kirola
LUIS PRIETO
«Derbiek ez dute zerikusirik izaten aurreko partidekin»
Aitor Manterola
Eibarren, Oskar Artetxe eta Peio Olano jokalari historikoekin jokatu zenuen, baita Xabi Alonsorekin ere, gazte-gaztea zela.
Xabirena izan zen Realetik jokalari dezente etortzen zirelako utzita Eibarrera. Beste batzuk ere izan ziren: Igor Jauregi, Aitor Aldeondo, Jose Felix Guerrero...
Blaz Ziarreta izan zenuen entrenatzaile. Zer moduz harekin?
Gogorra zen, baina bi denboraldi oso politak egin genituen. Bigarren Maila gogorra da; Athletic B-tik atera berria nintzen, eta beste futbol bat ezagutu nuen.
Beste futbol hori ezagutzeko aukera Athleticek eman zizun, Eibarrera utzita joateko aukera emanda. Athleticek 18 urterekin fitxatu zintuen. Berandu da hori, ezta?
Lehenagotik joan nintzen probak egitera, eta ez ninduten hartu. Gero, Hirugarren Mailara igo ginenean Arratiarekin, orduan deitu zidaten berriz Lezamara joateko, eta geratzeko izan zen.
Gutxien uste zenuenean?
Bai, baina futbolean inoiz ez dakizu noiz izango den zure momentua. Iruditzen zaigu kimu mailatik hasten denak errazago duela goiko taldera iristea, baina nire kasuak eta beste batzuenak erakusten du beste bide batzuk ere badaudela. Gauza da futbola bizitzea, gustura entrenatzea, eta helduko da momentua.
Beti esan izan duzu Eibarren gozatu egin zenuela. Zergatik?
Onartu egin nuen Athleticek mahai gainean jarri zidan aukera, Eibarrera utzita joatekoa, eta han jokatzeak eman zidan aukera gorago heltzeko. Hasieran, kosta egin zitzaidan Bigarren Mailara egokitzea, eta aurkariak ere oso onak ziren. Entrenatzaile on batekin eta jokalari onekin ikasteko aukera izan nuen. Artetxe, Olano eta halakoekin jokatzea gauza handia izan zen niretzat. Taldeko giroa ere aparta zen.
Futbolaren gogortasuna aipatu duzunez; kirol horrek gogor jo zuen Frederic Peiremans taldekide izan zenuen Eibarren.
Gurekin ere ez zuen batere jokatu, lesioengatik, Realean gertatu zitzaion bezala. Denboraldia hastear zela iritsi zen Donostiatik, eta berehala hartu zuen min. Sasoi guztia pasatu zuen horrela.
Eibarren garai hartan ezagunak ziren autobuseko bidaia luzeak. Ez dituzu ahaztuta izango, ezta?
Gogoan dut Ejidora [Espainia] joatea tokatzen zitzaigula, eta joaneko bidea egitea gauza bat zen, baina bueltakoa... Partida bukatu, ogitarteko bat jan eta 11 orduko bidaiari aurre egitea ez zen samurra. Gogorra zen lan egiten zuten jokalariak zeudelako taldean. Gaueko ordu txikietan iritsi, eta goizeko seietan lanera joan behar izaten zuten.
Eibar eskola ona zen jokalari gazteak gogortzeko?
Futboleko zati bat bakarrik ikusten genuen guk Lezaman, eta gero, Eibarren, beste balio batzuk ikasteko aukera zegoen: egunero bete-betean entrenatzea, taldeko elkartasuna... Balio izan zidaten edozein taldetan erabiltzeko gero. Gure ibilbidea hasi berria zen, eta Artetxe eta horiena bukaeran zegoen. Nola entrenatzen zuten ikustea, zein umilak ziren, lanetik entrenatzera nola joaten ziren... Beti gogoan izan nituen jokalari horiek eman zizkiguten ikasgaiak.
Entrenatzeko leku finkorik ere ez zenuten garai hartan, ezta?
Unben ibiltzen ginen gehien, eta gero hor zehar ere bai aldian behin: Azpeitian, Zumaian [Gipuzkoa]... Alde batetik bestera ibiltzen ginen aste barruan ere [barrez], baina gustura. Kontua zen entrenatzea, eta gustura asko joaten nintzen.
Nork esango zuen garai hartan Eibar Lehen Mailan egongo zenik orain.
Nortasun berezia dauka, eta hori da garrantzitsuena. Talde gogorra da, onenekin lehian dabilena, eta Eibar bezalako batentzat sekulako meritua da hori. Zaleak erabat bat eginda daude. Gauza asko ari dira ondo egiten klubean, eta ez da kasualitatea hainbeste denboralditan ondo aritzea. Uste dut horretan eragin handia daukala Mendi-k [Jose Luis Mendilibar].
Ondo ezagutzen duzu zuk Mendilibar.
Bai. Bost taldetan eduki nuen entrenatzaile, eta aukera eman zidan Arratian, herriko taldean. Preferenten hartu taldea eta Hirugarren Mailara igo gintuen. Inoiz ez zen Arratia maila horretan egon. Asko eman dit Mendik, eta nire entrenatzaile onena izan da.
Eibarren hasi elitean, eta Alavesen bukatu zenuen, 32 urterekin. Nola gogoratzen duzu?
Bi momentu ezberdin izan ziren: bat hasiera izan zen niretzat, eta bestea, aldiz, bukaera. Alaveseko oroitzapenak ere oso onak dira niretzat. Lesio asko izan nituen, eta hori ez zen ona izan niretzat, baina, klub bezala, ikusten zen ari zela bere onera etortzen. Garai txarra atzean utzi, eta bazetorren berriz, gauzak ondo egiteko asmoarekin. Mailaz gora egingo zuela denbora kontua zen, eta begira non dagoen orain.
Azpiegitura aldetik, Alavesek bazuen Eibarrek ez zeukana, ezta?
Hirien artean dago ezberdintasuna. Gasteiz Eibar baino askoz handiagoa da, eta horrek dena baldintzatzen du kontu hauetan guztietan.
Zer itxura hartzen diozu gaurko partidari?
Jokatzen nuenean esaten nuena esango dut: derbiak apartekoak dira, ez dute zerikusirik aurrekoarekin. Ez du garrantzirik talde bat emaitza bolada onean iristeak. Bi taldeek dituzte ezaugarri onak. Alavesi kanpoan gehiago kostatzen ari zaio, baina etxean ondo dabil. Eibarren kasuan, estilo zehatza ezarrita dauka Mendik. Doan lekura doala, ahalegindu egiten da horrela jokatzen. Asko esaten du haren nortasunaz. Jokalariei barruan sartzen badie jokatzeko modu hori dela onena, zelaira ateratzean oso garbi daukate zer egin behar duten une oro.
Arratian ere horrela jokatzen zuen?
Beti, eta beste taldeetan eduki dudanean ere bai. Bete-betean entrenatzea gustatzen zaio, eta gero partidetan ia nahigabe jokatzen duzu horrela. Aldiz, lasaiago entrenatzen baduzu, gero zailagoa da partidetan bizi aritzea.
Futbola utzi eta ikasten hasi zinen. Zer moduzkoa izan zen aldaketa?
Alavesen hiruzpalau lesio izan nituen, eta uztea erabaki nuen. Oso laburra da jokalari ibilbidea, eta bukatu egiten da une batetik bestera. Zer egin nuen gero? Prestakuntzaren arloan zerbait egin nahi nuen, eta Heziketa Fisikoko gradua egin nuen unibertsitatean. Orain hasten diren jokalariei esaten diet badugula denbora jokalari ibilbidean zehar ikasteko.
Athleticen ibili zara prestatzaile fisiko lanetan, harrobian, baina orain ez zaude hor lanean. Zertan zabiltza?
Etxean badugu nahiko lan hiru seme-alabekin, eta denboraldi honetan ez segitzea erabaki nuen. Klubean hauteskundeak egin ondoren, zuzendaritza berria sartu zen, eta aldaketak izan ziren Lezaman. Hala ere, nik segitzea nahi zuten, baina orain etxea da lehentasuna.
Futbol profesionalean sartzeko asmoa duzu gero?
Berriz futbolera itzultzeko asmoa daukat datorren denboraldian, eta ikusiko dugu non eta nola.