iritzia
Hizkuntza kolonialean dekolonizatzen ahal gara?
Inés Matxiarena eta beste
Orain, Durangotik bueltan etxean gaude, mendeetan gure babesleku izan diren mendien artean. Hemen, lasaitasunez eta seguru sentitzen garen eremuan, gure erritmorat, gure txokoan, izan dugu gure zapalkuntza eta pribilegioei buruz hausnartzeko tartea.
Ahoan bilorik gabe mintzatu zitzaizkigun Durangon, bakoitza bere egiaren jabe. Eskertu genuen errealitate ezberdinen argazkiaren berri ematea, eta zapalkuntza horien guztien aitortzatik abiatzen dugu gure hausnarketa. Modu batean edo bertzean denak pribilegiatuak eta zapalduak garelakoz, hierarkiak alde batera utzita. Herri eta klase zapalduko emakume* gisa, argi dugulakoz bertzeen mina gurea ere badela, eta gu ez garela aske izanen guztiak aske izan artio.
Aipatutako jardunaldietan bertze anitzek bezala, gure borroka baztertua, ikusezina eta bigarren mailakoa zela sentitu genuen. Euskara erdigunean egonen zela iragarria bazen ere, laster konturatu ginen alderantziz izanen zela. Eman ziren hitzaldi, tailer eta eztabaidetan %40rat ere ez baitzen ailegatu euskararen erabilera.
Hizkuntza kolonialean aditu behar izan genituen bertaratutakoen hainbat mezu. Momenturen batean, gainera, harro eta botere posizio batetik betiere, hizkuntza koloniala euskararen aldean egokiagoa zela saldu nahi izan ziguten, euskara gauza batzuk azaltzeko baliagarria ez dela ulertaraziz. Orrialde hau betetzeko bezainbertze adibide ditugu euskaldunon eskubideen kontrako erasoak kontatzeko. Horrelako egoerak kudeatzeko inolako lanketarik egon gabe. Herri kolonizatu honetan etenik gabeko kolonizazioan gaudelakoz.
Hain da ikusezina bizi dugun zapalkuntza, non jardunaldien akabailan, berriz ere botere posizio batetik, euskarari eman zitzaion trataera ospatzeko modukoa zela sinetsarazi nahi izan baitziguten. Ez zen euskarak eduki zuen bazterketa egoeraren inguruko inolako autokritikarik izan.
Laburbilduz: hizkuntza ez da neutrala, bi hizkuntza zapaltzaile daude herri honetan (espainola eta frantsesa) eta bertze bat zapaldua (euskara). Kolonizazioaren armarik nagusiena eta eraginkorrena hizkuntza da, eta herri honetan hizkuntza koloniala erabiltzen dugun aldiro, gure kolonizazioan sakondu eta dekolonitatetik urruntzen gara. Hau horrela izanik, euskaraz mintzatzea ekintza feminista da.
Hizkuntzak, bertze gauzen artean, mundua ikusteko modu bat ematen digu. Bertze jatorrizko herrietan bezala, lurrarekin komunikatzeko eta oreka mantentzeko ezinbertzeko tresna da. Gure mendiei, errekei, animaliei eta zuhaitzei izena ematen dion horrek erakusten digu bidea. Landa eremuan bereziki mantentzen den ikuspegia da, hirietako adreilu eta zementuak arruntean estaltzen duena. Nabarmen gelditu da jardunaldi hauetan ere, guk hiriaren berri izanagatik, hiritarrek ez dutela gure berri. Landa eremuko emakumeak* historikoki lurra eta hizkuntzaren defentsan bete dugun paperagatik egon gara bereziki sistema heteropatriarkalaren eta kolonialaren jomugan. Euskal Hiritik teorizatzen dugun bitartean, Euskal Herria itotzen ari da. Lurraren eta hizkuntzaren kontrako etengabeko eraso honetan, feminismotik ditugun gabeziak nabarmenak dira. Lurraren eta jatorrizko herrien defentsa bizitza beraren defentsa den arren.
Etorkizunerat begira, argi dugu gure esku dagoen lana dela ikuspegi hau jorratzea eta plazaratzea. Argi dugu, baita ere, bildu ginen 3.000 emakume* ingururen artean aunitzez gehiago dela batzen gaituena bereizten gaituena baino, eta elkarren aitortzatik zubiak eraikiz, lortuko dugula Euskal Herri feminista, euskalduna eta lurrari atxikia dena eraikitzea. Denak elkarrekin, auzolanean.
SINATZAILEAK: Inés Matxiarena (Goldatz Berako emakume feministen taldea), Uhaina Apezetxea (Baztango talde feminista), Harri Arrijuria (Plazara Dantzara), Helena Xurio (Zugarramurdiko Feministak), Lorea Flores Compains, (Lesakako Emakume Taldea) eta Mikele Etxekolonea Diez (Emura Malerreka eta Bertizaranako Talde Feminista)