astekaria 2019/11/29
arrowItzuli

gizartea

EMAKUME MALTZURRAREN MITOA, MUTURRERAINO

Maite Asensio Lozano

EMAKUME MALTZURRAREN MITOA, MUTURRERAINO

Aitortu behar dut: lehen aldiz aipatu zidatenean umea kendutako andre baten kasua, pentsatu nuen beste zerbait egon behar zela hor. Amak pediatrarenean salatu zuen umeak kontatu ziola aitak —gizon bilbotar batek— gauza batzuk egiten zizkiola; pediatrak eta forentseak sinesgarritasuna eman zioten haurrari, baina aldundiak amaren kontra egin zuten. Emakumea atzerritarra zen, eta Jehovaren lekukoa, eta hori erabili zuten: umeak asko hitz egiten zuela jainkoaz eskolan, ez dela ohikoa haren adinean, eta amak manipulatuta egon behar zuela. Uste nuen haur baten zaintza horrela kentzea ia ezinezkoa zela, baina txostena irakurri nuenean ohartu nintzen ezetz, ez zegoela besterik. Sexu abusuen salaketa segituan ahaztu zuten, zaintza aitari emateraino».

Hasieran ohikoa izaten da Bea Ilardia abokatuak ahotan duen nahastea. Neutraltasunez mozorratutako asmakizun bat baita GASa, gurasoen alienazioaren sindromea delakoa. Oinarri zientifiko eta medikorik gabeko teoria bat da, nazioarteko osasun erakundeek gaitzetsia, baina erro sendoak ditu justizia administrazioan eta gizarte zerbitzuetan, eta sarri erabiltzen da, beste eufemismo batzuen izenpean: gurasoen interferentziak, manipulazioa, oztopatzea, seme-alaben instrumentalizazioa, alienazioa... «Baina atzean beti dago ideologia misogino eta patriarkal bat», nabarmendu du Sonia Vaccaro auzitegi psikologo eta gaian adituak. «Emakumeak zigortzea du helburu, banatu direlako edo tratu txarrak edo intzestua salatu dutelako; eta haurrak babesik gabe uzten ditu, ikusezin, ahotsik gabe».

AEBetatik dator GASa. Richard Garner psikiatrak asmatu zuen 1985ean, «eta Columbiako Unibertsitatetik egoztea ekarri zuen horrek», Vaccarok gogoratu duenez. Bikote banaketetan aplikatzen da, seme-alaben zaintzari lotutako gatazketan: haur batek uko egiten badio gurasoetako batekin harremana izateari, beste gurasoak manipulatu egiten duela ondorioztatzen da; are, arbuio hori eragitea egozten zaio, «burua berotzea», haurra tratu txarrak edo sexu abusuak jasan dituela asmatzera bultzatzeraino.

«Tratamendua» mehatxu bidezko terapian datza: haurrari galdetzen diote noraino heltzeko prest dagoen arbuiatutako gurasoa ez ikusteagatik, eta adingabe zentro batera eramatearekin edo beste gurasoa kartzelatzearekin mehatxatzen dute. Umeak amore ematen ez badu, zaintza sistema aldatzen da: arbuiatutako gurasoarekin bidaltzen dute, eta beste gurasoarekin zaintzapeko bisitak baino ez dizkiote ezartzen. Azkenik, terapiara bideratzen dituzte, «desprogramatzeko».

Kasu gehienetan, ama izaten da guraso «alienatzailea», eta aitak pairatzen du umearen arbuioa. Ez da kasualitatea, Vaccaroren hitzetan: «Intzestuaz akusatutako gizonak defendatzeko asmatu zuten GASa, eta gero tratu txarren emaileak defendatzeko ere erabili izan da. Garner bera pedofilia normalizatzearen aldekoa zen, beste sexu joera bat balitz bezala». Teoria horren oinarri misoginoaren seinale, aurrez zuen izena ekarri du gogora Carmen Sanz GASaren aurkako erresistentzia sareko kideak: ama maltzurraren sindromea. «Erraz barneratzen da, emakumeei buruzko estereotipo sexistetan oinarritzen delako: emakumea maltzurra da, manipulatzailea, gezurtia, ez duenez indar fisikorik amarruak erabiltzen ditu... Hori guztia gure kultura patriarkalaren parte da».

«Zabor zientzia»

Halako sindromerik, ordea, ez dago ofizialki. Osasunean eta buru nahasmenduetan erreferente diren erakundeek ez dute GASa onartu: «oinarri enpirikorik» ez duelakoan, OME Osasunaren Mundu Erakundeak uko egin dio gaixotasunen sailkapenean sartzeari, eta AEBetako Psikiatria Elkarteak ere ez du jaso DSM gidaliburuan. «Halako terminoak erabil litezke haurrek aita biolentoarengana duten arrazoizko beldurraren errua amei egozteko», adierazi zuen AEBetako Psikologia Elkarteak 2006an.

Ildo horretan, GASa «zabor zientzia» dela esan du Vaccarok: «Hizkera zientifikoa eta lagunartekoa nahasten ditu, eta hala lortzen du jendeak sinestea». Esplikatu duenez, ezinezkoa da ama batek seme-alabei burua berotzea umeek aita gorrotatzeraino edo abusu edo bortxa egoerak asmatzeraino. «Haur bati ezin zaio esanarazi bere etapa ebolutiboaren arabera ezagutzen ez duen zerbait: gizakiok ezin ditugu asmatu ezagutzen ez ditugun gauzak; estralurtarrak ere bi begiekin eta aho batekin irudikatzen ditugu, bizitzaz dugun ideiari lotuta. Beraz, erekzioan den zakil bat inoiz ikusi ez duen ume batek ezin du horretaz hitz egin, ezta zakilaren zaporeaz ere».

Ohartarazi du aita arbuiatzen duten haurrek sintoma fisikoak ere agertzen dituztela: «Familia elkarguneetan ikusten ari gara gizonarengana eramaten dituztenean umeak botaka hasten direla, pixa edo kaka egiten duela gainean beldurrez, beren burua lurrera botatzen dutela... Sintomatologia hori ez da lortzen gaizki esaka ibiliz». Gogora ekarri du, gainera, umeek erresistentzia jartzen dietela halako kritikei: «Psikologiak orain ehun urte baino gehiago frogatu zuen haurrek subjektibitatea dutela, irizpide kritikoa, arrazoitzeko gaitasuna... Lotura afektibo zoriontsua badago, ez da hain erraza harremana aldatzea gaizki esaka arituz».

«GASa ez dago inon aitortua, ez dago delitu gisa tipifikatuta, botere judiziala aurka du, baina epaileek eta gizarte zerbitzuek aplikatu egiten dute», deitoratu du Sanzek. Hain justu, GASaren eta antzeko kontzeptuen erabilera zabalduak kezkatuta sortu dute erresistentzia sarea. Bizkaian jaio da, eta askotariko eragileen babesa lortu du, bereziki feministena. Tartean da Gehiegi Maite Duten Andreen Elkartea. «Ama askori gertatzen ari zaie, baina ez dute identifikatu, eta bakarrik ari zaizkio aurre egiten», adierazi du Inma Mata bertako kideak.

Ez da sentsazio soil bat: Bizkaiko Foru Aldundiko Umeen Zerbitzuko lau langile inputatu dituzte prebarikazioa egotzita, GASa erabiltzeagatik. Sergio Murillo da haietako bat: Gizarte Ekintzako diputatu izendatu zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak maiatzeko bozen ostean. EH Bilduko batzarkidea ere bada Bea Ilardia; Murillo «saritu» izana kritikatu du: «Horrelako gai batean, zer mezu bidaltzen ari zaio gizarteari?». BERRIAk diputaziora jo du azalpen eske, baina hango iturriek ez dute adierazpenik egin, «auzia judizializatuta dagoelako».

2017ko kasu baten harira inputatu dituzte laurak: 5 urteko neskato baten zaintza aldatzea eta aitari ematea ebatzi zuten, amak tratu txarrak salatuak zituen arren, eta ebazpena «bortxaz» eta «polizia laguntzarekin» gauzatu zuten. Oso gogor mintzo dira inputazio autoan: foru aginduak ez ditu bete «proportzionaltasun irizpideak», «indarkeriaz» jardun dute, aldundiaren erabakiak oinarrian dituen txostenak «ez datoz bat errealitatearekin», eta horrek guztiak «ondorio larriak» izan ditzake umearengan. Autoan ondorioztatu dute GASa andreen aurkako bortxa egiteko modu bat dela: «Inboluzio bat eragiten ari da adingabeen zein haien amen giza eskubideetan».

