bizigiro
Beldurrak bidelagun
Jakes Goikoetxea
Beldurra normala eta berezkoa da. «Emozio guztien artean primitiboena», zehaztu du Carmen Maganto EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ohorezko psikologia irakasleak. «Harekin jaiotzen gara, eta animaliek ere badituzte. Gure garunean biologikoki txertatuta daude beldurra eta arriskuak saihestea; beste emozio batzuk, ez».
«Mehatxuen aurrean bizitzeko estrategia» deitu dio Alexander Barandiaran Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak.
Ezezaguna: batzuetan erakargarri, besteetan mehatxu. «Bizitza elementu ezezagunez beteta dago; ezezagunak jakin-mina eragiten digu, eta, aldi berean, baita beldurra ere». Myrtha H. Chokler psikomotrizista argentinarraren hitzak dira. Cuyoko Unibertsitate Nazionaleko irakaslea da, eta, herrialde hartako psikomotrizisten artean, erreferentea.
Txikitako beldurrak aztertzeko jardunaldiak antolatu zituen iragan astean Hik Hasi aldizkariak, Bilbon eta Donostian. Laurehun lagun elkartu zituen ostiralean Bilbon, eta hirurehun Donostian. Gehienak haur hezkuntzako irakasleak, ia guztiak emakumeak. Haiek gonbidatuta izan da Chokler Euskal Herrian, 0 eta 6 urte artekoen beldurrez hitz egiteko.
Beldurra nagusitzen baldin bada, pertsona paralizatu dezake, edota ihes egitera bultzatu. «Aldiz, jakin-mina nagusitzen baldin bada eta beldurrari aurre egin badiezaiokegu —bakarrik edo lagunduta—, orduan ezagutzan aurrera egiten dugu».
Normalean gizakia bi beldur bateraturekin jaiotzen dela dio Magantok: bakardadeari zaion beldurra eta iluntasunari zaion beldurra. Logelan, lo egiteko garaian, bat egiten dute. Egunez logela koloretsu eta adeitsuak direnak forma, itzal eta distira mehatxatzaile bihurtzen dira gauean. «Eta umeak ez dira bakarrik egoten: munstroak, fantasiazko pertsonaiak eta abar dituzte irudimenean. Begiak itxita ere, hor daude». Eta ametsak primitiboagoak, irrazionalagoak eta kontrolaezinagoak dira umetan.
Zer egin daiteke halako beldurren aurrean?
Helduen presentzia, arreta eta kontaktu fisikoa behar dituzte, hiru adituek nabarmendu dutenez: gurasoak, senideak, hezitzaileak... Umeen segurtasuna helduen mende egon ohi baita. Helduak ondoan izatea oinarrizkoa da umeak lasaitzeko eta beldurrari aurre egiten hasteko. Beldurrak segurtasun falta eragiten du —umeei gehiago—, eta segurtasuna emango dien norbait behar dute. «Umeak heldu baten konpainia edo laguntza duenean», azaldu du Choklerrek, «beldur hori neutralizatu egiten da, edo, gutxienez, apaldu». Helduaren sendotasuna «bere egiten du».
«Kalitatezko kontaktua»
Baina egote hutsa ez da nahikoa. «Kalitatezko kontaktua» behar dela zehaztu du Barandiaranek: «Bertan egotea, beldurraren intentsitateak eskatzen duen denboran eta kontaktu fisikoarekin, azala azalaren kontra egoteak ematen baitu segurtasuna batez ere».
Umearen beldurra identifikatu behar da, beldurra zeri dion jakin. «Oso ona da beldurrei buruz hitz egitea», Magantoren iritziz. «Umeak sentitu behar du entzuten zaiola, jarrera ulerbera batekin». Hitzez adierazteko gai baldin bada, hitzekin; ezin badu —txikiegia delako edo beldurtuegi dagoelako—, orduan marrazkien edo jolasen bidez egin daiteke.
Beldurra identifikatu bai; umeari beldurra arrazoitzeko eskatu, ez, Barandiaranek argitu duenez. «Batzuetan pentsatzen dugu umeek gure moduan pentsatzen dutela, eta ahaztu egiten dugu zer adin duten. Eskatzen diegu azaltzeko, arrazoitzeko, pentsamendu arrazionala erabiltzeko, eta 0 eta 6 urte artekoek oraindik ezin dute. Pertsona txikiak balira bezala tratatzen ditugu, gure modukoak balira bezala, baina ez dira».
Beldurra ukatzea eta gordetzea kaltegarria da. Ukazioak indartu eta bizitu egiten du beldurra, Choklerren arabera: «Beldur bat ezkutatzen baduzu, bi beldur dituzu: beldurrari berari eta gainerakoak konturatzeari». Gainditu gabeko beldur bat beldur kroniko bihur daiteke.
Umeen beldurrei aurre egiteko orduan arrisku nagusietako bat da beldur horiek helduen arrazionaltasunaren, irizpideen eta logikaren arabera neurtzea. Hala eginez gero, umeen beldur gehienek ez dute zentzurik; baina benetako beldurrak dira hala ere.
Krokodilo bat ohe azpian, esaterako. «Helduarentzat ez dauka logikarik, baina umeek ez daukate logikarik», azaldu du Magantok. «Burutik pasatzen zaizkien gauzak existitzen dira». Hirurek nabarmendu dute inoiz ez direla auzitan jarri behar umeen beldurrak, Euskal Herriko oheren baten azpian krokodiloren bat aurkitzeko arriskua den mendrena bada ere. «Beldurra ulertu behar da eta segurtasuna helarazi behar zaie, haien ondoan zaudela esan. Haurrek ziur egon behar dute norbaitek lagunduko diela eta inork ez diela barre egingo».
Kontrakoa sekulakoa litzateke umeentzat. «Ez esan txorakeriarik»; «ez zaizu ezer gertatzen»; «pasatuko zaizu»... izan daitezke umearen beldurrak auzitan jartzeko modu batzuk.
«Beldurtuta dagoen haur bati ezer pasatzen ez zaiola esatea, berak pasatzen zaiola sentitzen badu, bera deskalifikatzea da, bera ez onartzea, sentitzen duenak ez duela balio esatea. Berak beldurra du, beldur hori bizi du, eta hori da garrantzitsua. Helduek deskalifikatzeari diote umeek beldurrik handiena. Izutu egiten ditu helduari ez gustatzeak, bai baitakite beren bizitza helduaren zaintzaren eta babesaren mende dagoela. Ezin dira heldurik gabe bizi». Choklerrenak dira hitzezko mailu kolpeak. «Ez zaie barre egin behar, ez dira irrigarri utzi behar, ez zaie errieta egin behar», osatu du Magantok.
Haurren beldurrak gutxiestea gurasoen kontrako jokabidea izan daiteke. «Umeak konfiantza galtzea eragingo luke, eta sekulako amorrua sortuko luke gurasoen kontra», ohartarazi du psikologoak. «Pentsatzen du gurasoek ez dutela ulertzen, ezin duela haiengana jo eta eta ez daukala inor». Helduen jarreraz gain, ume horien anai-arreba zaharragoena ere aintzat hartzeko eskatu du, txikienen beldurrak gutxiesteko joera baitute askotan.
Haurrak babesteak ez du esan nahi beldurrari amore eman behar zaionik. «Beti» egin beharreko bi gauza garrantzitsu daude Magantoren arabera: bata, beldurra eragiten dioten gauzak egitea, beldurra baldin badu ere; bestea, sekula gezurrik ez esatea.
Egin beharra
«Beldurra gainditzen lagunduko diogu, erraztasunak emango dizkiogu, baina gainditu beharko du, zeren, hala egiten ez badu, beldurra gailentzen baita». Shock terapiarik ez, beti helduen babesarekin eta laguntzarekin baizik. Eta urratsez urrats, bete ditzaketen helburu txikiak jarrita. «Helburu txikiak lortu ahala, errefortzuak, sariak».
Gezurrik ez. Txertoa jartzera joan behar badu, esan egin behar zaio. Dentistarenera joan behar badu, esan egin behar zaio. «Zer egingo dioten azaldu behar zaio, baina gurasoak lagundu diezaioke: eskua emanda, arnasketan lagunduz, aholkuak emanez... Modu soilean azaldu behar zaio zer gertatuko den».
Gaur egungo zenbait gurasoren bi joerak oztopatu egiten dute haurrek beldurrei ondo aurre egin ahal izatea: alde batetik, umeak denbora luzez bakarrik uzteak, gehienetan gailu elektronikoekin; bestetik, ohiko hainbat jarduera egitea debekatzea, umeei zerbait gertatzeko beldurrez.
Gurasoen arreta eta denbora faltak beldurrak ez gainditzea eragin dezake, umeak ez baitu lortuko bakarrik beldur bati aurre egitea.
Beldurra kutsakorra da. Gurasoen beldurrak haurren beldur bihurtzen dira. «Beldurra transmititu egiten da», Magantoren esanetan. Gurasoen beldurra, haurra babesteko nahia, ezin da aitzakia izan umearen garapena eta esplorazio premia oztopatzeko. «Gehiegi babestea ez babestea baita». Gurasoek ohitu egin behar dute ikustera seme-alabek aurre egin behar dietela kostatzen zaizkien gauzei. «Beldur batzuekin jaioko dira, beldurrarekin heziko dira, baina guk uste baino indartsuagoak dira: bizitzeko sekulako sena daukate. Pixka bat lagunduz gero, gainditu egiten dute beldurra».
Haurrak indartsuak dira, baina haur dira. Chokler eta Barandiaran kezkatuta daude helduak sarritan ez direlako jabetzen haurren beldurrez. Ume horien mundua hauskorra, aldakorra, ezegonkorra eta mehatxatzailea dela, eta horrek nahasmena, mesfidantza eta larritasuna eragiten diela. «Ulertzeko gauzarik zailenetakoa da haur txikienek askoz ere beldur gehiago eta nahasiagoak dituztela handiagoek baino, eta, gainera, ezin dute esan zeri dioten beldurra», Choklerren arabera. «Helduei iruditzen zaie jan eta lo soilik egin behar dutela; ez dira konturatzen haztea beldurrez betetako prozesu bat dela».
Barandiaranek kezka du agian helduek ez dutela askorik ezagutzen umeen mundua, eta ez direla umeen lekuan jartzen. «Garrantzia eman behar zaio. 0 eta 6 urte arteko garaia beldurren garaia da: umeak ez du mundua ulertzen guk ulertzen dugun munduan. Haurtzaroa bizitzen utzi behar diegu, ume izaten, ume izatea zer den ulertzen».