astekaria 2016/02/19
arrowItzuli

kirola

Ez dago sanba hotsik

Imanol Magro Eizmendi

Ez dago sanba hotsik

Olinpiar Jokoetarako sei hilabete falta direla, arazoak pilatzen ari zaizkio Rio de Janeiroko batzorde antolatzaileari. Beste joko batzuetako esperientzia hor dago, eta litekeena da azken hilabeteetako esprintean ia dena konpontzea, baina, oraingoz, hari asko lotzeke daude. Zika birusak piztu du azken argi gorria, eta hari gehitu behar zaizkio lan garrantzitsu batzuen erritmo motela, aurrekontu jaitsieraren ondorioak, badiako ur zikina, eskandalu politikoak eta Brasilgo herritarrentzat gordetako sarreren salmenta urria.

Klasiko bat da: Olinpiar Jokoak hasi baino urtebete lehenago, horiek hartu behar dituzten hiriak mezu apokaliptikoz betetzen dira. 2012an, Londresen, garraiobideen kaosa, iritzi publikoaren inkesta txarrak eta segurtasuna ziren mehatxua. Pekinen, 2008an, berriz, kutsadura handia eta jakien egoera kaskarra ziren arazoak, eta Atenasen, 2004an, eraikuntza lanen atzerapen handia eta beroa. Bada, Rio de Janeiron ere ez da dena sanba, eta zika birusa izango da Jokoen ataria aztoratuko duen bisitaria. Adituen iritzien borroka hasia da, gainera: Jokoak Riotik atera beharko liratekeela esan dutenetatik, Eduardo Paes alkateraino. «Zika birusa ez da arazo izango abuztuan datozen bisitarientzat. Aedes aegypti moskitoaren ugalketa garaia apiril-maiatzean da. Nire ardura, egun, Rion bizi direnak dira», esan zuen iragan astean.

Jokoen eraginez, Brasil munduaren luparen azpian dago, eta zika izango da azterketa publikoaren ikasgairik gogorrenetakoa. Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak birusa zabaltzen duen moskitoaren aurkako «mega operazioa» martxan jarria du. Zenbait ikerketaren arabera, iaztik hona milioi batetik gora brasildar infektatu ditu birusak, eta haren ondorioak denge gaixotasunarenaren oso antzekoak dira. Arrisku larriena, dena den, erabat baieztatuta ez dagoen arren, haurdun dauden emakumeek dute, haurren makrozefalia kasuekin lotu baita. Urritik hona, 3.530 kasu egon dira Brasilen; 2014ean, berriz, 150 izan ziren guztira. Brasilgo Osasun Ministerioaren datuak dira horiek.

Brasilgo Gobernuak 220.000 soldadu mugitu ditu zikari aurka egiteko; «bizitzaren aldeko bataila» moduan deskribatu zuen Rousseffek iragan astean telebistaz zuzenean emaniko diskurtsoan. Soldaduek urmael, laku eta estoldak, moskitoek arrautzak jartzen dituzten tokiak, banan-banan fumigatuko dituzte. Jokoetara begira normaltasun irudia ematea da helburua, eta Nazioarteko Olinpiar Batzordea ere (COI) hasi da lanean. Kutsadura kasu gehien hurrengo hilabeteetan izango dela jakitun, COIk aurreratu du egunero fumigatuko dituztela Jokoetan erabiliko diren azpiegituren inguruak. COIz gain, bi aliatu handi ditu antolakuntzak: abuztuko eguraldia ?Brasilen negua da? eta Munduko Osasun Elkartea, ez baitio Brasilera joatea aholkatzeari utzi.

Aliatuak bai, baina etsaiak ere bai; izan ere, AEBetako eta Kenyako Olinpiar Batzordeek euren kirolariak jokoetara eraman edo ez aztertzen ari direla onartu dute. AEBetako batzordearen erabakiak bat egin du Lee Igel eta Arthur Caplan New Yorkeko Unibertsitateko ikerlariek Forbes aldizkarirako idatzitako artikulu batekin. Ikerlarien arabera, Jokoak lekuz aldatu edo atzeratu egin beharko lirateke, «4 milioi pertsona kutsa baitaitezke». Ikerlarien ustez, emakume gazteek ezin dute bidaiatu «zikaz lepo» dagoen nazio batera, «arduragabekeria» bailitzateke. Beste Olinpiar Batzordeek, zuhurtasunaren bidetik jo, eta konpromisoa hartu dute kirolariei informazio zehatza emateko.

Telebistarik ez logeletan

Zika, baina, ez da Rioko Jokoen mehatxu bakarra, Brasilek duen krisi ekonomikoak ere jo baititu. Aurrekontua jaitsi egin behar izan dute antolatzaileek. 8.400 milioi euro dira guztira ?%40 da publikoa?, Munduko Kopak izan zuen baino %43 gehiago. Murrizketak azken uneko erabakietan sumatu dira gehien, lan garrantzitsuenak hasita baitzeuden. Hasteko, boluntario kopurua jaitsi dute, 70.000tik 50.000ra. Boluntarioek ez dute soldatarik jasotzen, baina haien jana eta garraioa gastua dira. Azpiegiturei dagokienez, arraunak jasango du aldaketa handiena, Rodrigo Fleitas lakuan ez baita eraikiko haiek ikusteko aurreikusita zegoen 6.000 ikuslerentzako harmaila. «Lakukoa salbu, ez dago eraikiko ez den beste azpiegiturarik, baina denak berriz aztertu dituzte, eta aldaketaren bat egon daiteke», azaldu du Mario Andrada Jokoen bozeramaileak.

Aldaketak? Gutxi batzuk ezagunak dira jada, eta gehiago egon daitezke. Igeriketa zentroan bi igerileku egongo dira hiru egon beharrean, eta, ondorioz, waterpoloa, jauziak eta igeriketa sinkronizatua igerileku berean egingo dira. Txapelketari ez dio eragingo, baina bai entrenamenduei, eta kontuan hartu beharra dago Rion parte hartuko duten 10.500 kirolarietatik 1.200 inguru direla igerilariak. Zentroak, gainera, ez du sabairik izango, aurrezteko. Olinpiar Hirian ere nabarituko da, kirolariek ez baitute telebistarik izango logeletan, eta aire girotua ordainpekoa izatea aztertu zen. Hurrengo asteetan aldaketa gehiago espero dira; hala ere, antolatzaileek harro diote azpiegituren %90 bukatuta daudela. Egia da, baina egon dira arazoak; esaterako, tenis eta zaldi probetako zentroak eraikitzen ari den enpresa aldatu behar izan dute, aurrekoak kiebra jo zuelako. Abuztuaren 5ean hasiko dira Jokoak, eta garaiz iritsiko dira.

Jokoak hain garestiak badira, dena den, lan zibilengatik dira, Rioko Udalak azpiegitura lan asko egin baititu: autobusentzako errepideak, portuak badian... Lan handiena Barra de Tijucarako metro linea da, eta bukatzeke dago. Olinpiar gunea Barra de Tijucan dago, Riotik 15 kilometrora dagoen 350.000 biztanleko auzoan ?hiriak 6,3 milioi ditu erroldatuak?. Etxe orratz jositako auzoa da; maila ekonomiko erdi-altu eta altuko jendea bizi da han, eta han dago, besteak beste, Olinpiar Hiria. Rioko biztanleentzat, aberaskumeen oasi bat da Barra. Bada, oraindik metrorik gabe dago, lau geltoki falta baitira hara iristeko. Erlojupean ari dira lanean, baina alkateak ziurtatu du jokoak hasi baino «aste batzuk» lehenago metroa han izango dela.

Jokoak oso garai txarrean iritsi zaizkio Brasili. Aurreko hamarkadako hazkunde ekonomikoa iragana da. 1990az geroztik izandako atzerapauso handiena izango du aurten, eta ekonomiak %3 egingo du atzera. Rioko 500.000 funtzionariori soldatak zor dizkiete, eta inguruko ospitale publikoetako arretak asko egin du okerrera. Larrialdietako 29 guneetatik hamazazpik gaixo ez-larriak artatzeari utzi diote. Horrek haserrea eragin du, eta Jokoetan poliziarik ez da faltako protestaldiei aurre egiteko. Yihadismoaren mehatxua segurtasuna indartzekoa argudio ona da. Guztira, 85.000 polizia eta militar egongo dira ?Rioko estatuan 60.000 inguru dira?. Azken asteetan, gainera, Petrobrasen eskandalua irten da argitara, Brasilen aspaldian egoniko ustelkeria kasu handienetakoa. Lau presidente ohi zipriztindu ditu, eta petrolio enpresak alderdiei mesede truk eginiko ordainketak azaleratu ditu.

2014ko Munduko Koparen oroitzapena gertu dago, eta orduko istiluak. Bi urtean, egoera ekonomikoak okerrera egin du, eta haserrea handiagoa da. Koparako egin ziren hainbat estadio ez dira erabiltzen, eta Jokoen ondorenak beldurra sortu du. Rousseffen mezua, baina, argia da: «Jokoek atzeralditik irteteko balioko dute». Irteteko izango da agian, baina, oraingoz, sarrera salmentan nabari da. Atzerrira bidaliriko sarreren %74 salduta daude jada; Brasildarrentzat gordetakoen kasua oso ezberdina da. 5,3 milioi sarrera dira, eta erdiak baino ez dira saldu; kontsumo jaitsieraren ondorio da. Futbolean, atletismoan, boleibolean eta halako kiroletan betekadak egongo dira, baita hasiera eta itxiera ekitaldietan ere, baina beste kirol batzuetan salmenta «beste joko batzuetan baino astiroago doa», azaldu du Andradak. Paralinpiar Jokoetako egoera okerragoa da, hiru milioi sarreretatik 300.000 bakarrik saldu baitira. Harmaila hutsek, baina, konponbide erraza dute, betiere diru sarrerak murriztuz.

BERRIAn argitaratua (2016/02/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA