astekaria 2019/11/22
arrowItzuli

iritzia

Euskarafobia

Amaia Nausia Pimoulier

Euskarafobia Amaia Nausia Pimoulier

Askotan gertatu izan zait nafarra nintzela esatean harridura piztea, EAEko euskaldun batekin hizketan ratutxo bat egon ondoren eta nongoa naizen galdetzean erantzuna izaten ohi da, «Aizu, ba zein ondo hitz egiten duzun euskaraz Nafarroakoa izateko». Bereziki harritu egiten ditu hitz-jario ona izateak, batez ere azaltzen duzunean ez zarela Nafarroa iparraldekoa, Iruñerrikoa baizik, eta zure sustraiak Lizarraldean daudela gehitzen baduzu harridura bikoitza izaten da. Ez nau gehiegi arduratzen, ez nau harritzen ere. Ulertzen ditut aurreiritziak eta euskarak Nafarroan bizi izan duen eta oraindik bizi duen marjinaltasun-egoerari egozten dizkiot horrelako jarrerak.

Nire haurtzaroan udak Lizarratik gertu dagoen aitaren herrian pasatzen nituen, Jurramendiko maldapean dagoen Morentineko herri txikian. Han gutxi ginen euskaraz hitz egiten genuen haurrak. Euskal hiztun gehienak Iruñera edo Gipuzkoako beste hiri batzuetara emigratu zutenen seme-alabak ginen. 80ko hamarkadaren amaierako eta 90eko hamarkadaren hasierako urteak ziren. Aitonak amonari esaten zion, «pon la vasca», ETB1i so eginez, pilotazale amorratua zen gure aitona Isodoro. Euskararekin zerikusia zuen guztia nahikoa arrotza egiten zitzaion, baina aldi berean nolabaiteko harrotasuna sentitzen zuen bere bilobek euskaldunen hizkuntza nola hitz egiten zuten ikustean. Amona Etxarrialdean sortua zen, hamabi urterekin iritsi zen Morentinaldera eta oraindik euskaraz zenbatzen zekien, baita Aitagurea gure hizkuntzan esaten. Nahi gabe euskarazko hitz asko erabiltzen zituzten biek, «zaborra», «zapukatu», eta horrelakoak. Baina, esan bezala, ez zuten propio bezala sentitzen euskara.

Hogeita hamar urte pasatu dira eta herrira itzultzen naizenean nirekin haurtzaroa konpartitu zuten bertako askok, hitz bat ere euskaraz esateko ia gai ez ziren berdinek, bere seme-alabak D ereduan matrikulatu dituzte. Euskara ez da horren arrotza nire herrian, ezta gertuko Lizarran ere.

1970. urtean sortu zuen guraso talde batek Lizarra Ikastola Lizarraldeko hiriburuan, eta ia 50 urteren ondoren gaur euskarazko eskaintza handitu egin da: D eredu publikoa dute orain dela urte batzuetatik hona. Belaunaldi bakar batean salto kualitatiboa izugarria izan da euskara arrotza zen Nafarroako zonalde askotan: Tafallaldean, Zangozan eta abarretan. Eta hau guztia sortu da zonifikazioa dugun arren. Pentsa zein izanen litzatekeen euskararen egoera gure lurraldean EAEko eredu bera bizi izan bagenu.

Baikorregia naizela diote askok. Ohartzen naiz, bai, jauzi kualitatibo honen aurrean jarrera euskarafobikoak indartu direla ere.

Lagun euskaltzale nafarrekin euskarafobia honi buruz hitz egiten dugunean askok ez dute ulertzen. Nik beste menpekotasun sistemekin alderatzen dut beti. Badaude hizkuntza egoera pribilegiatu batean bizi direnak eta beldur dira ez ote dituzten euren pribilegioak galduko euskararen aldeko eskubideak areagotzen badira. Patriarkatuarekin, kapitalismoarekin eta sistema hierarkiko guztiekin berdin gertatzen da. Aldaketarako erresistentziak oso bortitzak izaten dira sektore pribilegiatuen artean.

Nola gainditu erresistentzia horiek? Ez daukat erantzunik. Bihotzetik hasiz? Iruñeko Udalak Baluartetik kanporatu dituen pailazoen lelo berari jarraitu beharko diogu Nafarroan: sentitu, pentsatu, ekin!

BERRIAn argitaratua (2019/11/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA