mundua
Tsunami Demokratikoa: «Euskal Herriarekiko zubian sakontzen segitu beharra dago»
Martxelo Otamendi Egiguren
Erreferentziazko ekintzaile digitalizatuak bihurtu dira azken asteotan Kataluniako gatazkan. Tsunami Demokratikoa eragile erabat berria da Kataluniako mapan, independentziazaleen pozerako, eta identifikagarriak diren ekintzaileak jazartzen, atxilotzen eta zigortzen ohituta dauden polizien eta epaileen etsipenerako. Klandestinitatearen eta teknologiarik berritzaileenen eta seguruenen uztardurak ustekabean harrapatu ditu denak, herritarrak, poliziak, epaileak... Inork ez daki ez nortzuk diren, ezta 3, 30 edo 300 diren ere. Ukaezina da horrek haren deialdien inguruan piztu duen jakin-mina, oso denbora gutxian independentziazale askok segitu beharreko plataforma bihurtzeraino, eta gai izan baitira mezu digital soil batekin Bartzelonako aireportua eta Jonquerako muga blokeatzeko. «Kanpaina» deitzen diote bere buruari. Elkarrizketa hau ez da aurrez aurrekoa; Tsunamiari idatziz bidalitako galderak eta hark idatziz emandako erantzunak jasotzen ditu. Berrienetik hasita, iragarri duzue abendura bitartean ez duzuela beste ekintzarik egingo. Zergatik? Arrazoi politikoengatik? Teknikoengatik? Ez dugu horrelako iragarpenik egin. Oraingoz, ekintza publiko bakarra iragarri dugu. Tsunamiak bere ekintzak prestatzen ditu une bakoitzean jarritako helburuen arabera. Duela egun batzuk, olatuak Euskal Herriraino heldu ziren, Biriaturaino, eta 17 kilometroko auto ilarak sortu zenituzten. Zergatik deialdi hori Kataluniatik kanpo? Ez da aurreneko aldia deialdi bat Kataluniatik kanpo egiten duguna. Espainiako Gorenaren sententziaren egun berean, 1.200 autok blokeatu egin zuten Madrilgo Barajasko aireportuaren sarrera. Euskal Herrian egindako ekintza horrekin erakutsi nahi genuen zein isolatua dagoen Espainiako Estatua bere herritarren eskubideak babesten dituela dioen Europa horretatik. Euskal Herrian egiteak esanahi berezia dauka bi herrion arteko zubiengatik eta autodeterminazio nahiagatik. Euskal Herriarekiko zubi horretan sakontzen segitu beharra dago. Biriatuko deialdia Kataluniako Tsunamiak egin zuen. Euskal Herriko Tsunamiaz hitz egin dezakegu edo Kataluniatik egindako deialdia izan zen? Ekintzak egiten eta Tsunamiaren bortxakeriarik ezaren printzipioekin bat egiten duten guztiek osatzen dute Tsunamia. Zabalduko dituzue ekintza deialdiak Herrialde Katalanetara? Deialdi bakoitza pentsatuta dago une bakoitzean helburu jakin bat lortzeko. Tsunamia, definizioz, tamaina desberdinak dauzkaten olatuen multzo bat da. Olatu asko eta tamaina desberdinekoak sortuko dituzue? Horrela egin dugu. Era askotako ekintzak daude. Adibidez, Espainiako presidenteari agenda aldaraztea Kataluniara egindako bisitan. Edo #SpainSitAndTalk traola munduan gehien erabilitakoa izatea hiru orduz. Espainiako polizien eta justiziaren begietako ninia bihurtu zarete: zuen taldea «terroristatzat» jo dute. Ohartuta egongo zarete Guardia Zibila eta Polizia Nazionala ahaleginetan ari direla zuek epaileen aurrera eramateko eta zigor zentzagarriak jartzeko? Edozein modutara, arazoa Espainiako herritarrek daukate, bai baitakite beren gobernuak terrorismoagatik jazar diezaiekeela kalean manifestazio bat egiteagatik. Non daude horrenbeste babesten duten Espainiako Konstituzioak jasotzen dituen eskubideak? Horixe da galdera. Atxiloketak badaude, B, C, D... planak prest edukiko dituzue... Tsunamia milaka lagunek osatzen dute. Oso ikuspegi motza daukate pentsatzen badute atxiloketa batzuen bidez gelditu egingo dutela «oinarrizko eskubideak, presoen, erbesteratuen eta errepresaliatuen askatasuna eta autodeterminazio eskubidea» defenditzen dituen kanpaina bat. Kataluniako Biltzar Nazionala, Omnium Cultural, CDR... Zer behar zegoen plataforma berri bat sortzeko? Tsunamia ez da plataforma bat: helburu zehatzak dituen kanpaina bat da. Gure asmoa ez da inoren lekua hartzea. Zer ekarpen egiten du Tsunamiak beste erakunde horiek egiten ez dutena? Ez-bortxakeriazko ekintza egiteko modu berri bat planteatzen dugu. Tsunamiaren nahia da ideiak eta sorkuntza proposatzea, eta gogoratzea beti dagoela bidea irekitzeko modu bat. Bereizten dituzue bakezale, ez-bortxakeriazko, erresistentzia... terminoak? Esanahi desberdina daukate zuentzat? Sinonimoak eta osagarriak izan litezke. Garrantzitsuena da ez pentsatzea bortxakeriarik eza pasibitatea edo ezer ez egitea dela. Aurreko dinamika horietan, zein da zuen eredua? Une bakoitzean komeni dena. Tsunamiaren lan modua orain arte ikusi gabekoa da. Ez zarete ez alderdi bat, ez sindikatu bat, ez identifika litezkeen bazkideak dauzkan erakunde bat, baina zuen deialdiek arrakasta handia daukate. Bizpahiru milioi herritarrek urteak daramatzate Kataluniaren autodeterminazioa defenditzen. Ez luke inork harritu beharko horiek hor jarraitzea bakarren batek era eraginkor eta sendo bat eskaintzen badie eskaera horrekin segitzeko. Ez al da deigarria milaka herritar zuen deialdietara joatea, eta ez loreak aldatzeko, jakin gabe nortzuk zareten bultzagileak? Jendeak oso argi dauka zer dagoen jokoan, eta bere gain hartzen ditu konplizitatea, ardura eta diskrezioa. 2017ko mobilizazioetan dago jatorria, eta orduan sortutako loturak eta konfiantza zirkuluek segitzeaz gain, zabaldu egin dira. Belaunaldi guztiak harrapatzen dituen publiko bat daukazue, ez gazteak bakarrik. Tsunamiaren hiru eskakizunen ardatzak herritar guztiak interpelatu nahi ditu. Bartzelonako aireportuaren eta Jonquerako mugaren blokeoak, errepideen mozketa, kontzentrazioak...: halako ekintzak ikusi ditugu. Hurrengo hilabeteetan horrelako gehiago ikusiko ditugu, edo beste era batekoak ere bai? Unean uneko helburuetara egokituko da ekiteko modua. Objekzio fiskala sartzen al da etorkizuneko ekintzen artean? Ustekabearen gaitasuna osagai garrantzitsua da ekintzak pentsatzeko orduan. Zer erradiografia egiten duzue Kataluniako egoera politikoaz? Behin baino gehiagotan esan dugu gure asmoa ez dela egoera politikoaren gaineko iritzigile edo analista izatea. Nahikoa badago. Konfiantza daukazue independentziazaleen esku dauden erakunde katalanetan? Ez gaude iritziak emateko. Erakunde horientzako kontraboterea zarete, edo osagarriak? Demokrazia eskatzen duen kanpaina batek sekula ezin du ordezkatu herritarrek demokratikoki aukeratu dutena. Paradoxa litzateke. Azken hamarkadan ikusi dugu Katalunian jende asko dagoela prest mobilizazioetan parte hartu eta horren ondorioak bere gain hartzeko. Independentziaren aldeko mugimendua oso zatituta dagoen une batean iritsi da justu Tsunamia. Begi bistakoa da independentziaren aldeko alderdiek helburu desberdinak eduki ditzaketela une bakoitzean. Horrek inola ere ez du esan nahi independentziaren aldeko mugimenduan zatiketa dagoenik. Independentziazaletasuna beti osatu da ondo bat etortzen diren askorekin. Zer iritzi daukazue azkenaldian egindako protestetan mossoen buruzagitza politikoak eduki duen jokabideaz? Ez dugu analista izan nahi, baina, hala ere, manifestatzen ari ziren pertsonen aurka Katalunian debekatuta dauden material eta taktikak erabiltzearen aurka azaldu gara. Duela aste pare bat Bartzelonan (Via Laietana...) egondako istiluekin ez zeneukatela zerikusirik izan esan zenuten? Tsunamiak ez du horrelakorik egin. Soilik esan dezakegu guk ez genuela deitu protesta horietara. Noiz utziko dio Tsunamiak existitzeari? Zer lortu eta gero? Tsunamia kanpaina bat da, eskatzen duena [Espainiako] estatua eser dadila hitz egitera herritarren gehiengoak beretzat hartzen dituen aipatutako hiru gaiei buruz. Helburu horiek betetzen diren neurrian, bere egokitzapena egingo du. Pasatuta dago titulu handien eta etorkizuneko iragarpenen garaia.