kultura
Ezberdin direnen kolektiboa
Iñigo Astiz
Nekeak ere eraman du Reparaz bide berriak zabaltzera. Nazkatuta ote dagoen? Argia erantzuna: «Ni nazkatu naiz, bai, ni bai, baina erabat gainera», aitortu du. «Euskal Herrian muga asko jartzen dizkiogu geure buruari». Dena zalantzan jartzeko ariketa egiteko beharra sentitu du horregatik, eta, dioenez, ariketa horren ondorioa da Zetak. «Ez dut esan nahi hau iraultza moduko bat denik, baizik eta ariketa pertsonal bat».
Ideia orokor batek biltzen du proiektu guztia, musikariaren hitzetan. «Ezberdin sentitzen den jendearen kolektibo moduko bat izan nahi du Zetak taldeak». Eta, musikariak dioenez, ezberdin sentitzen den jende hori ezberdin sentitzera zerk eraman duen kontatzen du diskoak ere. Fikziozko pertsonaia bat sortu du diskoaren abesti bakoitzarentzat, eta pertsonaia horien bizipenak kontatzen dituzte kantek. «Oso iluna da diskoa», onartu du. «Bakardade asko dago, eta, horrez gain, egoera traumatikoak ere bai». 6 urteko haur bati egindako bortxaketa bat kontatzen du Pater noster abestiak, adibidez. Baina argia ere bilatu dutela dio Reparazek, eta emanaldietan topatu dutela dio. «Gure ahalduntzea da hau, zuzenekoetan elkartzea, sare sozialen bidezko hartu-emana izatea, eta gauzak ezberdin egiten saiatzea».
Duela hamar urte Bilboko Kafe Antzokian lagun batek esandakoa izan du gogoan musikariak. Prentsaurrekorik ez egiteko gomendatu zion lagun hark, eta ez diskorik ateratzeko ere. Kazetaririk apenas hurbildu ohi zelako halako ekitaldietara, eta entzuleek ere gutxitan entzuten zituztelako sei kanta baino gehiago jarraian. «Baina igual nahiko erromantikoak gara gu horretan ere», onartu du kantariak, «eta hemen gaude hamar urte geroago, disko berri bat aurkezten eta prentsaurreko bat egiten».
«Kontzertu esperientziak»
Baina prentsaurreko bat izanik ere, Zetak taldearena ez da ohiko prentsaurrekoa izan. Bere modura egokitu du formatu hori ere Reparazek, eta horregatik hartu du diskoaren aurkezpenak erdiz kontzertu baten eta erdiz aurkezpen baten itxura. Kazetariez gainera, publikoa ere gonbidatu dute taldekideek sare sozialen bidez, eta, horren ondorioz, ikusleek bete egin dute Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoa. Formatu txikian aritu da taldea, eta bi kanta interpretatu dituzte, baina, zehaztu dutenez, emanaldi horretarako propio moldatu dituzte abestiak; normalean, formatu handiagoarekin igoko baitira oholtzara. «Askoz tresna gehiago daramatzagu zuzenekoetara; laborategi moduko bat muntatu dugu».
Oraingoz, kontzertu bakarra eman du taldeak, eta hura ere berezia. «Kontzertu esperientzia bat» izan zen, musikariak deskribatu duenez. Emanaldia non izango zen jakin gabe erosi zituzten sarrerak entzuleek, eta gero zehaztu zieten emanaldia Astigarraga eta Hernani artean dagoen Oialume dantzalekuan izango zela, eta beltzez jantzita joan beharra zegoela. Entzungailu bana eman zioten bertaratu zen bakoitzari, eta haien bidez entzun ahal izan zuten diskoa lehenik, Reparazen azalpenekin, eta gero eman zuen taldeak zuzeneko kontzertua. Abenduaren 6an emango dute hurrengo zuzenekoa Durangoko Azokan, Plateruena gunean, eta beste hainbat saio ere badituzte jadanik itxita, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen.
Pozik azaldu da musikaria taldeak orain arte jasotako erantzunarekin. Lehen aurrerapen abestia ezagutarazterako, adibidez, 7.000 jarraitzaile zituen taldeak jadanik sare sozialetan, eta musikariak esker ona adierazi nahi izan die lehen diskoaren lehen aurkezpenera agertutako zaleei ere. Esan duenez, ordea, hasi aurretik ere lan ordu asko egin ditu taldeak oihartzun hori lortzeko. «Buruhauste asko izan ditugu», esan du. «Zalantza izan dugu guk geuk ere, ez ote ginen ari kea saltzen modu batera edo bestera». Erantzuna ikusirik, ordea, bistan geratu da publikoak proposamena ongi hartu duela, eta horren froga izan da diskoaren aurkezpeneko emanalditxoan gertatutakoa: momentu batean, Reparazek mikrofonoa entzuleen alderantz biratu, eta publikoak abestu du Errepidean abestiaren leloa.
Manifestu bat ere idatzi du Reparazek taldea aurkezteko. Gotzon Barandiaran idazlearekin elkarlanean prestatu du testua, eta hark irakurri du aurkezpenean. «Alfabetoa buruz behera/ izartu da./ Eta bazterra zentroa balitz?/ Eta zantarra zoragarri?/ Azkenak,/ ahaztuak,/ Zetak./ Abezean ere atzen./ Baina gu hor, eta zu hemen: zirkulua zarratzen».