Arbuioaren arrazoia

Halako dozenaka kasuren berri jaso du Ilardiak abokatu lanetan: «Justizia patriarkalaz aritzen gara tratu txarren edo bortxaketen eremuan, baina GASa ugariagoa da kopuruan». Salatu duenez, haur batek aitarenganako ezinikusia edo beldurra agertzen duenean, «ia sistematikoki» pentsatzen da amak manipulatu duela: «Ez diote umeari entzuten, ez dute aztertzen aurrez tratu txar edo sexu abusuen salaketarik izan den. Aita errugabetzat daukate, eta ez da ikertzen zerk eragin dion umeari arbuioa; beraz, beste arrazoirik ez badago, amaren ardura da». «Ez gara ari esaten kasu guztietan indarkeria dagoenik», zehaztu du Sanzek; «Gerta daiteke aitak ondo ez zaintzea, edo harekin haserre egotea». Bat dator Sonia Vaccaro: «Haur adina arrazoi egon daitezke, baina ikertu egin behar da».

Izan ere, umeen aurkako bortizkeriaren alorrean lan egiten duten elkarteek ohartarazi dute egun GASa eta antzeko teoriak erabiltzen direla sexu abusuak eta tratu txarrak ez ikertzeko. «Isilarazten eta zigorrik gabe uzten ditu indarkeria eta intzestua», laburbildu du Vaccarok. Oro har, familia barruko abusuen auziari heltzeko ausardia falta nabari du Ilardiak erakundeetan: «Sexu abusuez hitz egin dezakegu garai bateko apaizekin lotuta, baina familia ezin da ukitu. Aitek egindako abusuak azaleratzen direnean, jasanezina izango da: gobernuak ohartuko dira ez dutela ezer egin; eta erasotzaileak gure senideak izango dira, gure lagunak».

Hortaz, eragileek argi dute errealitate horri aurrez aurre begiratu behar zaiola. Save the Childrenek emandako datuei erreparatu diete: lau neskatik batek eta sei mutiletik batek abusuak jasaten dituzte, eta %80 inguru ez dira salatzen. «Eta salatzen diren gehienak artxibatzen dira edo absoluzioak dira, baina hor daude», adierazi du abokatuak. «Salatutako gizonen erruduntasun pesuntzioa auzitan jarri gabe, abusua hor dago, datuak hor daude. Eta, bestalde, familia elkarguneetan badaude aitekin joan nahi ez duten umeak; eta gure premisa bakarra da amek manipulatzen dituztela? Beti? Areago ikertu gabe? Norbaiti bururatuko zaio datu horiek gurutzatzea? Zer gertatzen ari da milaka haur abusatuekin orain? Non daude? Zer ari dira egiten administrazio publikoak haien eskubideak babesteko?».

Antzera gertatzen da genero indarkeriarekin ere. «Bortizkeria salatu eta zigortu den kasuetan GASa aplikatzen ari badira, zer ez ote den gertatuko salaketarik ez dagoenetan?», galdetu du Sanzek. Azaldu du halakoetan ohikoa dela haurrek aitarenganako arbuioa agertzea: «Haiek ere bortxa giroa bizi izaten dute. Gurasoak banatu eta presioa askatzen dutenean, askok ez dute ezer jakin nahi aita tratu txar emaileaz».

Vaccarok erantsi du amen aurkako indarkeria betikotzen duela GASak: «Tratu txarren emaileentzako tresna bat da, tratu txarrak ematen jarraitzeko. Batzuek seme-alabak hiltzen dituzte amari min emateko, baina GASaren bidez beste modu batera mintzen dituzte: haurrak kenduz, babesteko aukeraz gabetuz».

Elkarguneak jomugan

Eragileon arabera, gainera, auzitegietatik harago doa GASaren eragina, haurren zaintzarekin lotutako erakunde guztietan zabaldu baita ustezko sindromea: familia epaitegietan ez ezik, oinarrizko gizarte zerbitzuetan —udalek eta mankomunitateek kudeatuta—, familia elkarguneetan —Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren menpe— eta adingabe zerbitzuetan —aldundietan—. Oro har, judizializatutako kasuetan, epaileek hartu ohi dituzte zaintzari buruzko erabakiak; besteetan, adingabe zerbitzuek dute umeen tutoretzaren gaineko eskumena. «Oinarrizko gizarte zerbitzuetara irits daitezke eskolatik, medikuarenetik edo gurasoetako baten bidez; ikusten badute babesgabetasun arriskua dagoela, aldundira bidaltzen dute», azaldu du Ilardiak.

Erresistentzia sarekoek bereziki kritikatu dituzte familia elkarguneak, eta Nafarroan ere 30 ama baino gehiago elkartu dira xede horrekin. Berez, haurrak gurasoz aldatzeko espazio seguruak dira elkarguneak, baita zaintzapeko bisitak egiteko ere. Nafarroako andreek salatu dutenez, ordea, bertako txostenek ez dute jasotzen «adingabeak nola iristen diren», balorazio «lerratuak» egiten dituzte, eta GASa leporatzen zaie amei. Txosten horiek ez dira nahitaez kontuan hartu beharrekoak, baina praktikan «erabakigarriak» dira, «ia peritu frogen pisua hartzeraino».

Bizkaian ere elkarguneek kexak eragin dituzte gutxienez 2014tik, Sanzek berretsi duenez: «Zerbitzu publiko bat diren arren, elkarteek kudeatzen dituzte. Bizkaian, asko Bizgarriren esku daude, eta elkarteak webgunean jarrita du 'guraso interferentzietan' trebatzen dituela bere langileak».

Bizgarrik ez die BERRIAren galderei erantzun nahi izan; Jaurlaritzak, aldiz, BERRIARi adierazi dio ez daukala elkarguneen inguruko kexen berri. Era berean, Ines Ibañez de Maeztu Justizia zuzendariaren hitzetan, Bizgarrik ez die formakuntza hori ematen elkarguneetako langileei: «Beste programa batzuetako terapeutentzat da». Edonola ere, Ibañez de Maeztuk dio elkarguneetako langileek «esperientzia egiaztatu» behar dutela haur eta familien alorrean: «Indarkeria matxista eta haurren aurkako tratu txar edo abusu kasuetan jarduteko prestatuta daude».

Haurrak, kaltetu

Eragileen ustez, ordea, jokabide patriarkalek indartsu diraute erakundeetan. Inma Matak nabarmendu du familia tradizionala eta sexuaren araberako rol banaketa defendatzen dutela: «Adingabearen interes gorena ez da lehentasunezkoa. Pater familias-a babestu behar dute: rola eta pertsona; aita batek guztiaren gaineko eskubidea izan behar baitu, eta hori ezin da auzitan jarri. Eta bide batez, amaren rola ere babesten dute: emakumeak mendeko izan behar du». Sanzek gaineratu du sistema perbertsoa jartzen dela martxan: «Haurra beti gezurretan ari bada, amak buruan instalatu diona kontatzen duelako, seme-alabak defendatzen dituen ama errudun bihurtzen da: berdin dio zer egiten duen, dena egongo baita txarto, dena haren kontra itzuliko da».

Horren guztiaren inpaktua adingabeek jasaten dute; maiz, haur txikiek. «Ume bat behartzea arbuiatzen duen norbaitekin egotera aurrez ikertu gabe zergatik arbuiatzen duen, umeen giza eskubideen urraketa agerikoa da», ondorioztatu du Vaccarok. Bere aburuz, halako neurriak «justifikaezinak» dira, eta «oso ondorio larriak» dituzte: «Heldu batentzat larria bada arbuiatzen duen norbaiten mendeko izatea, min egiten dion norbaitekin bizitzea, pentsa zer izan daitekeen identitatea eraikitzen ari den ume batentzat; pentsa zer sentitzen duen haur batek atea itxi eta bakarrik geratzen denean jotzen edo bortxatzen duen pertsonarekin». Neurri krudela da, eta, gainera, ez da eraginkorra: «Gorrotoa ez baita desagertzen. Epaileren batek egiaz pentsa al dezake hori dela gatazka bat konpontzeko modua? Maitasuna behartu daitekeela uste dutenek ez dakite askorik gizaki izaeraz».

BERRIAn argitaratua (2019/11/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA