astekaria 2019/11/29
arrowItzuli

mundua

MOHAMED ELUALI AKEIK

«Hobe da bonba batekin hiltzea, sahararrak umilia gaitzaten uztea baino»

Kristina Berasain Tristan

«Hobe da bonba batekin hiltzea, sahararrak umilia gaitzaten uztea baino»

Haren bizitzaren bidez, betikotzen ari den gatazkaren kontakizuna egin daiteke. Mohamed Eluali Akeik (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1950) SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko lehen ministroa da iazko otsailetik; buruzagi historiko honek askapen mugimenduaren sorreran parte hartu zuen, zelula sekretu eta klandestinoen garaian, Mendebaleko Sahara artean Espainiaren 53. probintzia zenean. Marokorekiko gerran buruzagi militarra izan zen, eta su-etenaz geroztik zuzendaritza politikoan dago. Militante bat baino ez dela dio. Fronte Polisarioak abenduan egitekoa duen kongresuaren atarian, luze eta zabal mintzatu da BERRIArekin.

Azken komunikatuan, Fronte Polisarioa inoiz baino irmoago mintzatu da. Su-etena hausteko prest zaudetela iragarri duzue.

Urteak eta urteak daramatzagu bakearen zain, baina ez dator inoiz. Sakrifizio handiak egin ditugu, eta sufrimendua itzela da. Munduak ez badu aintzat hartzen baldintza horietan bakearen alde egin dugun ahalegina, iristen ez den irtenbide baten esperoan beste norabide bat hartu beharko dugu. Ez dugu gerra maite, badakigu zer den, baina ez dugu utziko gure herria horrela sarraski dezaten. Pazientzia agortu da. Hortaz, orain aukera guztiak daude mahai gainean, baita borroka armatura itzultzea ere.

Kongresuan erabakiko duzue?

Saharako herria ordezkatuta dago kongresuan, eta han hartuko da erabakia. Honezkero herri sahararrak ez du gure zuzendaritza politikoaren azalpenetan ere sinesten. Gazteek galdetuko digute zer uste dugun, zeintzuk garen gu nazioartearen isiltasunaren aurrean bakearen aldeko hautua egiteko. Zertarako ari dira ikasten, gero basamortuan etorkizunik gabe bizitzeko? Fronte Polisarioari leporatzen diote itxaroten egotea, akusatu egiten gaituzte, eta eskubide guztia daukate horretarako.

Ezin diegu esan beste urtebetez zain egoteko. Ezin dugu onartu ikustea nola hiltzen ari den gure herria nazioarteak gatazka anestesiatuta daukan bitartean. Mugara iritsi gara. Edo nazioarteak behingoz bake plan bat egikaritzen du, eta urrats sendo bat ematen du erreferenduma egiteko, bere ebazpenek diotena gauzatuta, edo guk bake akordioa hautsiko dugu. Batzuetan hobe da bonba baten azpian hiltzea, sahararrak umilia gaitzaten uztea baino. Gure kausa bukaeraraino eramango dugu; ez dugu kausa hiltzen utziko.

NBE Nazio Batuen Erakundearen azken ebazpenak etsipena sortu al du?

Ebazpen horrek agerian utzi du nazioarteak ez duela konpromisorik irtenbide bat bilatzeko: Minurso [Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa] beste urtebetez luzatzera mugatu da.

Minurso galdeketa antolatzeko sortu zen, baina ez du bere eginkizuna bete.

Minursok Marokoren okupazioa babestu baino ez du egiten; egoera lazgarri hau luzatzen uzten ari da, eta edukirik gabe geratu da. Zertarako dago? Ez dakit zertarako amaitu zen gerra, zeren gu ez ginen garaituak izan. Marokok erreferenduma egitea onartu zuen, hiru aukera ezarrita: marokoarra izatea, lurraldea anexionatuz; autonomia ematea; edo independentzia onartzea. Hori jaso zuen itunak, baina egun, ez du onartzen.

Horst Kohler NBEren Mendebaldeko Sahararako azken mandatariak maiatzean eman zuen dimisioa. Ordutik bete gabe dago kargua.

Hala da. Mandatari guztiek porrot egin dute, James Bakerrekin hasi eta Kohlerrek ere. Pisu handiko politikariak izan dira, eta ahalegin zintzoak egin dituzte. Marokok, ordea, oztopoak jartzen ditu, eta nazioarteko erakundeak men egiten du. Aski da. Frantziak betoa jartzen segituko du [NBEren] Segurtasun Kontseiluan. Espainiaren erantzukizuna ere hor dago. Jatorrira joan behar da: amaitu gabe dagoen deskolonizazio bat da hau, eta ez dugu onartuko autodeterminazioa aitortzen ez duen irtenbiderik.

Espainian, gobernu koalizio bat eratzeko bidean dira PSOE eta Unidas Podemos. Alderdi independentisten babesa erabakigarria izango da. Kolore anitzeko legealdi batetik beste jarrera bat espero duzue?

Agintean egon diren gobernu guztiek jarrera bera izan dute; hortaz, argi dago estatu estrategi bat dela, eta ez alderdiena. Herritar guztiek egin behar dute bat kausarekin, herritar guztiek sentitu behar dute erantzukizun hori eta exijitu galdeketa bat egiteko. Maroko ezin da marra gorri bat izan. Espainiak akats historiko bat zuzendu behar du.

Atzo [herenegun], Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariarekin elkartu zinen, eta hark nazioarteko legediarekiko bere babesa agertu zizun. Ez al da hipokrisia?

Ez. Herri sahararraren laguna da aspalditik, eta badakit zintzoa dela. Egia da hemen gobernu bat ordezkatzen duela, baina iritzi propioa dauka.

Ez al da inkoherentea?

[Isilik geratu da].

Zergatik ez du marra gorri hori zeharkatu nahi?

Marokok tesi bat helarazten du: egonkortasuna bermatuta dagoela Mendebaldeko Sahara berea den bitartean. Aitzakia hori baliatzen du. Marokon monarkia deuseztatu eta errepublika bat sortzen bada, akabo! Hiru gauza erabiltzen ditu presioa egiteko: immigrazioa, terrorismoa eta narkotrafikoa. Bi astetik behin, edo paterak bidaltzen dituzte, edo hesia saltatzen uzten dute, edo existitzen ez den zelula terrorista bat deuseztatzen dute. Espainiak ez du arazorik nahi.

Era berean, baliabide naturalen auzia dago.

Beste ezeren gainetik daude interes ekonomikoak, gizakien gainetik eta giza eskubideen gainetik.

Lurralde okupatuetarako ministroa izan zara urte luzez. Nolakoa da hango egoera?

Pentsa daitekeen errepresiorik bortitzena gertatzen da han. Setio militar batean bizi dira sahararrak; hiriak, auzoak, kaleak, etxeak... Dena dago zelatatuta, baita mugimenduak eta begiradak ere. Mikroskopio edo lupa batekin behatzen dute dena.

Giza eskubideen ekintzaileak, hala ere, kalera ateratzen dira, modu baketsuan protesta egitera. Zer ekarpen egiten du mugimendu zibil horrek?

Ekarpen handia egin dute. Blokeoa hausten saiatzen dira, eta nazioartean oihartzuna lortu dute; ikusgarritasuna lortu dute, eta horrek bide diplomatikoan ere eragina izan du; baina gauzak bere horretan daude, eta politikaren eremuan ez du aldaketarik eragin.

Badira indarkeriarik gabeko erresistentzia aldarrikatzen dutenak ere.

Gutxi batzuk baino ez dira, gerra aldarrikatzen dutenekin alderatuta.

Zu zeu gerraren alde zaudela dirudi. Horren alde egingo duzu kongresuan?

Gerra ezagutzen duenak ez du gerra maite, baina beste irtenbiderik ez daukazunean... Orain ere gerran bizi gara, hiltzen duen bakarra ez baita gerra. Heriotzari ere zentzu bat aurkitu behar diozu, eta zurea den hori defendatzeagatik hiltzeak pozez hiltzea dakar. Beharrezkoa bada, horrela hilko gara gizon eta emakumeak, gazteak eta zaharrak, erbestean daudenak, lurralde okupatuetan daudenak eta diasporan daudenak. Sahararrengan sinesten dut, euren adorean, euren ausardian eta euren konpromisoan... Horrela, poliki hiltzen ari gara. Hiltzeak zentzu bat izan dezala behintzat.

Fronte Polisarioa gerrarako prest al dago?

Saharako herria prest ote dagoen da galdera. Zurea den zerbait kentzen dizutenean, defendatu egiten duzu hitzaren bidez; baina hitzaren bidez ezin denean, eskura duzunarekin egiten duzu: makila batekin, labana batekin, ezpata batekin, fusil batekin edo hegazkin batekin.

Prestatuta gaude, eta bitartekoak ditugu. Gamelu pare batekin eta hiruzpalau fusilekin borrokatu ginen hamasei urte luzatu zen gerran. Eskarmentu handia daukagu, eremua ezagutzen dugu, eta inportanteena: konbikzioak dauzkagu. Eta kontu bat... Gerra hasten denean ez dakizu noraino iritsiko den. Gerrek ez dute mugarik ulertzen. Badakizu non hasten diren, baina ez noraino iritsiko diren bonbak.

BERRIAn argitaratua (2019/11/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA