astekaria 2019/11/22
arrowItzuli

kirola

MIKEL ZABALZA

«Guk genuen baino prestakuntza hobea dute alpinista gazteek»

Unai Ugartemendia

«Guk genuen baino prestakuntza hobea dute alpinista gazteek»

Mikel Zabalza alpinista (Iruñea, 1970) ezaguna da bere bizitokian, Etxaurin (Nafarroa). Argazkiak atera eta tabernara sartu orduko, denek agurtu dute. 35 espediziotan baino gehiagotan parte hartu du. Azkena gogorra izan da.

Nola zaudete Felipe Valverderen heriotzaren eta David Suelaren erreskatearen ostean?

Jota gaude. Felipe Valverde Tronko hil izanak oso ukituta utzi gaitu. Han ezagutu nuen, eta oso harreman ona izan genuen; egun batetik bestera ez dagoela konturatzean...

Hara joan aurretik ez zenuten ezagutzen?

Nire bikotekidea, Sonia Casas, David Suelaren oso laguna da. Bagenekien haiek ere Nepalera joatekoak zirela, eta han topo egingo genuela. Baina Valverde ez genuen ezagutzen. Zaila egiten zaigu zer gertatu den onartzea.

Irratia eramateak salbatu zuen David Suela. Nolatan partekatu zenituzten irratiak?

Haiek ere han izango zirela jakin genuenean, irratia partekatzea tresna ezin hobea zela iruditzen zitzaigun bi sokaldiak harremanetan egoteko. Sokaldi bakoitzak bere erritmoa zeraman, baina bata bestearekin harremanetan egoten ginen. Egunero, eguerdiko ordu batean edo arratsaldeko bostetan jartzen ginen harremanetan. Ordu batean ez baginen konektatzen, ez zen ezer gertatzen, bagenekielako baten bat aktibitatea egiten ariko zela. Baina bostetako ezinbestekoa zen komunikazioa. Seietan iluntzen zuen, eta komunikazio laburrak izaten ziren askotan. «Zer moduz ibili zarete? Dena ondo?». Hala, hurrengo egunera arte elkar agurtzen genuen, besterik gabe. Haietako batean, urriaren 19koan, Davidek istripuaren berri eman zigun. Goizean, esan zigun Valverde 700 metro erori zela, eta bera blokeatuta gelditu zela. Ez zuen sokarik handik jaisteko, baina denda eta irratia berak zeramatzan, zorionez.

Gorpua berreskuratzeko erreskatea, aseguruak… Nola jarri zenuten dena martxan?

Horrelakoetan, helikopteroen konpainiak dirua aurreratzea eskatzen du. 25.000 dolar ziren [22.617 euro], baina asteburua zenez, bankuak itxita zeuden, eta ezin dira hainbeste diruko transferentziak egin. Ezinbestekoa izan da Alex Txikonen laguntza helikopteroa martxan jartzeko. Hark egin behar izan zuen berme emailearen papera. Alexek askotan egin izan du hegan helikopteroan Nepalen, eta, haiek ezagutzen zituenez, dena aurreratzea lortu genuen. Erreskate egunean zorte handia izan zuen Suelak. Bera artatu eta hamar minutura, eguraldi txarra hasi zuen. Egun berean jaso zuten Valverderen gorpua ere.

Valerio Annovacci italiarra erreskatatzea tokatu zitzaizun Alberto Iñurrategirekin eta Juan Vallejorekin Gasherbrum I-era (8.080 m) eta Gasherbrum II-ra (8.035 m) egindako azken espedizioan ere. Zer duzu gogoan?

Bai, hura ere gogorra izan zen, baina amaiera hobea izan zuen. Hura ere oinarrizko kanpalekuan ezagutu genuen. Azken saiakera egin ostean, alde egitera gindoazen. Largabista batzuekin, ikusi genuen denda bat zegoela Gasherbrumm II-ko hirugarren kanpalekuan, eta denak joanda zeuden jada oinarrizko kanpalekutik. Ez genuen bitan pentsatu: gauzak hartu eta martxan jarri ginen. Jarraian igo ginen haraino, eta izugarrizko poza izan zen han bizirik aurkitzea. Oso gaizki zegoen, baina sendagaiei ondo erantzun zien. Hiruren artean jaistea lortu genuen egun eta erdian. Emaztea eta semea agurtzeko eskutitza ere idatzita zeukan. Argi zeukan han geldituko zela.

Mendian lagunak galtzea da alpinista batentzat gauzarik gogorrena. Zuk batzuk galdu dituzu urte hauetan.

Gogorrena oso gaztetan pasatu zitzaidan. 1996an, Jose Luis Domeño lagunarekin Patagonian eskalatzen ari nintzela, irristatu eta 150 metro erori zen. Hantxe hil zen. Pentsa, hain urruti, biak bakarrik... Horma berean zeuden italiar batzuen laguntzarekin, gorpua berreskuratzea lortu genuen. 26 urte nituen, eta hura oso traumatikoa izan zen niretzat. Ez gaude prestatuta horrelakoak bizitzeko.

Valverderen heriotzaren kolpetik harago, azken espedizio hau nola joan da?

Chobutse mendiaren [6.686 m] hegoaldeko ertza eskalatzea zen helburua, baina montzoiaren osteko eguraldia oso gogorra izan da. Bagenekien ez genuela baldintza egokirik izango hura eskalatzeko. Ez genuen igotzeko aukerarik ere izan. Beste bi menditan ere saiatu ginen, baina ez ziren baldintza onenak.

Gogoan al duzu zenbat espediziotan ibili zaren mendian hasi zinenetik?

Europakoekin batera Himalaiakoak, Patagoniakoak eta Antartidakoak kontatuta, 35.

Ikasketaz ingeniari agronomoa zara, baina ez duzu inoiz horretan lanik egin. Argi al zeneukan menditik bizi nahi zenuela?

Ez, ezta gutxiagorik ere. Orain goi mendietako gidaria naiz, baina prozesu natural baten amaiera izan da honetan amaitzea. Ikasketak amaitzean, basoetako suhiltzaile lanetan aritu nintzen Nepalera joan aurretik. Hura izan zen lehen espedizioa. Nire lehen zazpimilakoa izan zen, eta handik urte batzuetara jakin nuen inoiz igo gabea zela. Asko hunkitu ninduen bidaia hark, eta handik itzultzean konturatu nintzen eskalatu egin nahi nuela. Urte batzuetan lan bertikaletan aritu nintzen. Etxera itzultzen nintzenean, lana izaten nuen, eta espedizioetara joateko askatasuna ere banuen. Egun batean, Jose Carlos Tamayoren dei bat jaso nuen: Antartidara eskalatzera joatea proposatu zidan. Al filo de lo imposible programarako gindoazen. Ez nuen asko pentsatu. Urte batzuetan, lana eta espedizioak bateratu nituen. Gero, Rocopoliseko rokodromoan urte batzuk egin nituen, eta, amaitzeko, Basque Team-en sartu ginen. Orduan hasi nintzen Alberto Iñurrategirekin eta Juan Vallejorekin.

Nola ezagutu zenuten elkar?

Vallejo 2000. urtean ezagutu nuen, Everesten [8.848 m]; Juanito Oiartzabalekin zegoen. Iñurrategi, berriz, 1992an ezagutu nuen, Nepalera lehenbizikoz joan nintzenean. Hura ez da oroitzen. Haiek Everest igo zuten oxigenorik gabe. Bi anaiak bi jainko txikiren moduan ikusten genituen. Hala ere, gu hiruron lehen espedizioa 2008an izan zen, Gasherbrum IV-ra egindakoa.

Nondik etorri zen espedizioa batera egiteko aukera?

Al filo de lo imposible-k antolatutako espedizio bat izan zen Gasherbrum IV-koa [7.925 m]. Gutaz gainera, Jose Carlos Tamayo eta Ferran Latorre ere taldean ziren. Bitxia izan zen hura. Orduko zuzendaria Sebastian Alvaro zen, baina aurretik erretiratu zuten, eta programa ere bertan behera gelditu zen. Alvarok berak finantzatu zuen espedizio hura. Hitzeko gizona zela erakutsi zuen orduan ere. Bere kontura dokumental bat egiteko aprobetxatu zuen gerora. Espedizioa bera bikaina izan zen. Ilusio handia egin zidan Gasherbrum IV eskalatzeak. Haren gauzarik onena zera da: ez dela 8.000 metrora iristen.

Ia hamar urteko ibilbidea egin duzue batera. Lehen bi erronkak handiak izan ziren, Makalu mendia hegoaldetik, eta Everest Hornbein bidetik, biak estilo alpinoan. Zer duzu gogoan?

Ezin izan ginen igo ez batera eta ez bestera. Everesten, gainera, eguraldi aldaketa tarteko, ezusteko handia izan genuen. Espero ez genuen leku batean izan zen, gainera. Ez dakit nola saihestu genuen hura.

Zuek beti gogokoagoak izan dituzue zailtasuna eta gauza berriak, altuera baino. Zergatik?

Gure motibaziorik handiena goi-mendian aritzea zen, baina estilo alpinoan. Azkenean, horrek betetzen gaitu. Garrantzitsuena ez da egitea, nola egiten duzun baizik. Esaterako, hor dago orain hamalau zortzimilakoak sei hilabetean eskalatu dituen mendizalea [Nirmal Purja]. Egin duena balentria handia da, baina gaur egin duen moduan egitea lekuz kanpo dago, zalantzarik gabe.

Iñurrategirengandik eta Vallejorengandik zerk harritu zintuen gehien?

