politika
Memorian iltzatuta dago
Edurne Begiristain
1989ko sarraskia urtero gogoratzen dute San Salvadorren. Aurten ere hala egin dute: hilaren 16an milaka lagun atera ziren kalera Argitxoen prozesioan, hildakoen omenez. Oroimenarekin batera, justiziaren aldarriak bete zituen hiriburuko kaleak. Auzia, gerrako beste hainbat bezala, zigorgabe geratu zelako eta oraindik ere biktimek ez dutelako jaso egia, justizia eta erreparaziorik.
Ignacio Ellakuria jesuita bizkaitarraren (Portugalete, 1930) hilketak mundua astindu zuen, 1989an. EAU Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektore zen orduan, eta El Salvadorko gatazka amaitzeko lanean aritzen zen, buru-belarri. Izan ere, 1980ko urteen hasieran, El Salvadorko gerrillari mugimendua indartsu zegoen, Nazio Askapenerako Faranbundo Marti Frontearen (FMLN) eta Fronte Demokra- tiko Iraultzailearen (FDR) bitartez. Ellakuriak harreman berezia zuen FMLNko komandante Joaquin Villalobosekin, ikasle izan baitzuen, eta harremana zuen gobernuarekin ere, bitartekari lanak egiten zituelako. Ez batak ez besteak ez zuela herria ordezkatzen uste zuen Ellakuriak, eta bi aldeei elkarrekin hitz egitea eskatu zien maiz.
Diskurtso «ausarta» zuen
Garai hartan jesuitak FMNL eta gobernuaren artean bitartekari ari ziren, gerra amai zedin, eta Ellakuriak alde bietako bortizkeriaren aurkako diskurtso «ausarta» eta «argia» zuen, Rafael Agirre teologoak eta Ellakuria zenaren lagunak gogora ekarri duenez. Agirrek 1986an ezagutu zuen Ellakuria, Madrilgo (Espainia) kongresu batean zegoela, eta handik urtebetera El Salvadorrera joan zen harekin denbora batez bizitzera. Oso gertutik ezagutu zuen Ellakuria: «Autoritate handiko pertsona zen herrialdean. Moral aldetik, erreferentzia bat zen El Salvadorren; monsinore Moreno hil ostean, Ellakuria zen erreferentzia nagusia».
Gerra betean zegoen orduan El Salvador, eta Ellakuriaren jarrerak aurkakotasun asko eragiten zituen. «Eskuinak, oligarkiak eta, batez ere, militarrek kontrolatutako gobernu bat zegoen, dena Ameriketako Estatu Batuen gidaritzapean, eta Ellakuriak oso argi eta ozen salatzen zuen hori», gogoratu du Agirrek. Bizitza arriskuan zuela ohartarazi zioten gertukoek: «Guk esaten genion militarrak atzetik zituela, etsaitzat zutelako, eta aholkatzen genion giroa baretu arte ez joateko unibertsitatera, arriskutsua zelako. Baina bera sinetsita zegoen han egon behar zuela, egoerak hala eskatzen zuelako».
Ellakuria hil zuten eguna ongi gogoratzen du Agirrek. «Haren heriotzak hunkitu egin ninduen. Mundu osoa hunkitu zuen, bereziki Euskal Herria». Gau hura ez du erraz ahaztuko: «Ostiral batean egon nintzen berarekin, eta asteazken goizean hil zuten».
Hain justu, azken hitzaldi publikoa egin zuen Ellakuriak 1989ko azaroaren 6an, Bartzelonako udaletxeko Salon de Cent aretoan, nazioarteko Alfonso Comin saria eman zietenean Erdialdeko Amerikako Unibertsitateari eta hango errektoreari. Azaroaren 13an itzuli zen El Salvadorrera, eta ordurako etxeratze agindua emanda zegoen hirian. Handik hiru egunera, azaroaren 16an, asteazken gauean, Atlacatl bataloiko soldaduak egoitzan sartu ziren, eta Ignacio Ellakuria, Segundo Montes, Ignacio Martin-Baro, Amando Lopez, Juan Ramon Moreno eta Joaquin Lopez jesuitak hil zituzten, baita unibertsitateko langile Julia Elba eta haren alaba Celina Ramos ere.«Emakume haiek pentsatu zuten etxea baino leku seguruagoa zela unibertsitatea. Oker zeuden. Militarrek ez zuten lekukorik nahi».
Pertsona jantzia
Pertsona jantzia zen Ellakuria. Teologo ikasia, eta filosofo aparta. Xabier Zubiri filosofo donostiarraren ikaslea izan zen, eta haren jarraitzailea. «Oso jantzia zen intelektualki, dialekto handia zuen, eta mintzaira bikaina, zuzena, argia eta ausarta». Zubiriren ikasle izateak formakuntza aparta eman zion filosofian, baita «zorroztasun handia» ere, «demagogiatik» erabat aldenduta, Agirrek azpimarratu duenez. «Zubirik errealitatea ikuspuntu metafisikotik aztertzen zuen, baina Ellakuriak alde historikoa gehitzen zion. Errealitatearen analista aparta zen, batez ere Ertamerikako errealitatearena».
Justizia noizbait egingo den esperantza gutxi du Agirrek. «Badakite nortzuk eman zituzten aginduak, nortzuk eman zituzten tiroak... baina ia denak libratu dira». Justizia egin artean, Ellakuriaren ondarea oso presente dauka: «Elkartasun ondarea utzi digu, giza duintasunarena. Gaur egun munduan nagusi diren injustizia, ankerkeria eta kaskarkeriaren aurrean, Ellakuriak erakutsi zigun gizakiak duintasunerako gaitasun handia duela eta hori oso kontsolagarria da».