. «Probatu bezain pronto jakinarazi ziguten bezeroek jostailua oso berezia zela, eta gu ere hasi ginen produktua lehen lerroan jartzen». Egun salgai dituen modeloek 19 eta 55 euro arteko prezioa dute. «Batez ere, baterian dago aldea; merkeenak pila bidez funtzionatzen du, eta gainerako guztiek karga daitezkeen bateriak dituzte». Are, merkaturatu dituzten enpresen zerrenda ere hazi da.
Arrakastaren gakoak
Maria Torre sexologo eta kazetaria jostailuaren arrakastaz kontziente da. Hainbat fakotoreren emaitza dela uste du. «Hasteko, marketina; ikaragarria izan da Satisfayerrek xurgagailua sustatzeko egin duen kanpaina». Baina ez hori bakarrik: «Eta, noski, orgasmo femeninoa erdigunean jarri du; eta plazeraren zentroan, klitoria». Berritasunak duen xarma nabaritu du Torrek; izan ere, sexualitatearen ulerkeran aldaketa dakar jostailuak. «Emakumeon sexualitatea hizketagai bihurtu da tankera honetako gailuei esker». Agurtzane Ormatza sexologo eta psikologo klinikoak baieztatu du lehendabizikoz baliatu direla «emakumeen balorazioak» erotikaren alorreko produktu bat bultzatzeko: «Irrika piztu du, desioa; 'nik ere nahi dut' efektua sortu du: andreentzako gailu sexual batekin hori ez da inoiz pasatu». Hedadura horretako proiekzio kolektiboa estreinakoz ezagutu du Ormatzak andreen erotika ardatz duen produktu batean.
Aurrekorik gabeko jostailuaren funtzionamendua esplikatu du Torrek: «Klitoriaren azala zuzenean ukitu gabe simulatzen du sexu orala: aire hurrupatze leunen bidez kitzikatzen zaitu, xurgagailuaren buruan duen mintza mugituz». Sinple baina eraginkor, bibrazio sotilak eta xurgatzea gurutzatuz orgasmo «ezberdinak» sortzen ditu. «Orgasmo oso biziak lortzen dira, igurtzi bortitzik gabe». Hori lortzeko, intentsitatea erregulatzeko aukera zabala ematen duela nabarmendu du sexologoak.
Prozedura mekanikoaz harago, beste aspektu batzuetan ere jostailu tradizionaletatik bereizi dela uste du Torrek: «Forman ere berritzailea da: ez du itxura falikorik». Haren aburuz, andre askorentzat «deserosoak» dira zakil itxura duten jostailuak. «Badugu bat pinguino itxura duena, pajarita eta guzti», kontatu du Alonsok aniztasunaren erakusgarri gisa. «Beste batzuek ile lehorgailu txiki baten itxura dute, eta ehundura eta kolore ugarikoak ere badira», erantsi du. Koloreen eraldaketari ere erreparatu dio Torrek: «Lehen, denak ziren arrosa edo urdin suabe kolorekoak, orain denetik aurki daiteke: zuriak, beltzak, ehundura ezberdinetakoak, marrazkitxoak dituztenak... hori ere bada aurrerapauso bat».
Azkartasuna, arrisku
Zentzu guztietan jarri du hankaz gora sexualitatea eta erotikaren ulerkera xurgagailuak, baina zenbait aldetan gabeziak ere nabari dizkiote adituek. Ormatzak eta Torrek ohartarazi dute «orgasmo azkarra» bultzatzen duela, plazer eredu hertsi eta jakin bat ezarriz. «Plazera hemen eta orain», Ormatzaren ustez. «Orgasmoak bi minutuan edukitzera ohitu gaitezke, eta gero frustrazioa sor dezake beste testuinguru batean denbora gehiago behar izateak», gehitu du Torrek. Are, egungo bizitza erritmoaren metafora eta paradoxa gisa ulertzen du Ormatzak. «Gauzak arin lortzeko presioa jartzen diogu geure buruari; eta era berean, horrek frustrazioa eta antsietatea sortzen ditu. Larrialdia eta pentsamendu kaotikoak errotik uxatzeko metodo gisa aurkeztu digute: jostailua hartu eta akabo arazoak».
Ormatzak bestelako soluziobidea proposatu du: «Agian, gauza gehiago ikas ditzakegu patxadaz eta geure buruari denbora emanez». Ildo beretik, Torrek ez idealizatzeko oharra ere egin du: «Ona da, bai, itxuran eta sortzen duen plazer motan aitzindaria da, baina nik uste dut gehiegizko ospea hartu duela». Are, hedapen faltsu baten arriskua ikusten du sexologoak: «Hainbestekoa da efektua non pentsaezina baita ez gustatzea, eta horrekin kontu handiz ibili beharra dago». Izan ere, sare sozialetako mezuetan, denda eta atari digitalen webguneetan, hedabideeetan edotan lagunen arteko elkarrizketetan; denetan hedatu da antzeko mezua: jostailu bikaina da.
Diskurtso horrek sor ditzakeen gaizki-ulertuengatik kezkatuta daude adituak. Ormatzak dio «ia ezinezkoa» dela zerbait «denontzako» ona izatea. «Baina mezu guztiak dira positiboak». Erabiltzaile gisa ere mintzatu da Torre: «Niri gustatu zait, baina ez nuke esango munduko sentsaziorik onena izan denik». Izan ere , orokorkertzea arriskutsua izan daitekeela uste du: «Ez du zertan denontzako berdin eta ondo funtzionatu». Posible da gustuko ez izatea: «Hainbesteko sona izan du, non beharbada inor ez baita ausartzen esatera 'ba, niri ez zait gustatu'; hori ere aukera bat da».
Jostailuaren, eta oro har jostailu sexualen salmentaz harago, gailuen hedapen eta eztandak sexualitatea mintzagai bihurtzeko aukeraz jardun dira adituak. Ormatzaren aburuz, «beste tresna bat gehiago» balira bezala ulertu behar dira jostailu sexualak. «Aitzakia bat dira, probatzeko, gure buruekin eta besteekin berba egiteko; itaunak egin eta horien bidez gozatzea da garrantzitsuena».
Bat egin du hausnarketarekin Alonsok: «Aldagai berri bat da, sentsazio berriak frogatzeko eta ezagutzeko aukera bat». Gizartean eman diren aldaketekin bat eginez, jostailu sexualen merkatuaren egokitzapena hauteman du Alonsok. «Lehen gehienak sarketara bideratuta zeuden eta zakil itxura zuten, asko dibertsifikatu da merkatua». 25 urte pasatu dira Alonsok sexu denda ireki zuenetik, eta aukerak ugaritu besterik ez dira egin, haren ustez. Klitori xurgagailuez gain, geroz eta ugariagoak dira bestelako formak dituzten bibradoreak, bola txinatarrak edota gizonen masturbaziorako arrautza sintetikoak. Are, gizonentzako xurgagailuak merkaturatzen hasi da Satisfayer.
Jostailuen aukeretan nola, bezeroen profilak ere bilakaera izan du Alonsoren dendan. «Oraingo erosleak askoz ere pluralagoak dira, esango nuke emakume gehiago datozela egun; 1994an, denda ireki nuenean, hori pentsaezina zen». Gizartearen beraren sintoma. «Aldarri bihurtu da emakumeon sexualitatea, kalean dago, eta mugimendu feministak izugarrizko lanketa egin du», hala uste du Ormatzak. Eta aldarri hori lehen pertsonan egin da. «Egia esan, beti hitz egin izan da emakumeen sexualitateaz, baina orain guk esaten dugu zer gustatzen zaigun eta zer ez, hor egin da urratsik handiena», zehaztu du Torrek. Bide horren sintoma bat gehiago da klitori xurgagailuaren bolada.
Ormatzak argi du jostailuak batzuentzat negozio bide besterik ez diren arren, badagoela hori beste era batera lantzeko parada. «Zenbaitek dirua besterik ez du ikusten, baina guk balia ditzakegu tramankulu horiek sexualitatean sakontzeko; betiere euren menpeko bihurtu gabe». Torrek azaldu du norbera dela bizitzen dituen sentsazioen jabe, eta ez teknologia. «Burmuina da dugun armarik boteretsuena; autoezagutza analogikoa da inportanteena».
Landu gabe dagoena
Tiraka hasteko helduleku berria aurkeztu dute jostailu sexualek, baina oraindik ere badago zer egin. Alonsok esan du sexu heziketa falta handia dagoela. «Prebentziora bideratzen dira eskoletan haurrei eta gazteei ematen zaien informazioa, sexuaren inguruko mezu negatiboak jasotzen dituzte». Kontrako noranzkoan jardun nahi du hark, sexua «dibertigarri» aurkeztuz. Torrek ere hutsune bera identifikatu zuelako sortu zuen Arseroticas izeneko bloga, «sexualitatea ikuspegi feministatik» landu nahian. «Jaso dugun sexu heziketa penagarria da, naturaltasunez jardun behar dugu sexualitateaz eta erotismoaz».