Iñurrategi, alpinista bikaina izateaz gain, pertsona bikaina da.Goi mendietan eta lurrean ederki erakutsi du hori. Beti ikusiko duzu zerbaitetan, eta dituen gaitasunek denerako ematen diote. Azken egunean, lehen lerroan jarri eta gailurreraino joaten da bidea irekitzen. Ikaragarri erraz ibiltzen da mendian! Vallejo ere parekoa da. Basurde baten antzekoa da hura ere. Agian, girora moldatzen gehiago sufritzen du Iñurrategik baino, baina oso indartsua da! Indarrez sobran dabil, zezen bat da. Guri ondo etortzen zaigu pisu handiagoa jartzeko [barrez]. Jende askorekin ibili izan naiz espedizioetan, baina ez dut haiek bezalakorik ezagutu. Ez Silvio Mondinelli, ez Carlos Pauner, ezta hamalau zortzimilakoak osatu dituzten asko ere.

Biak alpinista handiak dira. Zu, agian, eskalatzaile hobea?

Bai, baina niri ere gustatzen zait goi mendietan eskalatzea.

Ia bi urte baino gehiago dira ez duzuela espediziorik egin beste alpinistekin batera. Ba al duzue besteren bat egiteko asmorik?

Espedizioak egiteko ezinbestekoa izaten da finantzaketa, eta gaur egun ez dugu horretarako aukerarik ikusten. Hori da arrazoi nagusia. Horrez gain, bai Vallejo eta bai Iñurrategi goi mendietako gidari izateko prestakuntza amaitzen aritu dira, eta horrek ere denbora eskatzen du.

Eta finantzaketa lortuz gero, berriro ere zerbait elkarrekin egiteko asmorik ba al baduzue?

Ez dugu ezer baztertzen, eta hori izugarria litzateke. Oraindik gogoz gaude, eta gorputzak ere laguntzen digu alde horretatik. Argi daukat, gainera, Vallejo oso indartsu jarriko dela berriro ere.

Espainiako Alpinismo Taldearen entrenatzailea zara. Nola hasi zinen?

Aspaldiko kontua da. 2002an, Jordi Corominas zen entrenatzailea, eta esan zidan uzteko asmoa zuela. Orduan, esperientzia eta prestakuntza falta zitzaizkidala ikusten nuen; postua handiegia zen niretzat. Handik urte batzuetara, Simon Eliasek hartu zuen postua, eta kolaborazio asko egiten hasi nintzen. Hark utzi zuenean, Espainiako Federazioko zuzendari tekniko Lluis Ginerrek postua eskaini zidan, eta baiezkoa eman nion. Jada zortzi urte pasatu dira hasi nintzenetik.

Zer irizpiderekin osatzen duzu taldea?

Hiru urteko proiektuak izaten dira. 50 pertsona inguru aurkezten dira, eta, lehenik, bakoitzaren historia aztertzen dugu. Haietatik hamabost aukeratzen ditugu. Hamabostei proba batzuk egiten dizkiegu asteburu batean; erresistentzia neurtzen zaie, horman eta izotzean eskalatzeko eskatzen zaie, eta, amaitzeko, bakoitzari elkarrizketa bat egiten diet, euren konpromisoa ikusteko. Azkenean, sei gizonezkok eta sei emakumezkok osatzen dute taldea.

Zer eskatzen diezu?

Lehenik, motibazioa. Baina sobran dakarte. Taldearen helburu nagusia ondo pasatzea da; baita teknikoki eta segurtasun aldetik ondo prestatzea ere. Egia da asko prestakuntza dutela etortzen direla, aurretik aritutakoak direlako. Hala ere, jarduera asko egiten dugu, ahalik eta esperientzia gehien izan dezaten, etorkizunean bakoitzak egingo dituen espedizioetan ziurtasun eta ahalmen handiagoa izateko.

Espero bezalako eboluzioa izan al dute hasi zirenetik?

Bai, pozik gaude. Taldetik igaro diren askok, Alberto Fernandezek, Roger Cararachek, Martin Eliasek eta Oriol Barok, esate baterako, gauza politak egin dituzte. Aukera izan dutenean, dituzten indarguneak erakutsi dituzte. Alpinismoari ondo etorriko zaio haiek egingo duten ekarpena.

Hiru belaunalditako alpinistekin ibilitakoa zara. Zertan aldatu da urte hauetan alpinismoa?

Gehienbat, informazioa eskuratzeko moduan. Orain askoz ere errazagoa da mendira joatea. Bestalde, egungo alpinista gazteen prestakuntza askoz ere handiagoa da. Denek egiten dute kirol eskalada, eta oso maila handia dute. Gure garaian ez zegoen ez rokodromorik, ezta boulderrik ere, eta ez zen ezinbestekoa ondo eskalatzea. Gaur egun, berriz, bai.

BERRIAn argitaratua (2019/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA