astekaria 2019/11/29
arrowItzuli

ekonomia

GAIXORIK KALERA

Jokin Sagarzazu

GAIXORIK KALERA

Ondo sendatu gabeko katarro bat nahikoa izan daiteke gutxieneko kalte-ordain batekin kaleratua izateko. Izugarria izanagatik ere, hori gerta daiteke Hego Euskal Herrian. Araua ez da berria, baina oso polemikoa izanda ere eta hainbatean ezbaian jarri arren, inoiz ez da hain urrutira iritsi, epaitegietan behintzat. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hitz egin berri du, eta berretsi du kaleratze horiek legezkoak direla. Aski da hamalau hilabeteko epean langile batek aldizkako -ez jarraian- hogei egun egitea gaixo, nahiz eta justifikaturik egon medikuaren agiriarekin.

Bartzelonako epaitegi batek galdetu zion Konstituzionalari aukera horri buruz, telefono operadore baten kaleratze kasu baten harira. Auzitegiak erantzun zuen ez direla langilearen osasun eta lan eskubideak urratu, eta nabarmendu zuen enpresaren eskubideak ere bermatu behar direla: alegia, produktibitatea ere kontuan hartu behar dela: absentzia labur eta etengabeek kolokan jartzen dutela hori, eta hausten langilearen eta enpresaren eskubideen arteko oreka.

Hamabi epaileetatik zortzik babestu zuten epaia, eta beste laurek bi boto partikular egin zituzten. Horietako batek generoaren aldagaia nabarmendu zuen: esan zuen neurria emakumeekin are diskriminatzaileagoa dela, andreek joera handiagoa dutelako epe laburreko gaixo baimenak hartzeko, osasunarekin, bizi baldintzekin eta lanarekin loturiko hainbat baldintzarengatik.

Langileen Estatutuaren artikuluak ahalbidetzen ditu kaleratze horiek. 1980. urtetik dago indarrean, baina lehen aldia da horri buruz galdetu diotena Konstituzionalari. «Autokritika» egin beharraz mintzo da GarbiƱe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko salako presidentea. Berak hainbatean aplikatu du neurria -enpresaren alde beti-, eta «oso gogorra» egin zaio. «Ez digu beste aukerarik ematen: muga jakin batzuk ditu artikuluak, eta errespetatu egin behar ditugu».

Hala ere, aitortu du berak ez duela egin zezakeen guztia egin. «Egia da neurria indargabetzeko Konstituzionalaren aukera hor genuela, eta ez dugula baliatu, ez guk -epaileok-, ez horretarako aukera duten erakundeek: abokatuek, parlamentuek, legebiltzarkide taldeek, erkidegoek, arartekoek...». Biurrunek gogoratu du sindikatuek-eta 2012ko lan erreformaren kontra egin zutenean, inork ez zuela puntu zehatz hori planteatu Konstituzionalean.

Lan erreformaren itzala

Eta horrek ere badu garrantzia. Izan ere, 2012an PPk Langileen Estatutuaren artikulu hori ere aldatu zuen, esaldi oso bat kendu zuen: ordura arte kaleratzeak onar zitezkeen «soilik» lantalde osoaren absentismo indizeak %2,5 gainditzen bazuen; orain, langile bakoitzaren kasua bakarrik hartzen da kontuan. «Neurriak logika handiagoa zuen lehen: enpresek ez bazuten absentismo handia, ezin zen kaleratzea justifikatu», azaldu du Biurrunek. «Dena den, muina bera da».

Auzitegiak orain emandako erantzuna «etsigarria» dela azpimarratu du epaileak. «Pentsatzen zen behin han planteatuz gero sentsibilitate minimo batekin erantzungo zutela, baina ez da hala izan: oso bortitza izan da». Uste du Konstituzionalera lehenago jo izan balute erantzuna «beste bat» izango zatekeela. Ate hori itxita, Espainian sor daitekeen gobernu berrira begira jarri da: «Aukera ona izan daiteke artikulu hau eta 2012ko lan erreforma indargabetzeko».

Antzera pentsatzen dute sindikatuek. «Hori egingo dutela hitzeman dute PSOEk eta Podemosek; ea hala den», adierazi du ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradun Pello Igeregik. LABeko Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak «lan harremanetarako marko propio bat» galdegin du Euskal Herrirako, Madrilen zain egon gabe langileen eskubideak berma daitezen. Eta CCOOk eta UGTk elkarretaratzeak antolatu dituzte, 2012ko erreforma indargabetu dezatela eskatzeko; asteazkenean egingo dituzte, Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian dituen ordezkaritzen aurrean eta Espainiako Kongresuan.

Zifrak baino gehiago

Biurrunek azaldu duenez, 2012a baino lehen 52. artikuluarekin loturiko kaleratze kasurik ez zuten jasotzen ia bere auzitegian. Eta «oso gutxi» iristen dira gaur egun: ez ditu zenbaki zehatzak, baina urtean «asko jota» halako hamar inguru izaten dituztela dio. Zehaztapen bat egin du, halere. «Horiek iristen dira epaitegira, baina kaleratzeak gehiago izan daitezke. Kontua da bestelako epai bat izateko aukera izango balute, kaltetu gehiagok salatuko luketela».

«Euskal Herrian gero eta kasu gehiagorekin ari gara topatzen», azpimarratu du LABeko Ugartemendiak. «Confebaskek saldu zigun erreformaren erabilera arduratsua egingo zuela, baina errealitatea oso bestelakoa da: erabateko aldebakartasunez jokatzen ari dira enpresak».

Sindikatuek hainbat kasu salatu dituzte aurten. Adibidez, maiatzean, Agoizko (Nafarroa) Siemens-Gamesako langileek adierazi zuten hiru kide kanporatu zituztela «bajan egoteagatik»; halaber, Bizkaiko garbiketa enpresa bateko langile bat kaleratu zutela jakinarazi zuten. Irailean, gauza bera, Bilboko kiroldegietako azpikontrata bateko langile batekin.

ELAko Igeregik azpimarratu duenez, neurri hori erabiltzen dute bereziki protestan dauden enpresetako langileen aurka egiteko. «Egia da ez dela askorik erabili, baina egin dutenean, mehatxu gisa erabili dute, edo zuzenean langileak kaleratzeko». Uste du Konstituzionalaren epaiaren ondoren enpresek «gehiago» baliatuko dutela. «Lan erreforma egin zenean, malgutasun hitza erabiltzen zuten. Malgutasun osoa dute orain».

Beldurra eta osasuna

Konstituzionalaren epaiak beste gai bat mahaigaineratu du: absentismoa. Gaixo baimenen inguruan beti egon da halako susmo bat: langileek neurriz kanpo hartzen dituztela, pertsona batek kanporatua izan daitekeen susmoa daukanean eskatzen duela gaixo agiria edo lanaldi murrizketa, kanporatzea saihesteko; edo baliatzen dituztela beste jarduera ekonomiko batzuetan aritzeko.

Azalpen horiek arbuiatu ditu CCOOko Lan Osasuneko arduradun Alfonso Riosek: «Mediku batek ematen du gaixo baimena, eta hori egiten du ondorioztatu duelako lanera joateak pertsonaren osasunerako kaltegarria izan daitekeela. Halako adierazpenek ezbaian jartzen dute medikuen lana».

Konstituzionalak bere epaia jakinarazi baino egun batzuk lehenago Randstad giza baliabideen enpresak txosten bat kaleratu zuen gaiari buruz, eta hori Espainiaren menpeko herrialdeen artean Hego Euskal Herrikoak azaltzen dira lehen tokietan: Bizkaia, aurrenekoa.

Urte batzuk daramatzate enpresarien elkarteek horri buruz ohartarazten. Hala egin zuen Bizkaiko Cebekeko idazkari nagusi Francisco Javier Aspiazuk, urte ekonomikoari hasiera emateko ekitaldian. Haren ustez, «hausnarketa sakon bat» egin behar dute enpresariek, sindikatuek, administrazioek eta baita langileek ere. «Beharrezkoa da kultura eta kontzientzia aldaketa bat jokabide batzuek enpresetan eta lankideengan eragiten dituzten kalteei buruz».

Sindikatuek gogoratu dute absentismo datu handiek ez dutela zertan txarrak izan. «Babes sozial eta lan segurtasun handiena duten herrialdeetan izaten dituzte lan gaixotasunekin loturiko bajen indize handienak -Danimarkan, Suedian-, eta ezin da esan herrialde horietan produktibitatea eskasa denik», gogoratu du CCOOko Riosek.

Igeregiri, berriz, «deigarria» egiten zaio Euskal Herriko datuak izatea handienak. «Produktibitateari begiratuz gero, ondorioa ez da nagiagoak galera. Beraz, galdera litzateke zein lan baldintza dauzkagun hemen langileak gehiago gaixotzeko, edo beste herrialdeetan, zeintzuk dituzten gaixorik egonda ere lanera joateko». Horrez gain, ELAko kideak uste du Ranstadek eta gisakoek zabaltzen dituzten absentismo datuetan «dena nahasten» dutela: gaixotasunak, eskubide sindikalak, gurasotasunak... Eta «langileen kriminalizazioa» bilatzen dutela, «kaleratzeak-eta justifikatzeko».

Riosek bereziki gogoan du eri kronikoek -administrazioek ez-gaitasuna aitortzen ez dietenak- edota beren lan baldintzengatik gaixotzeko arrisku handiagoa daukaten sektoreetakoek duten «arrisku egoera», eta bereziki emakumeek. «Epai honek beldurra handitzen du langileengan. Behartu nahi dituzte lanera joatera, nahiz eta euren osasunerako kaltegarria izan». CCOOkoak azpimarratu du neurria kaltegarria izan daitekeela enpresen produktibitateari begira ere. «Beldur horrekin lan egiten dutenek ezingo dute inoiz %100 eman, eta langileen arteko giroa eta enpresakoa gaiztotuko da».

BERRIAn argitaratua (2019/11/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA