gizartea
MENTXU HERNANDO
«Adineko andreak etxean itxita harrapatu dituzte lege neurriek»
Maite Asensio Lozano
Gutxi hitz egiten da adineko emakumeen aurkako indarkeriaz. Zein neurritan da ohikoa?
Zoritxarrez, oso ohikoa da, uste dugun eta dakigun baino gehiago. Bortizkeria hori ikusezina da, eta ez dago gure iruditerian: genero indarkeriaren biktima batean pentsatzen dugunean, ez zaigu bururatuko andre zahar bat. Baina, horrez gain, ikerketetan ere ez dago adinekoen aurkako indarkeria matxista: edadetuen kontrako tratu txarren edota familia barruko bortizkeriaren barruan ezkutatuta egon da. Europako Batzordeak egindako azterlan batek azaleratu zuen 60 eta 79 urte arteko emakumeen %28k jasan zutela indarkeria etxean aurreko hamabi hilabeteetan, eta ia erdiek ez zutela horren berri eman, ezta inguru hurbilean ere.
Oro har, adineko emakumeren bat hiltzen dutenean azaleratzen da haien aurkako bortxa.
Bai, eta hilketen datuak ukaezinak dira. Estatistikak dauzkagunetik, beste adin tarteetako biktima kopuruak murriztuz joan dira, baina 65 urtetik gorako hildakoak ez dira gutxitu. Oso emakume zaharren hilketa gutxiago dago, baina hori ez da indarkeria gutxiago jasaten dutelako, baizik eta erasotzaileak lehenago hiltzen direlako. Halere, badago beste arazo bat: Euskal Autonomia Erkidegoan, 2002 eta 2018 artean izandako hilketen artean %30ek zuten 50 urte baino gehiago, baina hori ez da islatzen baliabide espezializatuetan artatutako emakumeei buruzko datuetan: Bizkaian, adibidez, Ertzaintzak 2017an artatutako andreen %2,5 ziren adin horretakoak; portzentajeak ia anekdotikoak dira.
Zergatik da edadetuen aurkako indarkeria hori hain ikusezina?
Arrazoi bat baino gehiago dago, baina nagusiki, biktimak eurak ez direlako identifikatzen biktima izaerarekin. Neurri batean, haien sozializazio prozesuaren eta sineste sistemaren ondorio da: desberdintasunean hezi zituzten, besteak zaintzeko eta haien zerbitzura egoteko, familia egitura mantentzeko eta senarrarekiko otzan izateko; eta horren arabera eraiki dute beren identitatea. Erlijioak ere pisu handia du: bizi osorako ezkondu ziren. Eta premisa horiek barneratuta hasi ziren indarkeria jasaten, indarkeria zilegi zen garai batean. Genero aginduak oso errotuta dauzkate, eta bortizkeria handia jasan dute.
Nolako indarkeria pairatzen dute? Psikologikoa al da fisikoa baino gehiago?
Batez ere bikotearen arloan jasaten dute bortizkeria, hau da, justu legeak babesa ematen duen eremuan; arazoa da lege neurriek etxeko hormen artean itxita harrapatu dituztela andre horiek. Oro har, indarkeria kronifikatua eta normalizatua da, batzuek hamarkadetan jasaten dutelako: haien bizi osoa da. Baina zailtasun handiak dituzte bortizkeria uneak identifikatzeko, jotzen dute pentsatzera senarrak «jenio bizia» duela, «gizon honek ez nau sekula maite izan»... Tratu txar moldea ere aldatu egiten da denborarekin: erasotzailea ere zahartuz doan heinean, bortxa fisikoa gutxitzen da, baina psikologikoa areagotu egiten da. Batik bat ahozko erasoen bidez egiten da, eta kontrolaren bidez: bakartzea, lagunak edo ilobak ikustea oztopatzea, dirua kontrolatzea... Hori guztia urteetan eta hamarkadetan jasateak inpaktu handia du andreongan: kalte fisikoa eta psikologikoa eragiten die, autoestimu baxua... Bortxa 40 urtez jasatea eta etengabe beldurrez bizitzea suntsitzailea da.
Sexu indarkeriarik ba al da adin horietan?
Bai, eta oso garrantzitsua da. Guztiz ikusezina da, baina bikote barruko bortxaketak ere badaude. Ezkontzako eginbidea ere genero agindu bat da, eta andreak sexu harremanak izatera derrigortuta sentitzen dira, baita horiek bortxazkoak direnean ere. Zahartzaroan, gainera, erlazioen maiztasuna gutxitzen denean, emakumeei egozten zaie errua, senarrari atsegin ez emateagatik.
Joan den astean zahar etxe batean eraso ziotela salatu zuen andre batek Barakaldon. Egoitzak ere ez al dira seguruak?
Emakumeak dauden espazio guztietan dago haien aurkako indarkeria. Zahar etxean gertatu zena gizartearen isla bat da, kontzientzia apurrarena eta halakoak antzemateko trebakuntza faltarena. Azken batean, egoitzak etxeen luzapen bat baino ez dira. Kasu horretan, gainera, emakumeak berak salatu du, baina ez da ohikoena. Eta kontuan hartzekoa da adineko gizonak ere oso legitimatuta sentitzen direla halakoak egiteko: haiek ere horretarako sozializatu dituzte.
Banatzeko edo salaketa jartzeko urratsa ere nekez egiten dute. Zer oztopo dituzte?
Batetik, asko kostatzen zaie bizitza berri bat proiektatzea, eta, gainera, egoera konplexuak dira, mendekotasun psikologikoaz gain, ekonomikoa ere badutelako. Kontuan hartu behar da andre horietako askok ez dutela etxetik kanpo lan egin ezkondu ostean, eta ez dutela inoiz euren diru propiorik izan. Bestetik, zaintzaren etikak eragin handia du haiengan, eta erasotzailearen osasunak ere kezkatzen ditu: «Nik alde egiten badut, nork zainduko du gizon hau?». Edo alderantziz, bada mendekotasun fisiko bat: emakume batzuk euren erasotzaileek zaintzen dituzte. Azkenik, adineko andreek batzuetan ez dituzte legeak ezagutzen, ez dute baliabideen berri, formakuntza maila txikia dute... Euren bizitza osoan eremu guztietan jasan duten menderakuntza azaleratu egiten da halako egoeretan.
Halakoetan, zein izaten da ingurukoen jarrera?
Gertukoen eta batik bat seme-alaben rola ezinbestekoa da, andre horiek ez baitaukate sare sozial handirik, eta etxeari oso atxikita bizi baitira. Eta seme-alabek sarri ez dute babesten amaren banatzeko erabakia: «40 urtez jasan baduzu, orain banatuko zara?», edo «zer egingo dugu aitarekin, nora eramango dugu?». Eta babes hori gabe, ez dira gai urratsa egiteko: ez dute uste horretarako eskubidea dutenik ere. Familiak, gainera, oso konplexuak dira: andre batzuek etxean jasotzen dituzte seme tratu txar emaileak, eta horrek beste bortizkeria foku bat dakarkie.